GERRA UKRAINAN

Macronek eskatu du Errusiaren segurtasun bermeak aintzat hartzeko

Frantziako presidentearen arabera, Putinek gerraren amaiera negoziatzea onartzen badu aintzat hartu behar da NATO «bere ateetaraino heltzeko duen beldurra»

Macron eta Putin, joan den otsailaren 7an, Moskun. EFE
Igor Susaeta.
2022ko abenduaren 3a
18:32
Entzun

Errusiak eta AEBek adierazi dute azken egunotan ez dietela muzin egiten elkarrizketei. Eta, horren harira, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak nabarmendu du Mendebaldeak kontuan hartu beharko lituzkeela Moskuren segurtasun bermeak, Vladimir Putin Kremlineko buruzagiak Ukrainako gerraren amaiera negoziatzea onartzen baldin badu.

Aurreko egunetan AEBetan izan da Macron, eta TF1 telebista kateak bira horretan egin dioten elkarrizketa bat eman du, gaur. Horretan nabarmendu du, besteak beste, Europak duela etorkizuneko bere «segurtasun egitura» prestatzeko beharra. «Horrek esan nahi du jorratu beharreko alderdiak direla —Putin presidenteak beti esan izan duen bezala— NATO bere ateetaraino heltzeko beldurra eta Errusia mehatxatu dezaketen armen hedakuntza», azpimarratu du Frantziako presidenteak.

Joan den otsailaren 24an Errusia Ukraina inbaditzen hasi aurretik Putinekin bildu zen Mendebaldeko azken-aurreko liderra izan zen Macron; Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra izan zen azkena, otsailaren 15ean. Kremlineko burua eta Eliseokoa Moskun batzartu ziren otsailaren 7an, eta Putinek, hedabideen aurrean, hiru eskari egin zizkion Mendebaldeari, Ukrainako mugatik gertu zituen tropak erretiratzeko: NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen hedatzea geldiaraztea Europa ekialdean; Mendebaldeko aliantza militarraren ahal handiko erasorako armak Errusiaren mugatik urruntzea; eta aliantzaren egitura 1997ko mugetara erretiratzeko. Izan ere, ordura arte Varsoviako Ituneko estatu bakar bat ere ez zegoen aliantzan; 1999an Hungaria, Polonia eta Txekia bihurtu ziren kide, eta 2004an Estonia, Lituania, Letonia, Eslovakia, Bulgaria eta Errumania.

«Auzi hori bake elkarrizketetan egongo da. Beraz, aztertu behar dugu zertarako prest gauden, nola babesten ditugun geure aliatuak eta estatu kideak, eta nola ematen dizkiogun bermeak Errusiari negoziazio mahaira esertzen den egunean», esplikatu du Macronek.

Ukraina esaten ari da azkeneko hilabeteotan ez dela negoziazio mahaian eseriko Errusiak bere lurraldetik tropak ateratzen ez dituen bitartean. Nolanahi ere, Washingtonek iradoki izan dio elkarrizketarako prest egon beharko lukeela. Testuinguru horretan, Macronek, beste batzuetan bezala, agenda propioa ezartzeko ahalegina egin du, AEBen rola auzitan jarriz, nolabait. Ezin du, ordea, EB Europako Batasunaren izenean hitz egin. Horrekin guztiarekin lotuta, Sanna Marin Finlandiako lehen ministroak ohartarazpen bat egin zuen, atzo, Sydneyn (Australia): «Europa ez da behar bezain indartsua. AEBak gabe arazoak edukiko genituzke».

Mehatxu gehiago

Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroak Telegramen adierazi duenez, Ukrainak hamabi herrialdetan dituen hamazazpi misio diplomatiko mehatxatu dituzte, azken egunotan, gutun piroteknikoak edo kaxa susmagarriak bidalita. Oleg Nikolenko Atzerri Ministerioko bozeramaileak zehaztu du Hungariako, Herbehereetako, Poloniako, Kroaziako, Italiako eta Austriako enbaxadak daudela kaxak jaso dituztenen artean. Kulebak esan du CNN telebista katean egin dioten elkarrizketa batean Errusia dagoela erasoen atzean. Moskuk ukatu egin du Espainiara bidalitako gutun piroteknikoekin zerikusirik duenik, eta Espainiako Poliziak esan du Espainiatik bertatik bidali zituztela.

Gerra frontean, bestalde, Khersongo agintari ukrainarrek eskatu diete Dnieper ibaiaren ekialdean dauden herritarrei mendebaldeko aldera, Ukrainak kontrolpean duenera, joateko. The Kyiv Independent egunkariak gaur kaleratu duenez, Jaroslav Januxevitx jeneralak esan du astelehenera arte laguntzen arituko direla Ukrainako indarrak.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.