Iran

Mobilizazioei eusteko eskatu dute Iranen, Moralaren Polizia desegin dutela zabaldu ostean

Datozen hiru egunetan manifestazioak eta grebak egitera deitu du oposizioak. Gobernuak, ordea, ukatu egin du Polizia taldea sakabanatu izana.

Emakume bat burua estalita, atzo, Teherango kaleetan. STRINGER / EFE
Edu Lartzanguren - Maddi Iztueta Olano
2022ko abenduaren 5a
08:17
Entzun

Moralaren Polizia dago azken hilabeteotan Iran astindu duen zurrunbiloaren erdigunean. Erakunde horrek atxilotu eta hil zuen Mahsa Amini 22 urteko gazte kurdua irailaren amaieran, beloa «gaizki jarrita» eramateagatik. Teherango komisaria batean eduki zuten, eta hiru egunez koman egon ostean hil zen erietxean. Larunbat arratsaldean adierazpen nahasiak egin zituen Irango fiskal nagusi Mohamad Iafar Montazerik. Esan zuenez, Moralaren Polizia «bertan behera geratu da». Baina, ordu gutxiren buruan, Irango Gobernuak ukatu egin zuen polizia taldea desegin izana.

Herritarrek errepublika islamikoak agindutako kodeak betetzen dituzten gainbegiratzen du erakundeak. Zenbait emakumek eta gizonek osatzen dute taldea. Batez ere, emakumeek janzkera kodea betetzen duten kontrolatzen dute, eta, horrela ez bada, berriz hezteko zentroetara eramaten dituzte. Polizia furgoneta zuriak erabiltzen dituzte kaleak patruilatzeko, baina, zenbait iturriren arabera, ez da horrelakorik ikusi kaleetan protestak zabaldu zirenetik.

Horrek Moralaren Polizia desegin zuten zurrumurrua zabaldu zuen. Horren inguruan galdetu zioten larunbatean fiskalari, ekitaldi erlijioso batean, eta hark erantzun: «Moralaren Poliziak ez du loturarik botere judizialarekin, eta iraganean sortu zuen eragile berak desegin du». Hala ere, adierazi zuen botere judiziala ez dela Moralaren Polizia «epe mugagabean ixtearen aldekoa». Zurrumurruak zurrumurru, Irango Gobernuak ukatu egin du taldea desegin izana. Hain justu, Irango Barne Ministerioak eta Iraultzaren Kultura Kontseilu Gorenak sortu zuten, 2005ean.

Aitzitik, Montazerik iragan astean esan zuen Irango Parlamentua eta Botere Judiziala hijab-aren auzia aztertzen ari direla dagoeneko. Iradoki zuenez, baliteke emakumeen janzkera arautzen duten legeak arintzea. Pare bat asteren buruan iragarriko dute erabakia.

Errepublika islamikoaren amaiera eskatzen dute

Herrialdeko agintean zer edo zer mugitzen ari dela iritzita, presioari eusteko eskatu dute oposizioko taldeek. Twitterreko kontuen bitartez, datozen egunetako deialdiekin bat egiteko eskatu dute zenbait manifestarik: gaurtik hasita, hiru eguneko greba deialdiarekin bat egiteko, bihar hiriburuko auzoetan egingo dituzten manifestazioetara joateko, eta, asteazkenean, erdiguneko Azadi plazan (Teheran) biltzeko. «Batasuna garaipenaren eragileetako bat da», adierazi dute sare sozialetan.

Emakumea, bizitza, askatasuna da manifestarien lema. Aminiren heriotzagatik hasi ziren protestak irailaren 16an. Bi hilabete eta erdiren ondoren, manifestariek errepublika islamikoa eraisteko eskatzen dute. Ruhola Jomeini aiatolak sortu zuen errepublika 1979an, zeinak esan zuen emakumeak «biluzik» daudela belorik ez badute. 1983tik da nahitaezko Iranen emakumeek beloa jantzita izatea.

Ia hiru hilabeteko protestetan laurehun bat pertsona hil dira, gobernuz kanpoko hainbat erakunderen arabera, eta beste 2.000 inguru daude auzipetuta, protestetan parte hartzeagatik. Horietako sei hiltzera kondenatu dituzte.

Bada, Irango Botere Judizialeko buru Gholamhosein Mohseni Ejek gaur iragarri du «laster» exekutatuko dituztela hiltzera kondenatutako horietako batzuk. Islamaren eta segurtasun publikoaren aurkako bi delitu egitea leporatzen diete auzipetuei; «Jainkoaren aurkako gerra» eta «lurreko ustelkeria».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.