Sortzaileekin aurrez aurrekoak, Ahotsenean

Delirium Tremens taldeak 'Hordago' lana aurkeztuko du Plateruenan, gaur, eta zortzi libururen berri emango dute idazleek edo itzultzaileek Musika Eskolan.

Delirium Tremens taldeak 'Hordago' lana aurkeztuko du Plateruenan, 21:30ean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2022ko abenduaren 5a
11:43
Entzun

Durangoko Azokak gune bat erreserbatuta dauka sortzaileentzat: Ahotsenea. Horretan, euren lanak aurkezteko aukera dute artistek.

Solasaldiak, errezitalak eta performanceak, egiten dituzte, gehienez 30 minutukoak, aurten kaleratutako euskarazko lanekin. Lan horiek salgai egoten dira azokan.

Literatura ingurukoak Bartolome Ertzilla musika eskolan egiten dira, eta, musika saioak, Plateruenan. Edonola ere, Ahotseneako saioak zuzenean ikus ahalko dira, Internet bidez, BERRIAko webgunean:

Gaur goizean ez dute aurkezpenik egingo, ikasleen goizeko tailerrak egingo dituztelako. Baina arratsalderako, honakoak aurreikusi dituzte:

Olaia Inziarte musikariak Lehengo Lepotikan Burua lana aurkeztuko du 14:30etik aurrera, Ahotsenean. Maraca Diablo taldeak egingo dio txanda 15:40an. Eta Zakill taldeak, 16:50ean, Pozoina lanarekin.

Ondoren, 18:00etan, Sua taldeak Gorde genituen beldurrak lana plazaratuko du.

19:10ean, Bizi zioa aurkeztuko du Bolborak.

Eta azken emanaldia, 21:30ean egingo dute: Delirium Tremens taldeak Hordago lana aurkeztuko du.

Literatura

Liburuen alorrean, berriz, Molly Smithen eta Juno Macen Puta zikinak lana aurkeztuko du Katakrak argitaletxeak, 16:00etan, Bartolome Ertzilla musika eskolan, esan bezala. Amaia Astobizak itzuli du.

Ondoren, 16:30ean, 72 ordu eleberriaz mintzatuko da Kepa Iribar egilea.

17:00etan, Assata Shakurren Autobiografia bat aurkeztuko du Danele Sarriugarte itzultzaileak.

Itziar Diez de Ultzurrun itzultzaileak, berriz, Kae Tempesten Antzinako berri berriak lanaz arituko da, 17:30ean.

Amaia Telleria idazleak Zuhara. Clionaren kanpaiak lanaren nondik-norakoak azalduko ditu, 18:00etan.

Ordu erdi geroago, Heriotzari aurrez aurre begira liburua aurkeztuko du Oskar Gazteluk.

Eta Irene Aldasoro itzultzaileak Elisa Leviren Nik ez dakit beste gauza batzuen berri lanaren berri emango du, 19:00etan.

Musika eta literatura biltzen dituen ekitaldi batekin amaituko da eguna: Kepa Junkeraren inguruko Berpiztu lana aurkeztuko dute, 19:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.