Albistea entzun

Musika

Kepa Junkerak bere obra osoa berrikusten duen arte liburua kaleratu du

Musikariaren diskografia osoa errepasatzen du Berpiztu lanak, eta, gainera, 40 artistak propio sortutako obra bana eta Junkerak sortutako kanta guztien partiturak ere badakartza. Musikariak berak parte hartu du argitalpenaren aurkezpenean.

Kepa Junkera, erdian, gaur Bilboko Arte Ederren museoan egindako liburuaren aurkezpenean
Kepa Junkera, erdian, gaur Bilboko Arte Ederren museoan egindako liburuaren aurkezpenean Aritz Loiola/ Foku Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko abenduak 5 15:10

«Liburukote zoroa». Kepa Junkerak berak definitu du bere diskografia osoari errepasoa ematen dion 260 orritik gorako arte liburu elebiduna. Justu gaur bete dira lau urte, Ganten (Belgika) kontzertua emateko bidean zihoala, iktus bat izan zuenetik, eta, geroztik, tantaka konta daitezke musikariak egindako agerpen publikoak. Fermin Aio zinemagileak Donostiako Zinemaldian estreinatutako Berpiztu filmaren aurkezpenean egon zen duela hilabete batzuk, eta Bilboko Arte Ederren Museoan egon da orain, pelikularen izen bereko liburua aurkezten. Horregatik, lagunek, senideek, ordezkari politikoek eta kide izan dituen sortzaileek lagunduta, aurkezpenaren eta ospakizunaren arteko zerbait izan da liburuaren aurkezpena.

Gurpil aulkian sartu da musikaria museora, maskara jantzita lehenik eta irribarrez ondoren. Txaloka jaso dute, eta besarkadak, laztanak, bostekoak eta esker keinuak jaso ditu gero. Bromak egin dizkie lagunei argazkiak ateratzeko orduan —ia kendu dio sonbreirua bati—, eta Alberto Palomera margolariak irakurri du gero Junkerak berak aurkezpenerako prestatutako testua. Dena esker oneko mezu, eta dena lagun arteko ironia. Eta hor joan da lanaren definizioa ere: «Eskerrik asko denei liburukote zoro honetan parte hartzeko eskuzabaltasun infinituagatik».

Diskoz disko, anekdotaz anekdota

Sortzailearen ibilbide osoa biltzen du liburuak, diskoz disko. Joseba Martin kazetariak idatzi ditu lan bakoitzari buruzko testuak, eta 40 artistak espresuki libururako sortutako lan grafiko bana ere biltzen du argitalpenak. Tartean dira Sonia Rueda, Eramun Mendibelanda, Mari Puri Herrero, Miren Asiain, Mikel Urmeneta, Yolanda Mosquera eta Gaizka Peñafiel. Horrez gainera, Junkerak sortutako 400 abesti ingururen partiturak ikusteko aukera ematen duen QR kode bat ere badakar lanak.

Martinek gogoratu duenez, hasieran, «30 edo 40 orriko liburuxka bat» izango zelakoan hasi zen diskoei buruzko testuak idazten, baina hazten eta hazten ikusi du proiektua. «Azkenean bi kiloko artefaktua atera zaigu!». Azaldu duenez, disko bakoitzean Junkerarekin batera aritutako musikari eta artistak elkarrizketatuz osatu du testuetako bakoitza, eta, guztira, 40 pertsona ingururen ahotsak bildu dituela zehaztu du. «Anekdota pila bat atera dira», esan du. «Eta, batez ere, artistaren alde gizatiarra ere agertzen da. Estudioan gertatzen diren momentu dirdiratsu horiek ere deskribatzen dira, zeintzuetan kontua badoan norabide batean, baina, bat-batean, Kepak berbideratu egiten du eskura duen edozerekin, eta aldatu egiten da dena, eta, hasieran, denak zur eta lur geratzen dira, eta gero, amaitutakoan eta entzuterakoan, emaitzarekin zeharo txundituta».

Estudioko energia oldarra

Xabier Amuriza bertsolari eta idazleak gertutik ezagutzen du Junkeraren obra, eta baita Junkera bera ere. Gogoratu duenez, diskoak grabatzen hasi aurretik jaso ohi zuten haren bisita etxean, eta maiz idatzi dizkio letrak. Lehen diskoan hasi zuten elkarlana, eta Amurizarenak dira, Maren zein Izaro kanten letrak ere, esate baterako. Idazleak oroitu duenez, ordea, 2010ean izan zuen Junkerak hasi eta buka disko oso bat nola sortzen zuen ikusteko aukera, eta orduan bizitakoak hartu ditu oinarri Berpiztu libururako hitzaurrea idazteko. «Gazte-gazte ezagutu nuen. Ausart. Hots, bere ahalmen tekniko neurrigabeen eta bere inspirazio abiotsuaren jakile. Sen apurtzailea. Argi esanda, garaile bat. Artista horietakoa, zeinen azkenik ezin baita inoiz suposatu, beti berpizten baitira».

Eta energia olde baten pare deskribatzen du Amurizak Junkera estudioan lanean. Ideiak lehertzen. Moldatzen. Bihurritzen. Hasierako ideia, pixkanaka atzean uzten joan arte. «Aizu, Kepa! Ez al duzu uste honek ez duela hasierako planaren antzik». Eta Junkeraren erantzuna dakar Amurizaren testuak gero. «Baina baietz duela nire antza!».

Durangoko Azokan egongo da salgai lana, 30 euroan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maria Elorzaren eta Iñigo Salaberriaren 'Al borde del agua' filmeko irudi bat. ©Ikuspuntu jaialdia

Hamalau herrialdetako hemezortzi film, Ikuspuntu jaialdiko Sail Ofizialean

Andoni Imaz

Hamar film luzerekin eta zortzi laburrekin osatu dituzte lehiaketako hamar programak. Sei lan lehenengoz erakutsiko dituzte jendaurrean.

Annie Ernaux idazlea, 2022an, Nobel saria jasotzen. ©Christine Olsson/EFE

Gema Lopez Las Herasek irabazi du Zaitegi saria

Berria

Annie Ernaux idazlearen 'La femme gelée' itzuliko du euskarara

Noaingo Faktoria zentro koreografikoko ikasleak. Beltzez, Laura Armendariz irakaslea. ©Iñigo Uriz / FOKU

Dantzaren nazioarteko mapan

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

Noaingo Faktorian lanean ari da, irailetik, zentro koreografiko horretako ikasleen bosgarren belaunaldia. Marta Coronadok, Laida Aldazek eta Carmen Larrazek jarri zuten proiektua martxan, 2019an, herrialdeko dantza garaikideari astindu bat emateko. Pedagogia eta sorkuntza dituzte ikur.

Sormene jaialdiko mahai inguruetako bat, iaz. ©SORMENE

Apirilaren 27tik 30era itzuliko da Udaberriko Sormene

Olatz Enzunza Mallona

Euskal kulturaren transmisioan eragiteko asmoz, euskarazko hamaika kultur emanaldi eskainiko ditu aurten ere Sormene jaialdiak, Galdakaon (Bizkaia).

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...