Eguberriak

«Zarpail edo dotore, gizon edo emakume, sor ditzagun gure Olentzero propioak»

Dantzan.eus atariak dei egin du etxean, eskolan, lantokian edo ikasgelan bakoitzak bere Olentzero egitera.

2020ko deialdian parte hartu zuen Oletzero bat. ANDRAKATUE
jon ordonez garmendia
2022ko abenduaren 5a
13:13
Entzun

Asko hitz egiten da Olentzeroren jatorriaz, baina gutxi, ordea, Olentzeroren panpina egiteko tradizioaz. Eskuz egindako irudiak ere ikusten dira abenduaren 24an kalean, baina etxeetan ohikoagoak izaten dira erositakoak. Horretaz oharturik, Dantzan.eus atariak Olentzero panpinak egiteko gonbita egin du aurten: «Gabon hauetarako, egin zuen Olentzero, eta bidali argazkiak [email protected] emailera, eta argitaratu sarean (Twitterren, Instagramen...) #OlentzeroDantzan2022 traolarekin. Gainera, bideoak grabatzen badituzue Olentzerorekin zaudetela kantuan, oraindik eta hobe!».

Olentzero Dantzan ekinaldiaren hirugarren aldia izango da aurtengoa, 2020koaren eta 2021ekoaren ondoren. «Tradizioan era guztietako Olentzeroak ezagutu dira. Leitzan, esaterako, aspalditik Olentzero panpinak egin izan dira etxeetako eta baserrietako atarietan eta leihoetan jartzeko. Olentzero ehiztari, arrantzale, dantzari, txistulari, jostun, artzain, sorgin, ikazkin... Batzuetan zarpail, beste batzuetan dotore, gizon edo emakume, edo genero marka argirik gabe!», dio deialdian Dantzan.eus-ek.

Aurten, abenduaren 20an amaituko da parte hartzeko epea. Aurreko urteetan bezala, parte hartu dutenen zerrenda abenduaren 23an eskegiko dute webgunean. «Sor ditzagun gure Olentzero propioak. Katean ekoizten diren Olentzero panpina klonikoen ordez, egin dezagun gure etxeko, eskolako, lantokiko edo ikasgelako Olentzero. Bakoitzak bere Olentzero, forma eta itxura bereizgarriekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.