Durangoko Azoka. Nerea Mujika

«Euskal kulturaren plazari bizitza emateko momentua heldu da»

jarraia221687.jpg
Maria Ortega Zubiate
2022ko abenduaren 7a
09:53
Entzun

Bi urtez, Durangoko Azokaren formatua birpentsatu beharrean izan dira Gerediaga elkarteko kideak, baina aurten berriz bueltatuko da ohiko formatua, presentziala; jendez lepo izango dira Landako guneko kale eta erakusmahaiak. Besoak zabalik hartu du aldaketa elkarteko lehendakari Nerea Mujikak (Durango, Bizkaia, 1960), eta topagunearen irudia nabarmendu du; horixe baita, haren ustez, azokaren «ohiko giroa».

Aurten, erabat presentziala izango da azoka, ohi duen moduan. Nola sentitzen zarete?

Egia esan, oso baikor gaude. Azken urte biak oso zailak izan dira guztiontzat: sortzaile, argitaletxe, diskoetxe, kulturazale... Baina aurten, zorionez, ohiko formatura bueltatuko gara, eta, bost egunez, Durango kulturaren plaza bihurtuko da berriro ere.

Aurtengo leloa EztanDA! da. Azken bi urteen ondoren, hori irudikatu nahi izan duzue?

Jakina. Aldi honetan euskal kultura bor-bor izango dugula irudikatu nahi izan dugu. Azken urte bietan, testuinguru konplikatua izan arren, aurrera egitea lortu dugu azokarekin, denon taupadari esker. Orain, euskal kulturaren plazari bizitza emateko momentua heldu da, bere gune eta espazio guztietan: aspaldiko lagunekin elkartu, sortzaile berrien lanak ezagutu, Durangoko kaleetako giroaz gozatu... Hori guztia da aurtengo leloarekin iradoki nahi izan duguna.

Zer-nolako parte hartze datuak dituzue aurten?

Ohiko datuak berreskuratu ditugu. Landako barruan 248 erakusmahai izango ditugu: argitaletxeak, diskoetxeak, erakundeak, autoekoizleak, hedabideak, herri mugimendua... Egitaraua ere jardueraz lepo izango dugu azokako gune guztietan: berrehun kultur ekitaldi baino gehiago.

Zer helburu du aurtengo azokak?

Gure helburu nagusia da plaza, topagunea berreskuratzea: azokako ohiko giroa berriro ere bizitzea. Baina bereziki Ikasle Goiza aipatu nahiko nuke, euskal kulturaren transmisioan duen garrantziagatik. Ezinbestekoa da txikitatik lotura egitea azokarekin eta euskal kulturarekin, eta, horregatik, garrantzi berezia ematen diogu egun honi. Horrez gain, espero dugu azoka oparoa izatea, kuantitatiboki eta kualitatiboki; kulturazale ugari etortzea eta azokan parte hartzen duten eragile guztiak gustura geratzea: salmentak ondo joatea, hausnarketa mamitsuak sortzea, giro bikaina egotea... Gu, behintzat, hori lortzeko lanean ari gara.

Presentzialtasuna berreskuratuko duzue, baina online denda ere izango duzue berriro. Zergatik?

Bai. Orain dela urte bi, online denda sortu genuen, euskal kulturaren taupada bizirik mantentzeko. Iaz ere denda digitala antolatu genuen, azokara etorri ezin zirenek bertan ekarpena egiteko aukera izan zezaten. Aurten ere mantentzea erabaki dugu, eta ikusiko dugu zer-nolakoa den benetan online dendaren erantzuna ohiko azoka batean. Kulturazale eta sortzaileei ahalik eta baliabide gehien eskaintzen saiatu gara; horregatik, aurten uztartu egin nahi izan ditugu azoka presentziala eta digitala. Etorkizunean ikusiko dugu azkenean azokak zer-nolako garapena duen. Baina argi diogu: guretzat, aurrez aurrekoak du lehentasun osoa.

Zu non, han DA! egitasmoa ere mantentzea erabaki duzue; zer dela eta?

Bai, hori da osasun krisiak utzi digun beste irakaspen bat. Pandemiaren testuinguruan, kulturazaleengana gerturatu behar izan genuen, eurak ezin zirelako Durangora etorri. Liburu dendekin elkarlanean ibili gara, eta oso modu positiboan baloratzen dugu orain artekoa. Horregatik, aurten ere errepikatzea erabaki dugu, eta azokan eskuragarri dauden hainbat liburu Euskal Herriko ehundik gora liburu dendatan erosteko aukera egongo da. Gainera, lehenengo aldiz, 45 liburu aurkezpen baino gehiago antolatuko ditugu abenduaren 12tik aurrera, sortzaileen eskutik.

Euskal kulturgileen eta kulturazaleen aterpe nahi du izan azokak. Esango zenuke lortzen duela erreferentzialtasun hori?

Gu saiatzen gara euskal kulturari ikusgaitasuna ematen eta merezi duen plaza eskaintzen. Badakigu sortzaile askok euren lanak kaleratzen dituztela azokari begira, Durango aukera ezin hobea baita kulturazaleak eta sortzaileak plazan batu ahal izateko. Norabide horretan, gu ere saiatzen ari gara bide berriak sortzen; eta DA! Pro da horren adibidea, azokak sortu duen topagune profesionala. Aurten, abenduaren 5ean jarri genuen hitzordua, eta gure helburua da bertatik proiektu berriak sortzeko aukera ematea sortzaileen zein profesionalen artean.

Adin nagusitasuna bete duzu aurten Gerediagaren lehendakaritzan, 2004an hartu baitzenuen kargua. Zer-nolako bilakaera ikusi duzu urte hauetan azokan?

Hala da, bai. Lehen esan dut azokak aurten «betiko» formatua berreskuratuko duela, baina, egia esateko, azokak azken urteetan bilakaera handia izan du. Euskal liburu eta disko azoka izatetik, euskal kulturaren plaza izatera igaro da. Hor sortu ziren gune ezberdinak, adibidez, diziplina ezberdinak lantzeko. Esango nuke azokak jakin duela testuinguru eta egoera berrietara egokitzen, bere nortasuna galdu barik. Globalizazioa, iraultza digitala, osasun krisia, kontsumo ohitura berriak... Gizartea une oro aldatzen da, eta beharrezkoa da azoka ere, bere 57 urteko ibilbidearekin, egoera berri horietara egokitzea. Horren adibidea ere bada Sormen Beka: sortzaile gazteak laguntzea izan da gure helburua, euskaraz sortzen jarrai dezaten.

Etorkizunera begira, nola gustatuko litzaizuke aldatzea azoka?

Azokak jakin behar du testuinguru berrietara egokitzen, eta hor ezinbestekoa da gazte belaunaldiak entzutea, adi egotea eta haientzat ere erakargarria den azoka bat antolatzea. Ildo horretan, aurten, adibidez, Gazte EztanDA! antolatuko dugu hilaren 9rako, gazteak gurera erakartzeko eta kulturaren plazaren parte aktibo bihurtzeko. Nik uste dut hurrengo urteetan bide honetatik jarraituko dugula, joera berrietan arreta jarriz.

Geratzen zaizue erronkarik betetzeko?

Aldi bakoitza antolatzea erronka hutsa da! Aprobetxatu nahiko nuke Gerediaga elkarteko, Durangoko Azokako eta guneetako kideen lana aitortzeko eta eskertzeko; lantalde bikaina dugu jo eta su lanean, eta haien konpromisoari esker egiten dugu posible azoka antolatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.