Durangoko Azoka. Sortzaileak

Bisaia eta proiektu berriak

Sona handiko egileak izango dira Landako gunean, baina baita bidea urratzen hasi diren sortzaileak ere.

Olaia Inziarte.
Jone Bastida Alzuru.
2022ko abenduaren 7a
10:20
Entzun

Durangoko Azokak ohiko itxura berreskuratu du: 248 erakusmahai izango dira, 930 nobedade, 689 liburu, 141 musika produktu, 46 aldizkari eta bestelako 54 lan. Pieza horien egileen artean, sona handiko sortzaileak daude, eta uzta oparoa dutenak. Baina baita bidea urratzen hasi direnak ere: Durangoko Azokan lehen aldiz izango direnak, haien lehen lanak aurkeztuko dituztenak, esperientzia berri bat biziko dutenak...

Esaterako, Olaia Inziartek bere lehen diskoa kaleratu du; Andoni Agirrezabalak bere lehen liburua; Iñaki Cidek, Donostia Hiriko Kutxa saria irabazita, Behin batean Loiolan antzezlana argitaratu du; eta Leire Milikuak, berriz, Lur gainean, itzal azpian saiakera.

Olaia Inziarte (musikaria)
«Lan hau eginez, autoestimu musikala irabazi dut»

Egin du bidea musikari gisa Olaia Inziartek, baina beste pauso bat eman du orain. Lehen diskoa atera du: Lehengo lepotikan burua.Erakusmahaia izango du Durangoko Azokan, eta Ahotsenean ere arituko da. «Arras eroso eta libre sentitu naiz lan hau egiten, eta autoestimu musikala irabazi dut». Jendea ezagutzeko eta beste sortzaileekin batera egoteko gogoz dago, eta bere musika ikusleria zabalago bati erakusteko ausardia lortzea du xede; entzuleekin egon, eta feedbacka aurrez aurre jaso nahi du.

Argi du zer gustatzen zaion gehien azokan: «Gremio ezberdinetan ibiltzen diren artistekin ez dugu kointziditzen, eta beste espazio eta denbora tarte bat bezalakoa da Durango. Niretzat, hori du ederrena». Aitortu du, baina, ikara eta bertigo puntu bat tarteko, ez duela gogo handirik azokarako. «Gero, badakit ez dela hainbertzerako izanen, eta disfrutatuko dudala».

Andoni Agirrezabala. Gorka Rubio / Foku

Andoni Agirrezabala (idazlea)
«Garrantzitsua da euskal gizartea halako ekitaldi kultural batean juntatzea»

Andoni Agirrezabalak bere lehen eleberria aurkeztuko du Durangoko Azokan: Etxe Berdea. Lana idatzi berria du, gainera. Gertakizun tragiko bat da istorioaren ardatza, eta herriko aguazilaren ikerketa lana liburuaren oinarria. Irakurleari jarrera aktiboa izateko proposamena egiten dio idazleak: Zer gertatu zen herriko Etxe Berdean? Horra galdera, eta jazotakoa deskubritzea eta kasua argitzea irakurleak egin beharreko ariketa. Ereinek argitaratu du liburua; nobela beltza da.

Aurrenekoz egongo da Agirrezabala azokan, eta, aitortu duenez, esperientzia «berezia» izango da: «Iruditzen zait garrantzitsua dela euskal gizartea halako ekitaldi kultural baten bueltan elkartzea; eta horren parte izateak ilusioa pizten dit». Egitarau zabala atondu dutela iritzi dio, «erakargarria». Batetik, gogotsu dago; bestetik, urduri samar, baina, ezeren gainetik, «ilusioz». Larunbatean aurkeztuko du liburua, Uxue Razkin editorearekin.

Leire Milikua. Maialen Andres / Foku

Leire Milikua (idazlea)
«Azoka beti da sorpresa espazio bat, eta liburu batekin joanda, gehiago»

Durangoko Azoka «erakusleiho» bat dela uste du Leire Milikuak, eta «ilusioz» aurkeztuko du Lur gainean, itzal azpian saiakera. Lisipe bildumaren barnean kaleratu du, Susa argitaletxearekin. Emakumeek landa eremuan jasaten duten indarkeria salatzea da lanaren helburua, eta zenbait emakumeri eman die ahotsa. «Liburua leiho bat da landa eremuari beste begi batzuekin begiratzeko».

«Gogotsu» dago Milikua: «Azoka beti da sorpresa espazio bat, eta aurten liburu batekin joanda, are gehiago». Azaldu duenez, urtero aztertzen du azokako egitaraua, eta agenda «ahal bezainbat» bete. «Egundoko aukera da hain eskuragarri ez dauden sormen lanak ezagutzeko». Azoka topaleku handi bat dela uste du, eta «pozik» dago liburua aurkezteko tartea izango duelako —2016an UEUk argitaratutako haren lan bat ere egon zen azokan: Landa-eremua EAEn: egungo argazkia, etorkizuneko aukerak—.

Iñaki Cid. Gorka Rubio / Foku

Iñaki Cid (idazlea)
«Agendan nire izena ikusteak ilusioa egiten dit»

«Drama batean oinarritutako komedia bat da». Hala definitu du Iñaki Cidek bere lana, Behin batean Loiolan obra. Antzerki alorreko Donostia Hiriko Kutxa Literatura saria irabazi berri du, eta Durangoko Azokan egongo da egunotan. Etxean entzundako istorio bati tira eginez ondu du lana, eta adierazi «ironiaz» begiratzen diela lehengo eta gaur egungo pasarte askori. «Badu kritika puntu bat ere, sexu heziketaren faltari buruzkoa, baina hori ere umorez jasota dago».

Ilusio «handia» egiten dio Cidi Durangoko Azokan izateak: «Egundoko erakusleihoa da. Askotan egon naiz azokan, eta agendan nire izena ikusteak ilusioa egiten dit». Antzerkizaleak ezagutzeko eta irakurleekin egoteko gune bat dela azpimarratu du, eta eskertu du halako tarteak izatea. Asteazkenean aurkeztuko du liburua, eta horretarako prestatzen ari da: «Sintesi lan bat egin behar dut, denbora gutxian ideiak argi eta garbi kontatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.