Durangoko Azoka

Jon Ander Urresti aktorearen 'Eucalyptus' proiektuak irabazi du sormen beka

Eukaliptotik abiatuta, «lurren eta bizitzen kudeaketari» buruzko lan bat sortuko du Urrestik, antzerkia eta dantza uztartuz. Beka 15.000 eurokoa da, eta datorren urteko azokan aurkeztu beharko du emaitza.

Jon Ander Urresti —sariaren txartelari eusten—, gaurko ekitaldian, epaimahaikideekin eta babesleekin batera. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Andoni Imaz.
2022ko abenduaren 8a
12:08
Entzun

Naturaren paisaiak balio du paisaia humanoaz aritzeko, Jon Ander Urresti aktorearen ustez (Bermeo, Bizkaia, 1992). Eukaliptoa paisaiaren parte nabarmen bihurtu da azken urteetan, eta horrek pentsarazi dio sortu dezakeela gizarte gaiei eta harremanei buruzko lan bat, zuhaitz horretatik abiatuta. Hori da Eucalyptus proiektua, eta hari eman diote Durangoko Azokako bosgarren sormen beka, gaur goizean, Durangoko San Agustin kulturgunean (Bizkaia) egindako ekitaldi batean.

Aktoreak 15.000 euroko diru laguntza jasoko du, Durangoko Udalak babestutakoa, eta urtebeteko epea izango du proiektua gauzatzeko: Durangoko 58. Azokan erakutsiko du. Bihar aurkeztuko dute iazko lan irabazlea: Ibai Aizpurua diseinatzaile eta programatzailearen Barraka abentura bideojokoa.

Ekitaldian parte hartu dute Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak, Neskutz Rodriguez zinegotziak, Urrestik berak eta epaimahaiko kide batzuek. Hauek izan dira epaimahaikideak: Oier Guillan aktorea, Leire Vargas idazlea, Jon Maia dantzaria, Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko zuzendaria eta Aurelie Pousset Hendaiako kultur programatzailea (Lapurdi).

Oraindik «promesa» bat baino ez den arren, Urrestik argi ditu bere asmoak: «Eukaliptoa aitzakia hartuta, gure lurren eta bizitzen kudeaketari buruzko zalantzen inguruan hausnartu nahi dut». Eukalipto hitzak «ondo estalia» esan nahi omen du grekoz. «Eta ondo estali ditu basoak, bai, batez ere Bizkaian, baina Gipuzkoan eta Araban ere bai. Eta estali ditu, batez ere, gatazkez. Askoren ahotan dabil eukaliptoa, baina gutxitan edukitzen dugu plazan iritzi bat sortzeko aukera».

Zuhaitzaren ezaugarriek egiten dute gogoetarako apropos, aktorearen esanetan. «Kanpotik ekarritako espezie bat da, immigrante bat, bere gaitasunak esplotatzeko ekarria. Arin hazten da, egur arina ematen du, papera sortzen du... Eta Durangoko Azoka liburuen azoka bat izanik, horrek badu bere zera». Euskal Herriko ekosistemara ondo egokitu denez, paradoxa bat ere sortu da, haren ustez: «Esplotatzeko ekarri dugu, eta berak esplotatu ditu gure lurrak».
Bestalde, uste du gai horretan ere islatzen direla gizarte gaiei buruzko diskurtso batzuk: «Kanpotik langileak ekarri, eta, gainera, diskurtso bat garatu esanez gure miseriak euren kulpa direla». Eukaliptoa horiei buruz hausnartzeko metafora bat izango da. Esaterako, eukaliptoaren monolaborantza lehenetsi izana totalitarismoaren ideiarekin lotu du: «Ideia baten errepikapenak arazoak izan ditzake. Faxismoak, adibidez, boto asko lortzen ditu ideia sinpleak behin eta berriz errepikatuz».

Urrestik azaldu du bere ibilbidean landu izan dituen gauzak erreskatatuko dituela lan berri hori sortzeko, eta antzerkiaren eta dantzaren arteko «poetika bat» bilatuko duela. «Gustatzen zait antzerkiaren konkrezioa, publikoa erlaxatzeko ere balio duelako, eta dantzaren abstrakzioa, lekua uzteko jendearen diskurtsoa garatu ahal izateko». Lana sortzeko prozesua ikerketa baten gisa irudikatzen du oraindik, esploratzeko espazio baten antzera, gorputzetik eta asmo horietatik abiatuta.

Segurtasunetik aparte

«Ezustea, ezinegona eta harridura». Vargasek eta Maiak hitz horiek erabili dituzte, epaimahaiaren izenean, proiektuak eragin dien zirrara adierazteko. «Hain zuzen ere, planteamenduak gugan sortu duen mugimendu hori publikoarengan ere sor lezakeelakoan gaude». Esan dute lanaren alderdi batzuek «arrastoa» utzi dietela: «Eukaliptoari emandako balio metaforiko aberatsak, eta bertatik abiatuta gaurkotasunari lotutako hainbat gai jorratzeko testuinguru berezia sortzeko gaitasunak».

Era berean, Urrestik berak egin bezala, nabarmendu dute antzezleak ez duela aurkeztu «ideia itxi bat», eta baloratzeko modukoa iruditu zaie hori: «Garai nahasi hauetan, prozesu bat garatzeko proposamenean jartzea arreta, eta ez emaitza seguruetan».

Aitortu dute «ardura» sentitu dutela proiektu bakar bat laguntzea erabaki behar zutelako aurkeztutako guztien artean, baina «poza eta asetasuna» ere eman die irabazlearen berri emateak. «Gogo, ahots eta proiekzioetan ikusi dugu euskarazko sorkuntzak egun dituen bideak askotarikoak bezain interesgarriak direla, eta proiektuen artean hainbatek zeuzkatela laguntzak jasotzeko arrazoiak», esan du Vargasek.

Urresti Dantzerti Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolan graduatua da, eta hainbat antzerki taldetan ibili da aktore. Tribiz, baserri galdue gradu amaierako lana antzezlan bihurtu zuen, eta han bildu zituen haren familiaren baserri eroriaren inguruko kontakizunak. Horman Poster kolektiboko kidea da; Antigone edo ezetzaren beharra antzezlanarekin Donostia saria irabazi dute aurten. Egun, Artedrama eta Axut konpainiek ekoitzitako Hondamendia antzezlanean buru-belarri dabil.

Mujika ere pozik aritu da, urtero sortzaileei «plaza eta ahotsa» eskaintzeaz harro. Eta eskertu du Durangoko Udalak urtero eutsi diola bekaren apustuari. Kulturaren garrantzia azpimarratu du Rodriguezek ere: «Ez dira garai errazak izan kulturgintzarako, eta sortzaileek erakundeon babesa behar dute aurrera egiteko. Aurten azoka normalera itzuli gara, baina horrek ez ditu erraztu sortzaileen baldintzak, eta bekak benetako laguntza dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.