Pintaketak egin dituzte Arrasateko alkatearen etxeko atarian

EAJk salatu du asteazken gauean esprai batez egin zituztela pintaketak, «jarduera publikoaren eremuaren muga eremu pribatu eta familiarrera igarota». 'Mozal legearen' aurkakoa zen margoketa.

Ubarretxenaren atarian egindako pintaketa. EAJ
xabier martin
2022ko abenduaren 8a
15:31
Entzun

«Mozalik ez, adierazpen askatasuna» idatziak atari osoa hartu zuen asteazken gauean EAJko Arrasateko alkate Maria Ubarretxenaren etxeko atarian, Gipuzko Buru Batzarrak salatu duenez. «Gertakari horiek norberaren eta familiaren askatasunaren aurkako eraso larria dira», salatu du EAJk. Uste du esprai berdez egindako pintaketak «alkatea hertsatzeko, beldurtzeko eta jazartzeko helburu bakarraz» egin dutela ezezagun batzuek. Herriko Udaltzaingoan eta Ertzaintzan salaketa bana jarri dute, derrigortzeagatik eta kalteak eragiteagatik.

Alderdi jeltzaleak azaldu duenez, «ez da alkatea familia eremuan jazartzen duten lehen aldia, errespetuaren eta bizikidetzaren muga erabat gaindituz». EAJk ez du ulertzen idatzi horren arrazoia, ezta alkateari egiteko arrazoia ere, «beldurtze hutsagatik ez bada». «Beste goiz bat irainekin eta errespetu faltekin, zentzurik gabe, eskrupulurik gabe, arrazoirik gabe», esan du GBBk hedabideei igorritako ohar batean.

Pintadak «Mozalik ez» dio, baina, EAJren arabera, «ez da egia Arrasaten Mozal legea aplikatzen dela». Arrasaten hainbat leku daude iritzia emateko, kartelak jartzeko edo pankartak jartzeko, oharrak azaldu duenez. «Adierazpen askatasuna duen herri batean bizi gara, eta adierazpen horrek errespetuzkoa izan behar du guztiekiko».

EAJk «babes osoa» ematen die Ubarretxenari eta haren familiari, eta «erabat gaitzetsi eta arbuiatu» du «iraganeko garaietara garamatzaten gertakari larri horiek». Gobernu taldeak gai horri buruzko proposamen bat eramango du datorren astelehenean, Arrasateko udaletxean egingo den bozeramaileen batzarrera.

Burlatan ere bai

Burlatan ere pintura erabili dute PSNren egoitzaren aurka jaurtitzeko. Alderdi horrek jakinarazi duenez, urdina eta beltza koloreko pinturarekin egin diote eraso egoitzari. «Gizarte demokratiko batean, horrelako ekintzek ez dute tokirik», esan du PSNk sare sozialetan, eta Burlatako PSNko kideei elkartasuna adierazi die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.