Gerra Ukrainan

Errusiak ez du Ukrainako lurralde gehiago anexionatzeko asmorik, Kremlinen esanetan

Dimitri Peskov Moskuren bozeramaileak adierazi duenez, «lan handia dago egiteko» Errusiak bere egin dituen lurraldeetan, eta horiek babestea du lehentasun.

Dimitri Peskov Kremlineko bozeramailea, artxiboko irudi batean. EFE
2022ko abenduaren 8a
17:37
Entzun

Errusiako Gobernuak baztertu egin du Ukrainako gerran lur eremu gehiago anexionatzeko aukera. «Ez dago inolako zalantzarik», adierazi du Peskovek. «Ez dago horri buruzko komunikaziorik. Aldiz, lan handia dago egiteko [Moskuk bere egin dituen] lurralde horiek askatzeko».

Errusiak Ukraina ekialdeko Zaporizhia eta Kherson eskualdeak, eta Donetsk eta Luhansk herri errepublikak anexionatu zituen irailean, lau lurralde horietan erreferendumak antolatuta. Ez du lortu, ordea, eremu horien kontrol osoa izatea. Are, Ukrainako armada aurrera egiten ari da lur horietan, eta azaroan Kherson hiria hartzea lortu zuen; Moskuk inbasioan okupatzea lortu duen eskualde bateko hiriburu bakarra —martxoaren 2an hartu zuen—.

«Badakigu Errusiaren eskualde berri askotan askatu behar ditugun lurralde okupatuak daudela», esan du Peskovek. Nabarmendu duenez, Errusiaren esku hartze militarraren helburuetako bat da «Ukraina hego-ekialdean eta Donbassen bizi diren herritarrak babestea». Helburu hori lortze aldera, eskualde horiek anexionatu behar izan dituztela azaldu du. «Horri buruz mintzatu izan da [Vladimir Putin Errusiako] presidentea».

Gerraren amaiera posible bati buruz, Kremlineko eledunak uste du «bihar bertan» bukatu daitekeela, Kievek horretarako «borondate politikoa» baldin badu. [Volodimir] Zelenskik [Ukrainako presidenteak] badaki hau guztia noiz amaitu daitekeen: bihar bertan izan daiteke, hala nahi badu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.