Preso trukea

Errusiak aske utzi du Brittney Griner, AEBek Viktor Bout libre uztearen truke

Griner saskibaloi jokalaria eta Bout arma salmentagatik AEBetan espetxeratuta zegoena Abu Dhabiko aireportu batean trukatu dituzte Moskuk eta Washingtonek.

Bittney Griner AEBetako saskibaloi jokalaria (ezkerrean) eta Viktor Bout arma trafikoagatik AEBetan zigortutako Errusiako teniente ohia (eskuinean). STR, EFE
2022ko abenduaren 8a
18:25
Entzun

Errusiak eta AEBek preso bana trukatu dute elkarrekin, maila altuko negoziazio politikoen ondorioz. Moskuk Brittney Griner AEBetako saskibaloi jokalaria utzi du aske, eta Washingtonek arma trafikoagatik 25 urteko espetxe zigorra betetzen ari zen Viktor Bout.

Grinerrek ia hamar hilabete eman ditu segurtasun handiko espetxe batean, droga trafiko delituengatik. Bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zion Errusiako epaitegi batek. Ā«Bera ondo dago, hegazkin batean dago, etxerako bidean, hilabetetan modu bidegabean Errusian espetxeratuta egon ostean, baldintza onartezinetanĀ», adierazi du Joe Biden AEBetako presidenteak.

Etxe Zuriak ahaleginak egin ditu trukean Paul Whelman segurtasun korporatiboko exekutiboa askatzeko. 2018ko abendutik dauka atxilo Errusiak, espioitza karguengatik. Etxe Zuriak eta haren familiak salatu dute akusazioa oinarririk gabekoa dela. Bidenek adierazi du haren itzulera lortzeko lanean jarraituko dutela.

Errusiako Atzerri Ministerioak baieztatu duenez, preso trukea Abu Dhabiko aireportu batean egin dute, segurtasun neurri handiekin.

Bout Sobietar Batasuneko teniente ohia da, eta AEBetako Justizia departamentuak munduko arma trafikatzailerik handienen artean kokatu izan du. 25 urteko espetxe zigorra betetzen ari zen, haren kontrako sententziaren arabera, AEBen aurka erabiltzekoak ziren armak saltzeagatik, dozenaka milioi euroren balioagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.