Osasungintza

Langileek ez dute «hurbiltzeko borondaterik» ikusten Osakidetzaren partetik

Berriro ere elkarretaratzea egin dute Donostia ospitalearen aurrean. Iñigo Urkullu lehendakariak «lasaitasunera» dei egin du, eta adierazi du Osasun Saila eta Osakidetza plan estrategiko bat lantzen ari direla: «Uste dut egoera azkenean bideratuko dela; badut konfiantza».

Donostia erietxearen aurrean egindako protesta. GOKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2022ko abenduaren 9a
11:24
Entzun

Astebete igaro da Donostialdeko ESI Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari kudeatzaile Itziar Perez eta Idoia Gurrutxaga zuzendari medikoa kargugabetu zituztenetik, eta egoera ez da oraindik baretu. Berriro ere, sendagileek elkarretaratzea egin dute Donostia ospitalearen eskaileretan, eta kexu agertu dira, esan dutenez, Osakidetzak ez dielako erantzun elkarrizketarako egin dituzten deiei. «Hurbiltzeko borondaterik» ez dute ikusten Osakidetzaren zuzendaritzaren partetik.

Elkarretaratze motza izan da, berriro ere, Donostia ospitaleko atariko eskaileretan egin dutena. Gaur astebete Donostia-Beterriko ESIko arduradun bi kargugabetu zituztela jakin zutenean egin zuten lehena, erietxeko zerbitzuburu hainbatek deituta, erabakiengatik protestan. Gaur osasun langileen kezka oraindik bizi-bizi dagoela adierazi dute. Hamarnaka izan dira batutakoak protesta hasi berritan, ehundik gora ziren amaitu denerako. Txalo zaparrada luze batekin amaitu dute protesta.

Adolfo Lopez de Muniain eledunak hartu du gero hitza. Bertan batutako kazetariei, aurrena, asteazkenean erietxeko zerbitzuburuek deituta egin zen agerraldiaren berri emateko ohar bat eman die. Hor batzen dira beren aldarri nagusiak. Azken orduaren berri eman du gero.

Aurrena-aurrena, plazaratu dituzten aldarriak hedatzen jarraitu nahi dutela esan du. Eragozpenak argiak dira, ordea. Esaterako, adierazi du erietxe barruan bilerak egiteko trabak jartzen hasi zaizkiela orain: «Arazoren bat dago, ea bideratzea lortzen den». Bestetik, Osakidetzako zuzendaritzara eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailera elkarrizketak hasteko asmoz egin dituzten deiek ez dute erantzunik izan. «Astebeteren ondoren, harritzekoa da», azaldu du. «Ez dugu haien partetik hurbiltzeko borondaterik ikusten».

Horiek horrela, aldarriak gaur goizean bertan erietxeko kudeatzaile berriari aurkeztu nahi dizkiote, bere bulegoan. «Geratzen zaigun bide bakarra hori da», azaldu du Lopez de Muniainek. Hortik ere ez dute jaso, ordea, oraindik elkarrizketarako deirik; zerbitzuburu bakan batzuek deitu dituzte, eta, jakinarazi duenez, bilera horiek «hotzak» izan dira, eta «tentsioa» egon da. Baina jarraitu egin nahi dute ahaleginean.

Aldarri «orokorrak»

Aldarri asko «osasun erakunde osoari dagozkionak» direla gogoratu du Lopez de Muniainek, «orokorrak», erietxeko goi karguek konpondu ezinak, baina harreman joriak behar dituzte ospitaleko buruekin, laneko martxa onerako.

Goizero 08:15ean elkarretaratzeak egiten jarraitzeko asmoa dute. Osasun erakundeko talde gero eta gehiagoren atxikimendua lortzen ari direla esan du medikuen ordezkariak. Zerbitzuburuek hasi zuten protesta, baina gero eta langile talde gehiago ari dira bat egiten. Lopez de Muniain bera zerbitzuburua da Neurologian. Beste langile batzuentzat «lehen lerroan» jartzea zailagoa dela onartu du, «errepresalien» beldur direla, eta nahigabea erakutsi du horregatik.

Aldarriok erietxe honetan goratu direla esan du, baina askoz ere zabalagoa dela osasun sistemaren funtzionamenduaren inguruko kezka.

Urkulluk «lasaitasunera» dei

Iñigo Urkullu lehendakariak «lasaitasunerako deia» egin die herritarrei Donostia-Beterriko ESIan pizturiko gatazkaren aurrean: «Helburua partekatzen dugu, hau da, osasun arreta, horren kalitatea eta azpiegituren antolaketa hobetzea. Horretan ados gaude; beraz, ez dut aparteko kezkarik».

Gogorarazi du Osasun Saila eta Osakidetza plan estrategiko bat lantzen ari direla, eta Donostia-Beterriko ESIko arduradunak arazoak konpontzen saiatzen ari direla: «Uste dut egoera azkenean bideratuko dela; badut konfiantza», esan du.

Hala ere, Urkulluk iradoki du afera honetan «beste interes eta helburu batzuk» egon daitezkeela, eta Osasun sailburu Gotzone Sagarduiren dimisioa eskatzen duten adierazpenen aurrean erantzun du horrelako eskaerak «maiz» egiten direla.

Donostia-Beterriko ESIko bi arduradunen kargugabetzeaz, normaltzat jo du Urkulluk: «Planteamendu estrategikoaren inguruan elkarrenganako konfiantzarik ez dagoenean, logikoa da konfiantza falta hori horrela konpontzea». Edonola ere, Urkulluren ustez, horrek ez du esan nahi ESIren berregituratze prozesuan «arazorik» dagoenik: «Aitzitik, Donostia ospitalearen erreferentzialtasuna handitzea planteatzen ari gara», azaldu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.