Albistea entzun

Literatura

Gabriel Arestiren lehen lanak aurkitu dituzte: gaztelaniazko bi soneto

EHUko Jon Kortazar katedradunak argitara eman ditu Arestik 1953ko otsailean idatzi zituen poemak. Baserri bateko paper zaharren artean aurkitu dituzte.

Gabriel Arestiren zortzi argazki.
Gabriel Arestiren zortzi argazki. Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2022ko abenduak 9

Gabriel Aresti poetak ikasle garaian gaztelaniaz idatziriko bi soneto topatu dituztela azaldu berri du Jon Kortazar EHUko Euskal Literaturako katedradunak. Idazleari ezagutzen zaizkion lehenengo lanak dira. Orain arte galduta egon dira, eta saldutako baserri batetik ateratako paper zaharren artean aurkitu dituzte.

Sancho el Sabio Fundazioaren aldizkarian eman du Kortazarrek aurkikuntzaren berri. Horretan argitaraturiko artikuluan, poemok aztertu ditu irakasleak. Horrez gain, eskuz idatziriko sonetoak aurkitu zituen Marivi Gaubekak azaldu du nola zeuden gordeta.

Arestik 19 urte zituen poemok idatzi zituenean. Bilboko Merkataritza Eskolan ikasten ari zela idatzi zituen, eta erlijio liburu batean gorde. Orain arte, poetari ezagutzen zitzaizkion lanik zaharrenak 1954ko abendukoak ziren, Euzko Gogoa aldizkarian argitaraturikoak. Beraz, orain topaturikoak urte eta erdi lehenagokoak dira.

Dirudienez, erlijio liburua Jose Ignazio Gaubeka ikaskideari utzi zizkion Arestik, poemak barruan ahaztuta edo. Izan ere, esan daiteke poetak ez ziola maitasun handirik liburu hari, lehenengo orrian hau idatzi zuelako, umorez: «Liburu hau Gabriel M. Aresti Segurolarena da, hark nahi ez bazuen ere, eta 1952-1953 ikasturterako».

Arestiren idazkia, erlijio liburuaren barruan, hura berea zela adierazteko.

Horrela heldu ziren poemok Larrabetzuko (Bizkaia) Loroño Erdikoa baserrira. Gaubeka hil zenean, saldu egin zuten, eta haren senideek eraikin barruko gauzak arrapaladan atera behar izan zituzten 1999. urtean. Baina Marivi Gaubekak poltsa batean sartu zituen tiradera bateko paperak eta argazkiak. «Gauza batzuk erre genituen, beste batzuk bota, eta abar. Oso kuxkuxeroa naizenez, eta aldi berean gauza haiek guztiak gabe geratzeak pena ematen zidanez, surtatik gauzakiren bat edo beste salbatzea lortu nuen», adierazi dio emakumeak Itziar Sanchez Gaubeka bilobari. Azken horrek idatzi du aurkikuntzaren kronika artikuluan.

Handik urte batzuetara baino ez zen hasi paperon artean miatzen. Erlijio liburuan Gabriel Arestiren sinadura agertzeak jakin-mina piztu zion, eta horrela aurkitu zituen barruko orri solteetan idatzitako bi sonetoak. Horren garrantziaz konturatu zenean, Kortazarri eman zion abisua.

Irakasleak aztertu ditu poemok, eta ondorioztatu du Aresti hasieratik izan zela «apurtzailea eta jantzia».

Hona bi sonetoetan lehena:

Por ti quisiera componer un canto
lleno de aromas de dulzura lleno
que embriagara nuestro amor terreno
con el espíritu del divino llanto.
Con él quisiera desgarrar el manto
que cubre el aura del eterno seno
con él quisiera deslizar el cieno
de la locura del delirio santo.
Y así librarme del deliquio informe
de amarte siempre con el alma muda
mientras los ojos con livor deforme
presentan siempre la constante duda.
Por ti resume mi canción conforme
se viste de ángel mi pasión desnuda
.

Eta, bigarrena:

No has escuchado la dolencia occisa
del acre acento de mi humilde queja
que el viento intonso sin cesar aleja
con una inhábil celerada prisa
hasta perderla por la mar sumisa.
En mi demencia la sutil madeja
de tus desdenes sin piedad semeja
las incongruencia de loca risa
cuando comprendo que la vida es huera
y no es posible reformar su ambiente.
¿Por qué me ignoras en mi noche austera?
¿Por qué te muestras tan incoherente?
Te has ausentado de mi triste vera
tan sigilosa solapadamente...

Poemok «garbi erakusten dute garai hartan Arestik ezin izan zituela bere burua eta bere idazkera gorde inguruaren indarretatik», ondorioztatu du irakasleak. «Baina badirudi garai horretan sortu zitzaiola euskaraz idazteko gogoa, zeren 19 eta 21 urte bitartean aldatu zuen hizkuntza, 1954an idatzi baitzion Andima Ibiñagabeitiari euskaraz eta poema bi bidali Euzko Gogoa-n argitaratzeko».

Idazten hasi zenetik hil arte idatzi zituen sonetoak Arestik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Larunbatean hasiko da <em>Bizirik</em> lanaren aurkezpen bira, Donostiako Dabadaba aretoan. ©BENGO

Norbere burua barkatu artean

Uxue Rey Gorraiz

Aitor Bengoetxea 'Bengo' musikariak lehenengo lan luzea eman du: 'Bizirik'. Zortzi kantu bildu ditu; hiru kolaborazio tartean. Larunbatean hasiko du kontzertu bira, Donostian
Inauteri giroan murgilduko du herria festibalak. ©GUILLAUME FAUVEAU

Inauterietako dantzak eta musika batuko ditu Hartzaro festibalak

Erredakzioa

Otsailaren 10etik 21era egingo dute Uztaritzeko jaialdia, udaberriari ongietorria emateko asmoz
Rakel Esparza, Juan Mari Aburto, Fernando Perez eta Barbara Epalza, gaur goizean, Bilboko Azkuna Zentroan, urteko programazioa aurkezten. ©AZKUNA ZENTROA

Zortzi erakusketa hartuko ditu aurten Bilboko Azkuna zentroak

Olatz Enzunza Mallona

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...