Inigo Astiz
Durangoko Azoka. Da da!

Ultzamatik Iruñera begiak estalita doazen ehun gidarien hipotesia

2022ko abenduaren 11
08:48
Entzun

Sinestuna naiz. Memoria muskularrari dagokionez, behintzat. Urte luzez mamurtzen daramadan hipotesiaren arabera, jartzen bagaituzu ehun ultzamar, bakoitza bere autoan, begiak estalita, Iruñera bidea egiten, nire kalkuluen arabera, ehun horien arteko bi, gutxienez, oso-osorik iritsiko dira (gara?) helmugara, bidean bazterrik jo gabe, kurba horiek guztiak gure gorputzaren parte direlako jadanik, urteen eta egunez eguneko joan-etorrien poderioz. Baina, mesedez, manten dezagun hipotesia hipotesi.

Ohitura animaliak gara. Eta ohiturak aldatzea da zailena. Korronte indartsua da egunerokoarena, bere tantaz tantako jario horrekin.

Kaleen izenak aldatu ostean ere, horregatik irauten dute izen frankistek herritarren ezpainetan, Franco hil ostetik lau hamarkada pasatu direlarik. Horregatik da hain ezerosoa hasieran lagun izandakoa kalean musukatzen hastea, behin bikotetzen hasitakoan, eta, gero, bikote izateari utzitakoan, kalean berriz ere elkar neurrian soilik ukituta salutatzea. Eta horregatik da Euskaraldia ere, ohitura horiek aldatzeko garrantziaren eta, aldi berean, ohitura horiek aldatzeko ezintasunaren frogarik behinena. Kurba handia eskatzen du umetatik garatutako harreman bat euskarazko bihurtzeak. Eta antzera gertatzen da Durangoko Azokan ere.

Bi urtez, murriztuta, txandakako sistemekin, birtualizaturik eta ia-ia desagerpenaren ertzean egon ostean, ikusteko zegoelako bost hamarkadaz metatzen joandako memoria muskular horrekin aurten zer gertatu zitekeen. Baina, asteazkenean, Landako guneak Ikasle egunerako ateak ireki zituenean, hamar segundo baino ez zuen iraun harridurak gorputzek osatutako korronteak mugitzen zituzten gorputzetan. «Hau horrela izaten zen!».

Eta 2019ko abendutik zuzenean heldu zen egutegia 2022ko abendura.

Lasaigarria baita, eta ederra, beti korrontearen kontra igeri egitera usatua den kultura batentzat, bost egunez behintzat, korrontea alde (xamar) sentitzea. Begiak estali, eta jendetzak mugi dezan utzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.