Pandemia aurretik bezain jendetsu eta salmenta handiagoekin joan da aurtengo azoka, Gerediagaren hitzetan

«Oso jendetsua» izan da Durangoko 57. Azoka, Gerediaga elkartearen balorazioaren arabera, eta guneek izandako erantzun ona ere nabarmendu dute. Abenduaren 6tik 10era egingo dute hurrengo urteko azoka.

Gerediaga elkarteko ordezkariak, atzo, Durangoko 57. Azokako itxieran. ARITZ LOIOLA/ FOKU
Inigo Astiz
2022ko abenduaren 12a
10:55
Entzun

Eztanda espero, eta eztanda jaso. Pandemia aurrekoen moduko azoka bat nahi zuen Gerediaga elkarteak aurten, eta horixe izan da Durangoko 57. Azoka. Positibotzat jo dute, eta, haren arabera, «oso jendetsuak» izan dira bost egunak hala Landako gunean, nola gainerako guneetan ere, eta erakusmahaietako salmentak «oso onak» izan direla ere zehaztu dute. «Osasun krisia heldu aurreko kopuruetara helduz, eta kasu askotan gaindituz». Eta horregatik poza. «Ospatzeko urtea izan da, berriz elkartzekoa, kulturaren plazari berriro ere bizia ematekoa, eta giro hori sumatu dugu Azokan. Oso eskertuta gaude».

Ikusi gehiago:Mikatza gozatzeko urtea

Egunero izan da jende joan-etorri handia, eta, Gerediagak zehaztu duenez, abenduaren 8koa izan zen egunik jendetsuena. Egun horretan, gainera, beteta egon ziren Ahotseneko zuzeneko kontzertu guztiak, eta goraino egon ziren egun horretan egindako hainbat liburu aurkezpen ere. Horrez gainera, beteta egon dira programako ekitaldietako asko beste egunetan ere, eta, tarteka, handitu egin behar izan dute azokarako autobus zerbitzua ere, eskariari aurre egiteko. Durangoko Azokak Badok atariarekin elkarlanean osatutako playlist-ak izandako erantzuna ere nabarmendu dute.

Guneak ere pozik

Positibotzat jo dute Kabi@, Szenatokia, Saguganbara eta Irudienea guneek ere. Gamer Gela izan zen Kabi@ko ekitaldirik jendetsuena, esaterako; Paul Urkijoren ‘Irati’ filmaren estreinaldiak eta film laburren emanaldiek bildu zuten ikusleriarik handiena Zugaza zineman; Szenatokian antolatutako 29 emanaldietako asko ere beteta egon dira, eta Saguganbaran, esaterako, Ene Kantak taldeak bi emanaldi egin zituen, gunearen atarian sortutako ilara luzeei erantzuteko.

Pozik azaldu dira Ikasle egunak izandako harrerarekin. Gerediagakoei «pozgarria» egin zaie azokako lehen eguna ikaslez beteta ikustea. «Horrek euskal kulturaren transmisiorako duen garrantziarekin». Horrez gainera, aurten lehen aldiz antolatu dute Gazte Eztanda. Abenduaren 9an izan zen hori, eta azokako antolatzaileak pozik azaldu dira gazteentzako pentsatutako proposamenek egun horretan izandako erantzunarekin. «Gazteak erakartzen jarraitzeko bidea ireki delako».

Online dendako datuak

Aurrez aurrekoa ez ezik, online denda ere zabalik egon da 7tik 10era, eta 434 eskera jaso dituzte bertan, 1.685 produkturekin. «Zalantzarik gabe, kulturazaleek aurrez aurreko azokari lehentasuna eman diote», ondorioztatu dute.

Egunotan Durangon bizi izandakoa Euskal Herri osora zabaltzea da orain erronka, Gerediagak gogorarazi duenez. «Azoka ez dadin oasi bat izan, Durangon sentitu dugun komunitate hau zabaltzen jarrai dezagun». Gaurtik aurrera martxan izango da Zu non, han Da egitasmoa, eta Euskal Herriko 132 saltokitan izango da Durangoko Azokan izan diren nobedadeak eskuratzeko aukera, eta zuzeneko aurkezpenak ere antolatuko dituzte haietako batzuetan.

Hurrengo urteko azoka abenduaren 6tik 10era egingo dutela ere iragarri dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.