Palestina

Israelgo armadak beste palestinar bat hil du tiroz, Jeninen

Soldaduek hiru lagun atxilotzeko egin duten sarekada batean gertatu da ezbeharra. Aurten 166 palestinar hil dituzte Zisjordanian; NBEren arabera, 2006tik hona izandako gehien urte batean.

Gizon bat Israelgo armadak sarekada egin duen eraikina aztertzen, Jeninen (Zisjordania), gaur. ALAA BADARNEH / EFE
2022ko abenduaren 12a
11:55
Entzun

Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi du Israelgo armadak 16 urteko palestinar bat hil duela Jeninen (Zisjordania), hiru lagun atxilotzeko asmoz gaur goizaldean egin duen sarekada batean —«ekintza terroristetan» parte hartzea egozten diete—. Palestinako hedabideen arabera, gazte palestinarra bere etxeko teilatuan zegoen operazio hori egiten ari zirenean, eta, Osasun Ministerioak azaldu duenez, soldaduek buruan egin diote tiro; beste bi pertsona zauritu dituzte.

Ohar batean, Israelgo armadak esan du «jakinaren gainean» daudela «emakumezko palestinar baten hilketa bat» izan dela, eta, orain, «gertakari» hori «berrikusten» ari dira. Armadak argudiatu du susmagarriek «lehergailuak» bota dituztela soldaduen kontra, baita tiro egin dietela ere, eta, hortaz, militarrek tiro eginda erantzun behar izan dutela.

Hilabete honetan, Israelgo armadak gutxienez hamar palestinar hil ditu, eta aurten, denera, gutxienez 166, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera; 2006tik hona izandako gehien urte batean. Gainera, gutxienez 3.000 lagun atxilotu dituzte «terroristak» direlakoan.

Iragan hilabetean 75 urte bete ziren NBEk bi estatu sortzeko plana onartu zuenetik, eta Israel eta Palestinarentzat Ekialde Hurbileko Bake Prozesurako erakundearen koordinatzaile bereziak, Tor Wennesladenek, panorama beltza aurreikusi zuen: haren ustetan, Israelen eta Palestinaren arteko gatazka «borborka hastear» dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.