Albistea entzun

Zientzia

Energia merke eta agorrezina lortzeko lasterketan eginiko «aurrerapen handi bat» iragarriko dute gaur

Fusio erreakzio batean lehen aldiz energia irabaztea lortu dute, AEBetako laborategi batean. Zenbakiak baieztatzen badira, litekeena da esperimentuak mugarria ezartzea gizateriaren energia beharrak asetzeko, eta klima larrialdiaren kontra borrokatzeko lehian.

Lawrence Livermore Laborategiko Ignizio Lantegiko jomuga ganbera. Laserren bidez, 100 miloi graduko tenperaturak lortzen dituzte han, eta muturreko presioak.
Lawrence Livermore Laborategiko Ignizio Lantegiko jomuga ganbera. Laserren bidez, 100 miloi graduko tenperaturak lortzen dituzte han, eta muturreko presioak. Damien Jemison / LLNL Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2022ko abenduak 13 10:21

Aspaldi lortu zuten fusioa laborategian, hau da, Eguzkian gertatzen den erreakzioaren parekoa. Horretan ez dago arazoa. Baina orain arte ez dute lortu fusioa eragiteko gastaturiko energia baino gehiago ateratzea erreakziotik. Financial Times ekonomia kazetak argitaraturiko baieztatzen bada, ordea, historian lehen aldiz, operazioa errentagarria izatea lortu dute AEBetako laborategi batean, azken egunotan. Gaur iragarriko du «aurrerapen handia» AEBetako Energia Departamentuak. Horrek mugarria ezarriko luke gizateriaren energia beharren historian, noiz eta horrek kliman eragin duen larrialdiaren ondorioak gero eta nabarmenagoak diren honetan, eta energiaren arazoa nazioarteko gatazken muinean dagoela oso argi ikusten den honetan.

Zabaldu dutena hau da:

Azken bi asteotan eginiko esperimentu bateko emaitzen txostena irakurri ahal izan duten hiru pertsonak adierazi dutenez, Kaliforniako Lawrence Livermore Laborategi Nazionalean, fusioa lortzeko konfinamendu inertzialaren metodoa ikertzen ari dira. Horretan, hidrogenoaren plasmazko bolatxo bat munduko laserrik handienarekin bonbardatu zuten esperimentuan. Laserrak 2,1 megajouleko energia gastatu zituen, eta fusio erreakzioak 2,5 megajoule sortu zituen.

Laborategiak baieztatu du «emaitza positiboa» eduki duen esperimentu bat egin dutela, baina zehaztu dute oraindik ez dakitela zehazki zenbat energia sortu den horretan. Emaitzen berri zabaldu duten hiru zientzialarietatik bik adierazi dute espero baino energia gehiago sortu zela, eta horrek diagnostikorako tresna batzuk hondatu zituela, eta azterketa zaildu duela.

Gaur azalduko dute lorpena AEBetako Energia idazkari Jennifer Granholmek eta Segurtasun Nuklearrerako idazkariorde Jill Hrubyk, Kaliforniako laborategi horretan bertan.

Fusioa eta fisioa antzeko hitzak dira, baina bi gauza oso ezberdin. Fisioa, hain zuzen, bonba atomikoetan eta gaurko zentral nuklearretako erreaktoreetan erabiltzen dute. Fisioa arriskutsua da, une oro kontrolpean ez badago kate erreakzioa sortzeko joera duelako berez, Txernobylen eta Fukushiman agerian geratu bezala. Horrez gain, fisio erreakzioen hondakinak oso erradioaktiboak dira, eta arriskutsu izaten jarrai dezakete milaka urtez.

Fusioa beste kontu bat da: izarretan gertatzen den erreakzio bat da; Eguzkian, kasurako. Presio eta tenperatura handien eraginez, bi hidrogeno atomoen nukleoak elkartzen dira, eta, ondorioz, helioa sortzen da. Prozesuan energia asko askatzen da. Prozesuak ez du fisioaren arriskurik, ez duelako kate erreakziorik sortzen (elikatu ezean, gelditzeko joera du berez). Gainera, hondakin erradioaktiborik sortzen badu, erradioaktibitate apalekoak dira, eta urte gutxi behar dituzte kaltegabe bihurtzeko.

Fusioaren bultzatzaileek agindu dute prozesua eraginkorra izatea lortzen bada horrek gizateriaren energia arazoak konpon ditzakeela, indar iturri agorrezin eta merke bat lortu ahalko litzatekeelako. Fusiorako kilo bat lehengaik gaurko erregai fosilen kilo batek baino hamar aldiz energia gehiago eman dezake, eginiko kalkuluen arabera. Energia hori sortzean, gainera, prozesuak ez du berotegi gasik askatzen. Hainbatetan jarri duten adibideari jarraikiz, katilukada bat hidrogenoarekin etxe baten energia beharrak ase daitezke ehunka urterako.

Edonola ere, 1950etik ari dira fusioa errentagarri egiten saiatzen, eta dirutza gastatzen ari dira horretan mundu osoan. Horren lekuko da fisikarien inguruan asko zabalduta dagoen txiste bat: fusioaren apustuan zenbat diru gastatzen ari diren ikusita, agian fisika aldetik eraginkorragoa litzateke energia sortzea zuzenean dirua erreta.

Lasterketa, mundu osoan

Kaliforniako saioaren emaitzak baieztatzen badira, mugarria izango da 2022a fusio errentagarriaren lasterketan. Bi metodo erabiltzen ari dira nagusiki munduan: gaurko albistearen protagonista den konfinamendu inertziala alde batetik, eta konfinamendu magnetikoa bestetik.

Azken metodo horrek albistea ekarri zuen otsailaren hasieran. Oxfordeko (Ingalaterra) JET laborategian fusio erreakzioen marka ezarri zuten: bost segundoz eutsi ahal izan zioten fusioari, eta 59 megajouleko beroa sortu zuten. 1997. urteraino egin behar da atzera aurreko marka aurkitzeko. JETek berak segundo bateko erreakzioan 22 megajoule lortu zituen.

Orduan ez zuten gastaturiko energia baino gehiago atera. Baina ohartarazi zuten JET laborategian zuten erreaktorearen imanek ezin zutela kudeatu bost segundoko erreakzio bat baino luzeagorik. Beraz, esperimentuaren garrantzia beste nonbait zegoela azaldu zuten: erakutsi zuten ahal zen guztia atera diezaioketela erreaktoreari, plasmaren fisikak nola funtzionatzen duen praktikan ongi ulertzen dutela dagoeneko, eta, ondorioz, saioa erreaktore ahaltsuago batean eginez gero emaitza handiagoa lortuko litzatekeela. Horrek frogatuko luke posible dela fusioaren bidez energia errentagarria lortzea.

Ametsetako erreaktore ahaltsu hori aspaldi ari dira eraikitzen Frantzian, Marseillatik oso gertu: ITER esperimentua.

Izan ere, Oxfordeko JET laborategian dagoen makina tokomak motakoa da, hau da, plasma barruan gordetzeko erroskila huts moduko bat (toro bat, alegia), eta ITER ere mota horretakoa da, eta Oxfordeko arrakastak erakutsiko luke ITER-ek ere funtzionatu egingo duela.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Milaka lagun Errenteriako Kilometroak jaian, 'Erriola' lelopean
 ©PEIO GOIENETXEA

«Indartsu dago Euskal Herriko hardcore eszena»

Unai Etxenausia

Euskal Herriko hardcore eszenaren parte da Gonzalez. 'Zaldi Beltza' kaleratu berri du Vibora taldearekin, depresioari eta antsietateari erreferentzia egiten dion diskoa.
Maialen Chourraut piraguista, <em>Geldiezinak</em> proiektuaren fotograma batean. ©BASQUE TEAM

'Geldiezinak' proiektua sortu dute emakume kirolarien lanari balioa emateko

Amaia Jimenez Larrea

Emakume kirolarien lanari balioa emateko asmoz, Eusko Jaurlaritzak eta Basque Team fundazioak 'Geldiezinak' proiektua sortu dute. Podcastek, bideoek eta ipuinek osatzen dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...