Klima politikak

Europak oniritzia eman dio karbonoaren muga zergari

Batasuneko herrialdeetako eta Europako Parlamentuko negoziatzaileek goizaldean lortu dute akordioa. Burdina, altzairua eta ongarriak daude inportazio zergapetuen artean.

Thyssenkruppen altzairu fabrika bat  Duisburgen, Alemanian. FRIEDEMANN VOGEL / EFE
Irune Lasa.
2022ko abenduaren 13a
12:51
Entzun

Inportatzaileek muga zergak ordaindu beharko dituzte kanpotik Europako Batasunera datozen gaiek egindako karbono dioxido isuriengatik. Europako herrialdeek eta Europako Parlamentuak gaur goizaldean adostu dute karbonoari jarritako munduko lehen muga zerga izango dena.

Berotegi efektuko gasen isuriak murriztea da azken helburua, baina muga zergaren xede nagusia Europako tokiko ekoizleek bidezko lehia izatea da, haiek jada ordaindu behar izaten dutelako edo izango dutelako isurtzeko eskubideengatik.

Hasieran, zenbait gai inportatu soilik zergapetuko dira: burdina, altzairua, zementua, aluminioa, ongarriak, hidrogenoa, argindarra eta burdinaz zein altzairuz egindako torlojuak eta buloiak.

Dena den, oraindik ez dago zehaztuta noiz jarriko den karbono muga zergaren sistema bere horretan. Oraingoz, asmoa da hurrengo urteko urrian test moduko bat abiatzea. Hain zuzen, orduan hasiko zaizkie kentzen Europako enpresei orain arte doan —aurrerantzean ere lehiakor izan daitezen— jaso dituzten isurketa eskubideak.

Doako isurketa eskubiderik gabe, ez dago argi ere nola konpentsa ditzakeen EBk bere esportatzaileak.

Beharbada, gauzak gehiago argituko dira aste honetan, hain zuzen, karbono eskubideen merkatua erreformatzeko negoziazioak daudelako abian Estrasburgon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.