Netflix

Netflixek baieztatu du arrazoi politikoengatik kendu zuela '180 grados' dokumentala

Javier Rios zuzendariak esan du plataformak berak baieztatu egin duela «zentsura». Banatzaileak auzibide bati ekingo dio, Netflixek kontratuan sinatu zuen dirua ordaindu dezan.

'180 grados' dokumentalaren irudi bat. BERRIA
urtzi urkizu
2022ko abenduaren 14a
18:24
Entzun

«Zentsuratzat jo genuena zentsura izan dela baieztatu da». Hala esan du Javier Rios aktore eta zinemagileak (Montcada, Katalunia, 1981). Netflixek azaroaren 18an 180 grados dokumentala jarri zuen bere katalogoan, Europako herrialde gehienetan —Euskal Herrian ere bai—. Handik hamasei ordura, ordea, katalogotik kendu zuen, eta ezin izan da ikusi orduz geroztik.

Dokumentaleko protagonistek ezkerreko ideologia dute, ezker ikuspegiko diskurtsoa dute. Riosi 2020ko udaberrian emandako elkarrizketetan, protagonistek osasun krisialdiaz hausnartu zuten, sistema kapitalistaren jiteez, agintarien erabaki neoliberalez, Europako Batasunaren «joera faxistez» eta osasun publikoaren murrizketez. Oihartzun txikia izan zuen lanak, Madrilen 2020ko udazkenean estreinatu eta gero. Filmin plataforman ikusgai dago. Aurten, dokumentala Netflixi saldu ostean, zinemagilea «pozik» zegoen, lana nazioartean zabaltzeko leiho bat ireki zelako. Baina plataformak leihoa itxi egin zion, estreinatu eta berehala.

Dokumentalaren banatzaileak auzitara joko du orain, abokatuekin, plataformak erosketaren orduan agindutako dirua ordaindu dezan.

Riosek zera esan zion BERRIAri azaroaren 23an: «Zentsura ez dago Netflixen bakarrik: jaialdietan ere gertatzen da, eta agerikoa da autozentsura ere badagoela industrian. TVEk ere ez du ezer jakin nahi gutaz: gai politikoen inguruko lanik ez dute nahi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.