Netflixek '180 grados' dokumentala kendu du, jarri eta 16 ordura

Lan horren zuzendariak, Javier Riosek, «zentsura bortitza» salatu du. Dokumentala Filminen ikus daiteke

180 grados dokumentala. Aurrekontu apalarekin egin dute. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Koronabirusaren osasun larrialdian, 2020ko udaberrian, Javier Rios aktore eta dokumental egileak (Montcada, Katalunia, 1981) hainbat elkarrizketa egin zituen bideokonferentzia bidez. Elkarrizketatuek osasun krisialdiaz hausnartu zuten, sistema kapitalistaren jiteez, agintarien erabaki neoliberalez, Europako Batasunaren «joera faxistez» eta osasun publikoaren murrizketez. Hilabete gutxiren buruan, 180 grados dokumentala osatu zuen Riosek. 2020ko udazkenean estreinatu zuten, Madrilen. Baina zuzendariak aitortu du ez zuela zabalpen handirik izan. «Ezkutuan gelditu zen, eta gero, Filminek jarri zuen». Banatzailearen Herbehereetako saltzaile batek Netflixi saldu dio aurten lana. Azaroaren 18an, plataformak Europan sareratu zuen dokumentala. Baina hamasei ordu baino ez zituen iraun katalogoan. Kendu egin dute, «arrazoirik eman gabe».

Europa osoan kendu dute lana. Eta Riosek argi du zerbait gertatu dela: «Norbaitek, ez dakigu nork, telefonoz deitu du, eta kentzeko eskatu dio plataformari». Bost urterako kontratua itxi zuten Netflixekin, eta erosketaren dirua iristen ari zaio egileari. «Baina kasu hau zentsura bortitza da; horrela sentitzen dut».

Kezkatuta dago gertatu denarekin: «Iruditu zitzaigun gure diskurtsoa Netflixen sartzea gol bat zela. Baina jendea ez da Filminera harpidetuko lana ikusteko, eta telebistek ez diote oihartzunik emango zentsura kasuari».

Dokumentaleko elkarrizketatuen artean, Yayo Herrero antropologo eta aktibista, Javier Couso politikaria —Jose Couso zenaren anaia—, Sol Sanchez IUko diputatua, Ernesto Chevere soziologoa eta Ildefonso Hernandez osasun gaietako aditua daude, besteak beste. Haien iritziak jaso zituen Riosek Return dokumentalean ere —Filminen ikusgai—. «Izan ere, 180 grados lana Return-en jarraipena da, baina pandemiaren testuinguruan».

Netflixek kendu duen filmaren egileak salatu du kritikaren maila «oso apala» dela. «Zentsura ez dago Netflixen bakarrik: jaialdietan ere gertatzen da, eta agerikoa da autozentsura ere badagoela industrian. TVEk ere ez du ezer jakin nahi gutaz: gai politikoen inguruko lanik ez dute nahi».

Riosek zuzendu zuen lehen lana Reset izan zen —Youtuben ikus daiteke—. 2011n estreinatu zuten, eta, orduan ere, ukoa jaso zuen hainbat eremutan. «Orduz geroztik, ezin izan dut aktore lanik egin», dio Riosek. Berriki, Aquí estamos dokumentala estreinatu du. Haren hurrengo lana dokumental saio bat izango da, «ildo berekoa», eta finantzaketa kolektiboaz baliatu nahiko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.