Donostiako Jazzaldia

Ben Harper, Norah Jones, Pat Metheny eta Abdullah Ibrahim Donostiako Jazzaldian

2023ko uztailaren 21etik 25era egingo dute Donostiako 58. Jazzaldia, eta sarrerak salgai daude Trinitate plazako, Kursaaleko auditoriumeko, San Telmo museoko eta Viktoria Eugenia antzokiko kontzertuetarako.

Norah Jones abeslari eta pianista, Dubain emandako kontzertu batean (Arabiar Emirerri Batuak). ALI HAIDER / EFE
Andoni Imaz.
2022ko abenduaren 15a
12:34
Entzun

Norah Jones abeslaria Donostian izatea «urteetako helburua» izan da, Donostiako Jazzaldiko antolatzaileen esanetan. Bada, oraingoan lortu dute: datorren urteko uztailaren 22an, kontzertu bat emango du, Kursaaleko auditoriumean. Atzo eman zuten egitarauaren berri, jaialdiaren kartela aurkeztearekin batera. Roskow artista aritu da horretan.

Ben Harper musikaria, blues garaikidearen izen ezagun bat, lehen aldiz ariko da jazzaldian; hura ere Kursaalean, hilaren 23an. Bestalde, bi artista britainiarrek egingo dituzten emanaldiak nabarmendu dituzte antolatzaileek: Joss Stone abeslaria eta Nubya Garcia saxofonista Trinitate plazan arituko dira.

Enrico Rava tronpetistak pandemiagatik atzeratu behar izan zuen bere emanaldia, eta, azkenean, aurten izango da Donostiako Jazzaldian. Trinitate plazan joko du hark ere.

Izan ere, Trinitate plazan izen handiko artistak ariko dira: Abdullah Ibrahim eta haren trioa, eta Bill Frisell, laukote berri batekin. Eta horren ezagunak ez diren beste batzuk ere bai: Julian Lage gitarrista, eta David Helbock teklatu jotzailea, Austrian Syndicate superbandarekin.

Kursaalean, berriz, Jonesez eta Harperrez gain, Kenny Barron izango da, egungo jazz pianistarik laudatuenetako bat, 80 urte bete berritan. Harekin batera ariko da Euskal Herriko Gazte Orkestra, lehen aldiz jazzaldian.

Gainera, hilaren 24an, Pat Metheny ere arituko da agertoki horretan, Side Eye proiektuarekin. Musikari estatubatuar gazte batzuekin joko du. Biharamunean, Rocio Marquez abeslaria Bronquio musikari eta ekoizlearekin batera ariko da han.

2023. urtea «Euskadi-Japonia urtea» izango denez, antolatzaileek hori baliatu nahi dute pianista japoniarrei ziklo bat eskaintzeko San Telmo museoko klaustroan. Horien artean garrantzitsuena Yosuke Yamashita da. Bi kontzertu emango ditu: bata pieza estandarrekin eta bere konposizioekin, eta bestea errepertorio klasikoaren gaineko ikuspegi berezi batekin.

Beste hiru pianistak ere parte hartuko dute: Kento Tsubosakak, Hakuei Kimek eta Eri Yamamotok.

Jada salgai daude sarrerak eta abonuak, agertoki horietako guztietako kontzertuetarako, eta Viktoria Eugenia antzokiko Jazzeñe ziklorako ere bai, nahiz eta oraindik ez duten esan zein zortzi musikari ariko diren han. Sarrerak Donostia Kulturaren leihatilan eros daitezke, eta baita Internet bidez ere, Donostiako Jazzaldiaren eta Donostia Kulturaren webguneetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.