Alardea

Irungo alkateak «alardea» Berdintasun Planetik «ezabatu» nahi duela salatu dute

Elkarrekin Podemos-IUk agerraldia egin du esateko Jose Antonio Santanok «baloraziorik eta kontraste teknikorik gabeko» ordezko testu bat ondu duela PPren eta EAJren onespenarekin

arantxa iraola
2022ko abenduaren 15a
13:15
Entzun

Elkarrekin Podemos-IUk agerraldia egin du gaur goizean Irungo Udaletxean, V. Berdintasun Plana ontzeko prozesuan izan den gorabehera bat salatzeko. Bereizgarritasun bat izan dute orain arte Irunen ondu diren berdintasun planek: ez dute inoiz «alardea» aipatu. Igaro hamarraldiotan hirian berdintasun faltarekin lotutako arazo argienetarikoa izan da alardea; zaila eta luzea izan da hiriko andreek herriko jaietan urtero egiten den ekitaldi horretan parte hartzeko egin behar izan duten bidea, eta egun ere, adibidez, alkateak uko egiten dio oraindik desfile parekidea antolatzeari, eta areago, desfile hori udaletxe aurrean dagoenean oles egiteko keinurik ere ez du inoiz egin. Horiek horrela, urte askotan eskeak egin dira hiriko berdintasun planetan gaiari dagokion tokia emateko. Aurten, urtarrilean abiatu zen plan berria egiteko prozesua; hiriko eragile askok hartu dute parte prozesuan, agertu egin da berriro «alardearen» auzia, eta, Miren Etxebeste Berdintasun ordezkariak (Elkarrekin Podemos-IU) azaldu duenez, gaia jasota dago urriaren 27an egin zen Berdintasun Mahaian onetsi zen testuan. Aldeko 11 boto jaso zituen testu horrek eta hiru abstentzio: hiriko emakume talde batena, eta PSE-EE eta PPrena. Aldeko boza ez ematean ez da geratu, ordea, Etxebesteren aburuz, Irungo alkate Jose Antonio Santano: ordezko testu bat garatzeko prozesua gidatu du ordutik, eta xede bat besterik ez duela uste du: «Alkateak alardearen elementua ezabatu nahi du V. Berdintasun Planetik».

Urriaren 27ra arte plana egiteko administrazio prozesua «normaltasun guztiz» egin zela azaldu du Etxebestek. Udal taldeen eta hiriko beste kolektibo askoren «ekarpenak» jasota daudela bertan, eta jaso beharreko «kontraste guztiak» dituela testu horrek. Hala ere, egun horretan bertan alkateak testu hori moldatzeko prozesua hasi zuela salatu du Etxebestek. «Eztabaida eta azterketa politikorako gune berri bat» sortzea egozten dio, «udal arautegitik eta ohiko administrazio prozesutik kanpo». Xede bakarra dokumentua «ateak itxita» eztabaidatu ahal izatea dela uste du Etxebestek, eta ezin onartuzkoa deritzo.

Alkateak abiatutako prozesu paralelo horretan planean PSE-EEk egindako «ekarpenak» jaso direla esan du Etxebestek, jatorrizko dokumentua «funtsean» aldatzen dutela, eta horiekin, besteak beste, alardeari buruzko aipamen guztiak «ezabatzen» direla. Aditzera eman duenez, EAJren eta PPren sostenguarekin onetsi dira aldaketa horiek. Eta, asteon, ordezko dokumentu hori Berdintasun Zerbitzura bidali du Santanok, eta udaleko talde teknikoari eskatu dio aldaketa horiek egiteko testuan.

Inolako «balorazio eta kontraste teknikorik gabe» horrelakorik ezin dela egin esan du Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariak, eta arbuiagarria dela guztiz Santanoren jarrera. Alkatea, gainera, «presaka» ari dela adierazi du, bihar amaituko baita Emakundek berdintasun planen garapena diruz laguntzeko eskabideak bideratzeko epea, eta dokumentua bertara bidali nahi badu.

Bi dokumentu Emakunden

Santanoren jarreraz jabetuta, jatorrizko testua aurrez Emakundera bidaltzea erabaki du Etxebestek. Atzo egin zuen urrats hori. «Kudeatzen dudan ordezkaritzaren dokumentu bat ez dut inoiz bidaliko beharrezko eta nahitaezko balorazio teknikoak egin gabe», adierazi du. Bidali duen testua «gehiengo sozial, tekniko eta politiko zabalak» onetsitakoa dela esan du, eta testu horren alde egin behar dela. Santanok berak aldatzea lortu duen dokumentua ere bidaltzen badu, ordea, Emakunden Irungo V. Berdintasun Planaren bi testu egongo dira, eta ikusi egin beharko da gero nola bideratzen den egoera hori.

Etxebesterekin batera, hitza hartu du agerraldian Elkarrekin Podemos-IUko eledun David Nuñok. Plana ontzeko orain arteko prozesua onartu egin behar dela esan du, eta hemendik aurrera dokumentua «garden eta publikoki» aldatzeko leku bakarra udaleko osoko bilkura dela: «Hori da osoko bilkurara eraman behar den dokumentua, eta ez beste edozein».

Udal gobernu sendoa

Elkarrekin Podemos-IU udal gobernuan dago PSE-EErekin. Alardearen auzian dauden desadostasunak bistakoak badira ere, gainerakoan bi alderdien arteko ituna sendoa dela esan dute gaur goizean egin duten agerraldian Etxebestek eta Nuñok: azaldu dute, oro har, «oso ados» daudela gobernuaren «norabidearekin». Alardearen auziko desadostasunak aurrez ere agertu dira bi alderdien artean. Aurten, adibidez, herriko festen aurretik Elkarrekin-Podemosek hainbat eske zehatz egin zizkion alkateari alardearen auzia bideratze aldera; esaterako, alarde parekideari oles egiteko eskatu zioten, eta alarde mistoa antolatzen hasteko urratsak egiten hasteko. Alkateak, ordea, ez zien kasurik egin. Ez zuen urrats bakar bat egin alde horretatik. Miren Etxebestek berak eman zion aurten alarde parekideari hiriko bandera, eta udal gobernuan era horretako keinu bat izan duen lehen kidea izan da. Desadostasuna agerian geratu zen Berdintasun Batzordeak andreek Irunen pairatu duten indarkeria matxistari buruzko ikerketa bat argitaratu zuenean ere; alardearen gaia agertu zen hor berriro, eta PSE-EEk ez zuen begi onez hartu ikerketa hori. «Udalaren webgunean ez da agertzen oraindik ikerketa hori», onartu du gaur Miren Etxebestek.
Esan du, hala ere, abiatutako bideetan atzera egiteko asmorik ez dutela. Eta berdintasun arloan urrats handiak egin direla. Bihar bertan, hain justu, Irunen «indarkeria sexistaren arloan» egin den lanarengatik saria jasoko du Madrilen Miren Etxebestek. Alkatea ere joango da saria jasotzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.