Krisia Osakidetzan

Sagarduik esan du Donostialdeko ESItik ez dela zerbitzurik kenduko

Sortutako krisiak ez du eragingo herritarren osasun arretan, Sagarduik eta Urkulluk Eusko Legebiltzarrean nabarmendu dutenez. Lehendakariak esan du Osakidetza «hazkunde krisi positibo batean» dagoela.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua eta Iñigo Urkullu lehendakaria, gaur, Eusko Legebiltzarrean. L. RICO / EFE
Edurne Begiristain.
2022ko abenduaren 16a
10:50
Entzun

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, Donostialdeako ESIaren krisiaren inguruan mintzatu dira gaur Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Iñigo Urkullu lehendakaria, alderdiek egindako galderei erantzunez. EAJk eskatutako azalpenei erantzun die aurrena Sagarduik. Ziurtatu du Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuaren zuzendaritzako arduradunak aldatu izanak ez duela «inoiz» eragin osasun arretan: «Herritarrek normaltasun osoz eta betiko kalitatearekin jarraitzen dute arreta jasotzen».

Kargugabetzeekin batera, behin-behineko arduradunak izendatu direla gogoratu du Sagarduik, eta zuzendaritza berriaren errelebo prozesua datozen egunetan amaituko dela. Donostia ospitaleko langileen mobilizazio eta eskaerei dagokienez, Sagarduik azpimarratu du «gehienak» kontratazioarekin zerikusia duten gaiekin lotuta daudela, «lan eskaintza publikoekin, euskara planekin, eta abar». Haatik, ziurtatu duenez, erreferentzia unitateei eta teknologiak ezartzeko unitateei dagokienez, ez dago zerbitzu bat bera ere lekuz aldatzeko asmorik: «Ez dago Donostiatik kanpo eramateko asmorik».

Osakidetzako krisiari buruzko gainerako galderak Iñigo Urkullu lehendakariari egin dizkiote taldeek. EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, PP+C’s-ek eta Voxek galdera bana egin diote gai beraren inguruan, eta Urkulluk antzeko erantzuna eman die denei. Azpimarratu du «zailtasunak eta arazoak» egonda ere Osakidetzako arduradunengan eta profesionalengan «konfiantza osoa» duela. «Denok osasun zerbitzua hobetzen jarraitzeko xedea partekatzen dugu, eta denon artean bideratuko ditugu konponbideak».

Urkulluren iritziz, Osakidetza «hazkunde krisi batean» dago, erronka berriei aurre egin behar dielako, baina baliabide gehiago dituelako hartarako. Krisi honetatik Osakidetza «indartuta» aterako dela uste du lehendakariak. Azpimarratu du Osakidetzako gobernantza eredua ez dela aldatu, «bakarra» dela oraindik ere, eta«sarean» lan egiten segitu behar duela. ESIko zerbitzuburuen kargugabetzeei egindako kritikei erantzun die, esanez erakundeetan «maiz» gertatzen direla aldaketak, eta Osakidetzan egindakoek orain arte ez dutela «inolako eraginik» izan herritarrei eskainitako zerbitzuan. Horrez gain, azpimarratu du erabat babesten duela Sagarduiren kudeaketa.

Langileen batzarra
Astelehenean batzartuko dira Donostia ospitaleko eta Osakidetzako buruak, sortutako krisia bideratzen saiatzeko. Gaur, Donostialdeako ESIko ehun bat profesionalek batzar bat egin dute ospitalean bertan; tartean izan dira hainbat zerbitzuburu, mediku eta erizain. Batzarra amaitzean komunikabideei egindako adierazpenetan, baikor agertu dira asteleheneko bilerari begira, «elkarrizketa» hasteko urratsa izan daitekeelako, eta ziurtatu dute langileek jarrera «eraikitzailea» eramango dutela. Sortutako krisiari aterabidea bilatzeko «itxaropena» agertu dute, halaber.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.