Euskara

Uemak «pozez» hartu ditu Hernani, Astigarraga eta Asteasu

Mankomunitateak Deban egin du batzar nagusia, eta hiru udalerriek kide izateko egindako eskaerak onartu ditu. Urteko balantzea egiteko ere baliatu dute biltzarra.

Uemako udalerri berrietako ordezkariak eta Lazkano, Deban. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko abenduaren 17a
14:04
Entzun

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Deban (Gipuzkoa) egindako batzar nagusia baliatu du Hernaniri, Astigarragari eta Asteasuri (Gipuzkoa) ongietorria egiteko. Hiru udal batzarrek azken asteetan egin dituzte mankomunitatera batzeko eskaerak, eta hark gaur berretsi ditu haiek. Hala, une honetan 97 dira Uema osatzen duten udalerriak.

Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak adierazi du «oso pozgarria» dela mankomunitatera hiru kide berri batu izana, eta baita haien sarrera aho batez onartu izana ere. Halere, batu izanetik haratago, horra iristeko moduan egin du azpimarra: «Prozedura eta egiteko modua poztekoa da, adostasun oso zabalarekin iritsi baitira honaino». Mankomunitatea hedatu izana proiektua eta «euskararen lurgunea» sendotzeko urratsak direla azaldu du: «Poliki-poliki, bagoaz». Hala, hartutako bidea «egonkortzea» eta «indartzea» jo ditu aurrera begirako helburutzat.

Astigarraga izan da Uemara batzeko eskaera egiten azkena; osteguneko osoko bilkuran onartu zuen udalak eskabidea gauzatzea. Xabier Urdangarin alkateak azaldu du udalerri hura asko aldatu dela azken urteetan, besteak beste, biztanle kopurua nabarmen hazi delako. «Herri txikia izatetik, herri koxkor bat izatera pasa gara; kanpotik jende asko etorri da, eta haur asko jaio dira», argudiatu du. Testuinguru horretan, euskara «integraziorako eta kohesiorako» elementu garrantzitsua da, haren esanetan. Hala, Uemaren «eskarmentua» eta sarean lan egiteko modua baliatu nahi dituzte «urrats kualitatibo garrantzitsuak» emateko: «Bihartik aurrera, Uemarekin batera lan egingo dugu».

Pili Legarra Asteasuko alkateak udalerriak dituen erronkei aurre egiteko «lagungarritzat» jo du Uema. Besteak beste, kale erabilera bultzatzea dute helburu, beheranzko joerari aurre egiteko. «[Pedro Jose Elizegi] Pello Errotarren eta Bernardo Atxagararen herria izanik, ezinbestekoa da guretzat Ueman egotea», gehitu du. Hernaniko alkate Xabier Lertxundik, berriz, euskararen normalizazioaren aldeko apustuan egindako urrats gisa jo du Uemara batu izana: «Saretzea eta indarrak batzea da, euskararen normalizaziorako lanean jarraitzeko».

Uemak salto nabarmena egin du bere sorreratik. 1991ean egindako lehen batzarreko 17 kideetatik 97ra igaro da. Gainera, hiru kide berri batuta, Uemako udalerriek 300.000 biztanleko langa gainditu dute: «Zehazki, gaur egun 302.500 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute Uemako kide diren herriek».

Lanerako asmoz

Mankomunitateko kideek urteko balantzea egiteko ere baliatu du batzarra. Besteak beste, Arnasa Gara kanpainaren barruan egin duten Arnasetik bideo sormen lehiaketa nabarmendu dute, «arnasguneen garrantzia jendartzerako» urrats gisa. Horrez gain, Salto udalekuek izandako harrera eta «herritarren kontzientziazioan sakontzeko» urratsak ere azpimarratu dituzte batzarrean.

Proiektu horiekin batera, Uemak azken urtean egindako ikerketak ere izan dituzte hizpide. Gazteen ikus-entzunezko kontsumoa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalen bilakaera soziolinguistikoa eta Udalerri euskaldunetako haurrak ikerketa. Azaroan aurkeztu zuten azken ikerketa hori, EHUko DREAM taldearekin eta Soziolinguistika Klusterrarekin batera. Haurren profiletan eta hizkuntza praktiketan aldaketa «nabarmenak» gertatzen ari direla ondorioztatu zuten, eta horretan eragiten duten 148 identifikatu zituzten.

Mankomunitateak datorren urtean ere jarri du begia. Martxan jarri nahi dituzten proiektuen artean aipatu dituzte euskara eta kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa Zaldibiatik (Gipuzkoa) beste udalerri batzuetara zabaltzea, Uema sendotzeko pausoak ematea eta «udalerri euskaldunen lurgunea» hedatzea. Gainera, 2023a hauteskunde urtea izango da, eta agintaldi aldaketekin batera hautetsi berriak «ahalduntzeko» lan egin nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.