Bakarkakoa

Bakarkako lanarekin amaitu dute arratsaldeko saio puntuagarria

Bertsolari bakoitzari ate desberdin bat ireki, eta eurek erabaki dute ate horretatik aurrera zer bide hartu.

Beñat Gaztelumendi, bakarkakoan, bertsoa pentsatzen. IñIGO URIZ / FOKU
Miren Mujika Telleria.
2022ko abenduaren 18a
19:25
Entzun

Gaiaren arabera, gobernuz kanpoko erakunde bateko kide da. Hango haurrekin lan egiteko asmotan, Gazara bidean dago Martin. Honela abiatu du bertsoaldia: «Odolez zikindu da/ munduko atlasa/ baina ohartuz gero/ begitan dut gatza/ munduko zaurietan/ minena Gaza». Mimoa eta indarra, biak haur horiengan jarri nahi dituela adierazi du bigarren bertsoan: «Lurra eztadin izan/ bakarrik bi marra/ ta mendeku izan dadin/ euren irriparra». Itzuleran ez dela pertsona bera izango jakinarazi du kantuz.

Urte luzez isilik geratu ondotik txikitan familiako kide batek egindakoa kontatzea egokitu zaio Ibarzabali. Osabaren gaineko sekretu bat kontatu die parez pare zituen 13.000 lagunei. «Bere eskuak, bere begiak/ bere arnasa mantsoa/ amets gaizto bat bilakatu zen/ nire osabaren altzoa». Horren ondorioz beregan duen «zementua» hauts bihurtu nahiko lukeela jakinarazi du ondotik: «Oroitzen baitut bere hitz hori/ bere ahots diskretua: / 'Egon isilik hau izango da/ gure arteko sekretua». Horrela amaitu du, publikoaren txalo zaparradaren artean, bakarkako lana: «Eta egia aterako dut/ dagokidan arabera/ zure izena ez da hain garbi/ joango lurraren pera».

Colina izan da gai bati erantzuten hurrena. Osasunako atezain ohiaren larruan jarrita kantatu ditu hiru bertsoak, eta gaur egun parking bateko atezain dela esanez aurkeztu du bere burua lehen bertsoan. «Lehenago mito bat nintzen/ miretsia, hoberena/ ta gaur pisu baten/ ta bakarrik bizi dena/ erre baitut sarea ta/ gastatu dut diru dena/ bizitza ezta izaten/ inoiz izan zitekeena». Entzuleari «erruki gabe» jokatzeko eta goitik behera begiratu beharrean parez pare begiratzeko agindu dio azkenik. «Ez zara ohartzen, baina/ zu ere bakarrik zaude».

Lujanbio, berriz, egun osoa besteen etxeak garbitzen aritu ondotik bere etxera ailegatu berri den garbitzailea da. Egoera deskribatu du lehen-lehenik: «Ezkertiarrak, aurrerakoiak/ ta zenbat bikote progre/ neri ordaintzat ematen dabiltz/ beltzean pare bat sobre/ ni nere lanaz harro banago/ baina harro bezain pobre». Horrelako beharretarako gazteak eta emakumeak hartu ohi dituztela azaldu du bigarren bertsoan, eta hala kontatu du, ondotik, zein den bere kasua: «Lan jardunetik zortzi t' erditan/ gauean naiz ateratzen/ errekaduak egin ta gero/ nere etxea zeratzen/ Eskubideak borrokatzeko/ astirik ez zait geratzen». Metafora batez ilustratu du, azkenik, bertsoaldiaren bukaera: «Baina garbitzen, erratza pasatzen/ hauts kentzen hor nabil iaio/ gizarte zikin honi itxura/ honela txukuntzen zaio».

Garbitzailea ez, baina etxea txukuntzea egokitu zaio, segidan, Gaztelumendiri. Eta horretan zebilela, hara non aurkitu duen bere nerabezaroko egunerokoa. Koaderno horretan zer aurkitu duen kontatu du hasieratik, eta, bide batez, ez zaizkiola hitzok ezagun egin. «Zenbat maitasun erromantiko/ arrazoi ahul, esaldi tinko/ iruditu zait horrela/ beste norbaitena dela». Hitz horietaz lotsatu, eta orduko Beñati «isil zaitez, arren» esan dio. «Hainbeste negu, hainbeste uda/ ohartzerako ja pasatu da/ bai, aldatu gara garden/ ta eskerrak aldatu garen». Hala amaitu du bertsoaldia: «Baina halere jakin nahi nuke/ egunez egun urterik urte/ lehen nor nintzen menturan/ eta nor izan nahi dudan».

Arzallusek izan dituen bikote harremanek ez dute aurrera egin ez duelako guraso izan nahi. Gai horren gainean kantatzeko agindu dio gaiak. «Ta neska denei esaten diet/ nahiz ta bihotzetik maita/ “Zuk ama izan nahi duzu, baina/ nik ez dut izan nahi aita”». Bigarren bertsoan guraso izate hori presiotzat daukala azaldu du: «Aita ta ama, ama ta aita, torturatutako hitza/ zer den irudi romantikoen/ presioaren bortitza».

Lortzea hainbeste kosta zaion epaile lana utzi du, aldiz, Illarregik. Horregatik, lasaiago bizi da egun. «Hona heltzeko lana egin dut/ baina ezin dut jarraitu/ errespeturik ez den zelaian/ ezin da ezer epaitu». Ofizioa dela-eta, hitz itsusiak jasan behar izaten zituela kontatu du segidan: «Putasemea deitzen ninduten/ baldin ta bazeunden jator/ igual ez dira ohartzen baina/ ni ere lanera nator». Pasiotzat zeukan ofizioa uztea «gogorra» eta «mingarria» egin zaiola adierazi du, azkenik. Hala ere, horretatik ere izan du zer ikasi, eta honela amaitu du bere saio puntuagarria: «Orain partidak harmailetatik/ beti ikusi beharko/ baina badakit nere ahotik/ ze hitz ez den aterako».

Mendiluze izan da Alaitz Rekondo gai emaileak jarritako gaiari erantzuten azkena. Urtero lagunekin bere hirian egiten diren zezenketak ikustera joaten da, baina, gaur, lehenengoz, ez da plazara agertu. «Erabaki det behingoagatik/ eurek “ezetz” aditzea/ begiak ixten aritu ordez/ ahoa irekitzea». Azkenik, San Fermin egunean plaza kanpoan pankarta baten atzean egongo dela egin du abisu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.