Onetik enpresaren buruaren esku geditu da Aldudeko Gasnategia

Baionako Merkataritza Auzitegiak egun trenkatu du: Ipar Euskal Herriko Esne Kooperatiba eta dagokion Aldudeko Gasnategia Louis Gervoson Onetik enpresaren lehendakariarenak izanen dira

Baionako Merkataritza Auzitegia, artxiboko irudian. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko abenduaren 19a
16:22
Entzun

Ipar Euskal Herriko Esne Kooperatibaren eta dagokion Aldudeko Gasnategiaren geroa Baionako Merkataritza Auzitegiak trenkatu du. Onetik enpresaren buru Louis Gervosonek egindako arra hartze proposamena onartu du. Langileek eta ekoizleek aho batez egin zuten proposamen horren alde, eta horiekin bat egin du epaileak ere. Gaurdanik, beraz, nagusi berria izanen dute langileek. «Lasaitasunez» hartu dute berria, Antton Etxeberri langileen ordezkariaren arabera. «Desagertzeko arriskua ttipia zen, baina hor zen; beraz, lasaitzen gaitu aterabide bat atzeman izanak».

Zehazki, Gervosonek beste enpresa baten bidez kudeatuko du esnetegia oraindik aitzina. Orain arte hor zeuden 25 langileak berriz hartuko ditu, eta kontratu aldaketa datozen asteetan eginen dute denek. Ekoizleek, berriz, kooperatiba berri bat sortuko dute, eta Gervosonek sortutako enpresa berriko erabaki guneetan izanen da kooperatiba, Etxeberrik azaldu duenez.

Zorrak ezin pagatuz ari zen kooperatiba, eta Baionako Merkataritza Auzitegiak administrazio judizialaren pean ezarri zuen azaroan. Iragan astean, berriz hartua izateko bi proposamen zeuden mahai gainean. Batetik, orain onartu duten Makeako (Lapurdi) Onetik gasnategiaren proposamena zegoen; haren kapitaleko partzuer nagusia Andros Frantziako elikagai multinazionala da, besteak beste Bonne Maman markaren jabea. Bestetik, Heletako (Nafarroa Beherea) Agour enpresak eta Bardozeko (Lapurdi) Bastidarrak egindakoa, Peio Etxeleku eta Hubert Candele buru dituztela. Finean, Etxelekuk eta Candelek beren hautagaitza kendu zuten beren eskaintzak langileen babesik ez zuela ikusita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.