Etxebizitza

Aldak «eskandalu demokratikoa» salatu du berriz, etxebizitza sozialen egituretako bozen ondotik

HSA eta Etxebizitza Publikoaren Pirinio Atlantikoetako Bulegoko administrazio kontseiluek Aldako hautetsiei ukatu diete aurkeztu diren bi komisioetara sartzea. Hautatuak izan diren beste zerrendetako ordezkariei dimisioa aurkezteko eskatu diete.

Aldaren prentsaurrekoa, goizean, Baionan. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko abenduaren 20a
11:58
Entzun

Ipar Euskal Herrian etxebizitza sozialak kudeatzen dituzten bi egituretako bozetara aurkeztu zen Alda mugimendua. Bietan, alokatzaileen bozen gehiengoa lortu du: egituren administrazio kontseiluan alokatzaileen postuen gehiengoa du, ondorioz. Bozen biharamunean, egitura horietako beste bi batzarretan lekua lortzeko aurkeztu ziren Aldako hautetsiak: bulegora eta Caleolera, bizitegien adjudikazio batzordera. Baina administrazio kontseiluek bi batzar horietan bozetan gutiengoa lortu duten zerrendetako hautetsiak izendatu dituzte. Bi egituretan gertatu da gauza bera, HSA Habitat Sud Atlanticen lehenik, eta Etxebizitza Publikoaren Pirinio Atlantikoetako Bulegoan goizean. «Eskandalu demokratikoa» salatu du mugimenduak, eta alokatzaileen bozei muzin egin dietela deitoratu dute. Egoera salatzeko prentsaurrekoa egin dute goizean, Etxebizitza Publikoaren Pirinio Atlantikoetako Bulegoaren egoitzan, Baionan.

Legez, bulegorako eta Caleol batzorderako izendatua izateko ez da hauteskundeetan lehen indarra izaterik. Alta, batzorde horietarako ordezkariak lau urtean behin hautatzen dira, etxebizitza sozialen egituretako bozen ondotik. Txetx Etxeberri Aldako kidearen ustez, «legearen izpiritua» da bozetan gehiengoa lortu duen zerrendari lehentasuna ematea, nahiz eta ez den nahitaezkoa.

Batailaren segida

Haserre mintzatu dira Aldako hautetsiak. Jean Baptiste Diger Etxebizitza Publikoaren Pirinio Atlantikoetako Bulegoko alokatzaileen hautetsia da. Egiturako bulegoan eta Caleol batzordean alokatzaileen ordezkari izateko bere burua aurkeztu zuen, baina, goizean, administrazio kontseiluak ez du haren alde egin. Diger: «Egoera harrigarria da, zinezko demokrazia eskandalu bat da. Erran nahi du administrazio kontseiluak ez duela alokatzaileon boza kontuan hartzen. Zer gisako mezua igortzen dute? Zerbait gordetzen dutela batzorde horietan eta guri sarbidea ukatu nahi digutela? Zinez kezkagarria da».

Horiek horrela, Alda mugimendua «borrokatzeko prest» agertu da. Erran dute egoera ez dutela horretan utziko, eta, hasteko, batzorde horietan hautatuak izan diren hautetsiei dimisioa aurkezteko eskatu diete, berriz ere bozka egin eta «alokatzaileen bozen araberako» hautaketa egiteko. Ainize Butron Aldako bozeramaileak segurtatu du, nolanahi ere, 2023a «borroka» urtea izanen dela, «alokatzaileen interesa kontuan hartua» izan dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.