Lan gatazka

Lanpostuak berma ditzala exijitu diote sindikatuek Siemens Gamesari

Iruñean, gaur bertan dute enplegu mahaiaren azken bilkura zuzendaritzarekin, eta oraindik ez dago akordiorik. Langileek ez dute kaleratzerik onartuko.

Langileen elkarretaratzea Eguesibarko egoitzaren kanpoaldean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2022ko abenduaren 20a
18:03
Entzun

«Ez dugu kaleratze traumatikorik onartuko. Ez gaur, ez eta etorkizunean ere». Hitzok zuzendu zizkien ELAko Pablo Vitalek Siemens Gamesaren Sarrigurengo egoitzaren kanpoaldean (Eguesibar, Nafarroa) atzo elkarretaratu ziren langileei eta eraikin barruan ziren buruzagiei.

Izan ere, Siemens Gamesako zuzendari nagusiak egoitzan izan ziren gaurko bilera prestatzeko asmoz. Langileek ozen aldarrikatu zuten enpleguak berma daitezela nahi dutela. Hori izan zen ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako kontzentrazioaren mezu nagusia. «Gaur-gaurkoz zuzendaritzak ez digu bermatzen prozesu honen amaieran kaleratzerik egongo ez denik, eta etorkizunera begira ez digu egonkortasunik ziurtatu nahi».

Sindikatuek «lehentasunezkotzat» jotzen dituzte bi aldarrikapen horiek. Pablo Vitalek nabarmendu zuenez, zuzendaritzaren «teilatu gainean» dago pilota.

Irailaren 29an, Siemens Gamesak iragarri zuen Euskal Herrian eta Espainian 475 lanpostu kenduko zituela. Horietatik 352 Zamudioko egoitza nagusian (Bizkaia), Sarrigurengo ikerketa eta ingeniaritza zentroan eta Madrilen izango dira. Egoera hori aztertzeko orain arte izan dituzten enplegu mahaiaren bileretan, zuzendaritzak ez du argitu kaleratze horiek non egin asmo dituen.

Prozesu horren barruan gaur izango dute azken bilera. 10:30ean da hastekoa, eta lantoki guztietako ordezkariak izango dira bertan. Baliteke bilkurak luze jotzea, eta, akordiorik izan ezean, litekeena da Siemens Gamesak erregulazio espedientea aurkeztea.

Aurten, Siemens Energy Groupek Siemens Gamesaren akzioen %100 erosteko eskaintza publikoa egin du, eta CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak oniritzia eman zien haren baldintzei azaroaren hasieran.

Elkarretaratzean gogora ekarri zutenez, Siemens Energyk kaleratze gehiago egiteko mehatxua plazaratu zuen agiri horretan: «Siemens Gamesaren negozio ataletako lanpostuen inguruan, langilerian beste doikuntza bat egiteko aukera aztertuko da, eta langileen baldintzak aldatzea aurreikusten da».

Konpromiso irmoa
Horri gaineratuz gero aurreko urteetan lantokiak itxi direla eta kaleratze gehiago egin direla, langileak haserre eta kezkatuta daude etorkizunaren inguruan: «Egonkortasuna enpleguan, aski da!», zioen kartelak. «Hori al da langileei proposatzen digutena? Baldintzak eta lanpostuak etengabe murriztea besterik ez al dute proposatzen?».

Horregatik, gaurko bilkuran enpresak «konpromiso ukigarri bat» hartzea exijituko dute. «Nahi dugu paperean argi gera dadila etorkizuneko berme hori. Beste batzuetan konpromiso hori lausoa izan da, eta ondorioz ez zen bete. Paper errea zen». Funtsean nahi dutena da kaleratzerik ez egotea: «Enpresan jarraitu nahi duen inor ez kaleratzea, alegia», zehaztu du Pablo Vitalek.

Gobernuei mezua
Iragan asteetan, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Jochen Eickholt Siemens Gamesako kontseilari ordezkariarekin bildu izan dira egoera aztertzeko. Nafarroako Gobernuak kezka azaldu du publikoki. Azaroaren 24an izandako bileran «Nafarroako langileekiko konpromisoa» hartzeko eskatu zion Eickholti.

Alta, elkarretaratzean gogorarazi zutenez, administrazio publikoek «gehiago» egin dezakete. «Ez zarete ari gutxienekoa egiten eta milaka lanpostu defenditzen. Hirugarren mailako rola jokatzen ari zarete, eta denbora agortzen ari da, egoera larria baita. Ontzat jotzen dituzue zuzendaritzak emandako lasaitasun mezuak, eta sektorean erreferentziazkoa izan den konpainia bat desegitea uzten ari zarete». Egoeraren aurrean jarrera irmoagoa hartzeko eskatu die Pablo Vitalek gobernuei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.