Suteak

Errigorak 85.000 euro bildu ditu ekaineko suteen ondorioei aurre egiteko kanpainan

Zazpi proiektu finantzatuko dituzte Uxuen eta San Martin Unxen, bi helbururekin: «suebaki berdeak» sortzea eta «abeltzaintza estentsiboa» sustatzea.

Errigoraren agerraldia, gaur goizean, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko abenduaren 21a
12:33
Entzun

Kalte larriak eragin zituzten suteek Nafarroan ekainean. Besteak beste, 15.000 hektarea erre zituzten. Hori dela eta, Errigora herri egitasmoak Lurra, sua, ura, herria kanpaina abiatu zuen. Bada, Errigorak gaur jakinarazi duenez, 85.000 euro lortu dituzte. Lehen 10.000 euroak Errigorak jarri zituen, eta herritarren ekarpenez lortu da gainerakoa.

«Bildutako diruarekin, lurrarekin begirunez jardungo duten ereduak sustatu nahi ditugu, garapenaren eta berehalako errentagarritasunaren izenean bazter utzi ditugun praktika iraunkorrak berreskuratuz. Helburua argia da: aurtengoa izan dadila, betiko, Nafarroan inoiz piztu den suterik handiena», adierazi du Ibai Sueskun Errigorako kideak, gaur goizean Iruñean egin duten agerraldian.

Kanpainaren irabaziak kudeatzeko, diziplinarteko mahai bat osatu zuten, eta horretan parte hartu duen Mirian Otxotorena NNPEK Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseiluko presidenteak azaldu du zein lan ildotarako erabiliko duten dirua: «suteak zabaltzea zailtzeko eta herriguneak babesteko suebaki berdeak sortzeko», batetik, eta «abeltzaintza estentsiboa sustatzeko», bestetik, «ganadua izan dadin suhiltzailerik eraginkorrena».

Irizpide horiei jarraikiz, Uxuen eta San Martin Unxen zazpi proiektu garatuko dituzte. San Martinen, bide berri bat egingo dute, pertsona eta ibilgailuei sarrera errazteko; aisialdi gune bat egokituko dute; mahasti berriak landatuko dituzte; eta herriko behi nahiz ahuntz abeltzainei lagunduko diete. Uxuen beste hiru proiektu garatuko dituzte: «Antzandieta amildegiaren garbiketa eta iturri eta zubi erromanikoen berreskurapena»; «Lanbide Heziketako eskolekin hitzarmenak egitea lanpostuak sortzeko, eta nekazaritza gaiak, agroekologikoak eta agroforestalak lantzea»; eta herrigunetik Uxue parkeraino doan ibilbide bat sortzea, «landarediaz gozatzeko».

Proiektuok eta antzeko beste batzuek jarraipena izan dezaten nahi dutela nabarmendu du Sueskunek: «Lehenengo bultzada bat da hau, gero beste eragile eta erakunde batzuk ere inplikatu eta proiektu hauei eta berriei jarraipena emateko bokazioz sortutako egitasmoa baita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.