ESPAINIA

Konstituzionalak ezohiko osoko bilkura du gaur, kautelazko neurria kentzeaz Senatuak egindako eskaera aztertzeko

Goi ganberak esan du «babesik gabe» sentitzen dela, eta argudiatu du Kongresuan egindako bozketak baliogabetzea zela PPren helegitearen asmoa. Senatuak saioa du bihar.

Espainiako Senatua. EFE
Igor Susaeta.
2022ko abenduaren 21a
16:41
Entzun

Auzitegi Konstituzionaleko presidente Pedro Gonzalez-Trevijanok urgentziazko osoko bilkura batera deitu du, gaurko (19:00). Izan ere, Senatuak inpugnatu egin du Konstituzionalak astelehenean hartutako erabakia. Hark ebatzi zuen, PPren helegite bat ontzat emanez, baliorik gabe uztea Zigor Kodearen erreformaren barruan jasota zeuden eta auzitegi horretako kideak berritzeko eginkizunaren derrigortasuna ezartzen zuten bi zuzenketak. Goi ganberak, baina, kautelazko neurriak bertan behera uzteko eskatu dio Konstituzionalari, eta bihar baino lehen ebazteko.

Ikusi gehiago: Konstituzionalak Zigor Kodearen erreformaren tramitazioa geratu du

Senatuan osoko bilkura dute bihar. Zigor Kodearen erreformaren barruan helegiterik jarri ez zaien neurriekin aurrera jarraitzea erabaki dute: batetik, sedizio delitua ezabatzea, Kataluniako «gatazkaren desjudizializazioa» bultzatzeko; bestetik, diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua moldatzea. Horiei buruz eztabaidatzekoak eta bozkatzekoak dira. Okerrik ezean, onartu egingo dituzte, joan den ostegunean Kongresuan egin bezala.

Ikusi gehiago: Roberto Uriarte: «Epe luzeko estrategia bat daramate gehiengoa indargabetzeko»

Baina Senatuak nahi du kautelaz baliogabetutako bi zuzenketak ere eztabaidatuak eta bozkatuak izatea. Iruditzen zaio, inpugnazioan jaso duenez, «babesik gabe» gelditu dela, eta zalantzan jarri du Senatuari kautelazko neurriak ezartzea, PPren eskaera izan baitzen, goi ganberaren arabera, Kongresuan egindako bozketak baliogabetzea. Konstituzionalak 11 magistratu ditu, eta horietatik sei joera kontserbadorekoak dira.

Ikusi gehiago: Pedro Sanchezek lege bat onartuta desblokeatu nahi du Konstituzionala

Konstituzionalak botere judizialaren berritzeari ezarritako blokeoa saihesteko, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen asmoa da lege proposamen batean jasotzea Konstituzionalak indargabetutako zuzenketen edukia, eta horren urgentziazko tramitazio bat egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.