Finantza publikoak

Legealdiko laugarren aurrekontuak aurrera atera dituzte Nafarroan

PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak alde bozkatu dute, eta EH BIlduren abstentzioak ahalbidetu egin du 2023ko aurrekontuak onartzea. Navarra Sumak kontra bozkatu du.

PSNko Ramon Alzorriz, EH Bilduko Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araiz eta Javier Remirez presidenteordea. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2022ko abenduaren 22a
11:53
Entzun

Laugarren aldiz, aurrekontuak aurrera ateratzea lortu dute Nafarroako Gobernuko hiru alderdiek, eta, laugarren aldiz, Navarra Suma bakarrik geratu da, ezezkoan. Gainera, PSNko Ramon Alzorrizek ohartarazi dio garai bateko nostalgia atzean utzi behar lukeela, «PSNk egungo posizioari eusteko asmoa duelako».

BI hilabete pasako bidea egin du aurrekontuaren lege proiektuak, onartua izan aurretik. Lehenik, gobernu barruan bazkideen eta departamentuen arteko akordioa erdietsi zen, baina, EH Bilduren botoen beharra zuenez gehiengoa ziurtatzeko, azaroaren 3an lortu zuen gobernuak koalizio abertzalearekin ados jartzea: EH Bilduk 15 milioi euroren balioa duten ekarpenak egin zituen, eta zehazki 10 milioi handitu zuen proposamena. Azkenik, parlamentuan, 347 zuzenketa partzial onartu ziren, eta beste 16 milioi euro izango ditu.

Tramitazioa burututa, 2023ko aurrekontua 5.748,9 milioi eurokoa izango da. 510 milioi jarriko dira zorra amortizatzeko eta azken hilabeteetan igo diren interes tasak ordaintzeko: aurrekontuen %10 ia. Finantza gastuak kenduta, gobernuak 5.238,7 milioi izango ditu gastu eta inbertsio publikorako; hau da, aurten baino %9,3 gehiago —zehazki, 471 milioi euro gehiago—. Igoera horretan, baina, Europako funtsen lorratza handia da, 249 milioi jasoko baititu.

Eztabaida parlamentuan

Parlamentuan hitza hartzen lehena Maria Jesus Valdemoro Navarra Sumako parlamentaria izan da, eta legealdiko balantze modukoa egin du. Pandemiak eta Ukrainako gerrak egoera ekonomikoa baldintzatu duela onartu arren, Valdemorok azpimarratu du UPNri kudeatzea egokitu zitzaion «aurreko krisian ez bezala» diru eta zerga politiketan aldeko haize sendoa etorri zaiola Europatik egungo gobernuari. Horri gaineratu dio «loteria txartel irabazlea» atera zaiola inflazioari esker zerga bilketa are gehiago igo delako.

Alta, haren ustez, ezohiko laguntza eta baliabideak izanagatik, gobernuak «kudeaketa txarra» egin du. Legealdi osoan egin bezala, gogora ekarri du Navarra Sumak luzatutako eskua ukatu zuela PSNk —2020 hasieran, EH Bildurekin itunik ez egitearen truke legealdiko aurrekontu guztiak onartzea eskaini zion—, eta Maria Txibiteri «EH Bilduren eta Ferrazen erritmoari lotuta» egotea aurpegiratu dio. «Hasieratik izan da horrela, itxura gordetzen ahalegindu bazara ere. Urratsez urrats joatea irudikatu nahi izan duzue, baina legealdiko akordioa izan duzue». PSNri ohartarazi dio aurreko legealdian esan zutenaren kontra jardun dutela eta 2023ko foru hauteskundeetan boto emaileek zigortuko dutela. UPNk sozialisten 12.000 boto jaso ditzakeela uste du.

PSNko Ramon Alzorrizek azpimarratu du «egun handia» dela, «enpresek eta herritarrek zailtasunak dituzten garai konplexu batean funtsezkoa delako erantzunak ematea». Garrantzia eman nahi izan dio legealdiko laugarren aurrekontuak atera izanari. Alzorrizen arabera, sozialistek herritarren arazoei konponbidea emateko «politika erabilgarria» egiten duten bitartean, eskuina «politika higatzeko eta suntsitzeko» dago. «Konponbideei uko egiten diete, egoerak manipulatzen dituzte, errealitateaz gezurra esaten dute, eta, okerrena dena, demokrazia gutxiesten dute». Voxek aurrerapen sozialak eraitsi nahi dituela salatu du. «Horren aurrean, Navarra Sumako alderdiek bat egin dute, eta ez zaie inporta askatasunetan eta eskubideetan atzera egitea».

Valdemorosen kritikei erantzunez, gogoratu du UPNk ez duela sinesgarritasunik kudeaketa txarra egozteko, egun Navarra Sumaren harmailetan esertzen diren parlamentari esanguratsuenak, Javier Esparza barne, UPN azken agintaldiko murrizketen arduradun izan zirelako. «Boto emaile sozialistek ez diete jaramonik egingo zuen gezurrei eta irainei. EH Bildurekin gobernua hitzartu dugun leloa errepikatuz gutxiesten gaituzue, eta iraindu». Oraingo PSN «luzerako geratzeko etorri» dela ohartarazi dio.

Geroa Baiko Mikel Asiainen arabera, aurreko legealdia aintzat hartuta, «zortzigarren aldiz» jarraian onartu dira aurrekontuak, eta «pozik» dago horregatik. Dena den, «orban bat» kritikatu du: Kattalingune zerbitzuan murrizketak egon direla, eta espero du Javier Remirezen Departamentuaren menpeko INAI berdintasunerako institutuak egoera hori berriz bideratzea. Geroa Baik kudeatutako departamentuek 411 milioi euro izango dituztela esan du, eta tartean nabarmendu du Energiaren Agentzia sortzeko ados jarri beharko luketela, administrazio publikoaren energia beharrak asetzeko. Euskararen arloan aurrekontua handitu izana ere nabarmendu du.

EH Bilduko Laura Aznalek esan du horiek ez liratekeela euren koalizioak egingo lituzkeen aurrekontuak, baina akordioaren garrantzia nabarmendu du. «Gorabeheren, kontraesanen eta desadostasunen gainetik, balioa eman behar zaio akordioari. Akordioak ahalbidetzen du aurrera egiten jarraitzea». Aznalen arabera, batzordeko eztabaidan Navarra Sumak «benetako oposiziora joatea eta basamortuan zeharkaldi luzea egitea» opa zien. Orain erantzun dio hori ez dela horrela gertatuko.

Ahal Dugu-ko Mikel Builek aipatu du lorpena ospatuko dutela. Sozialki egoera ekonomikoaren ondorioz garai zaila dela onartu du, eta pobreziaren arriskua nabarmendu. Era berean, gogoratu du UPNren garaitik Eskubide Sozialen Departamentuaren inbertsioa hiru bider handitu dela eta iraupen luzeko zaintzan urratsak egin direla legealdian. Ezkerrako Marisa de Simonek alde bozkatu arren, nabarmendu du zerga arloan hutsune bat dagoela eta langileen ekarpena enpresena baino nabarmen handiagoa dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.