Osakidetza

Donostia ospitalean protestaren irudia «berreskuratu» dute

Protesten deitzaileek beren artean «batasuna» dagoela nabarmendu dute, eta astean zehar berritasunak espero dituztela Osakidetzako buruekin dituzten harremanetan

Gaurko bilkuraren irudi bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2022ko abenduaren 26a
09:45
Entzun

08:15ean, agindutako orduan, irudia berritu dute: bata zuriz jantziriko langileek Donostia ospitaleko atariko eskailerak bete dituzte, Osakidetzako buruzagitzarekin dituzten desadostasunak erakusteko. Txalo zaparrada batekin amaitu dute mobilizazioa. Hamarnaka lagun elkartu dira.

Abenduaren hasieran lehertu zen krisia; Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuko arduradun nagusiak kargugabetu zituen Osakidetzak, Itziar Perez eta Idoia Gurrutxaga, hainbat dimisio ere egon dira erabaki horien ondorioz, eta erietxeko zerbitzuburuek hainbat aldarri jarri zituzten mahai gainean; ematen den arta hobetzeko ezinbestekoak direla esan dute, eta Osakidetzaren erabakiak hartzeko era «bertikala» ere salatu nahi izan dute. Besteak beste, Donostia ospitalea «erreferentzialtasuna» galtzen ari dela salatu dute. Joan den astean, elkarrizketak tarteko, egoerak hobera egin zuela zirudien; mobilizazioak, hain zuzen ere, etenda zeuden. Baina ostiralean berritu egin zuten mobilizazioetan parte hartzeko deia. Printzipioz, astelehenero egitea da asmoa.

Toraxeko kirurgialari Jon Zabaletak hartu du hitza gaurko protestaren amaieran. «Irudi hau berreskuratu nahi izan dugu herritarrek jakin dezaten hemen gaudela», azaldu du. Adierazi du joan den ostiraletik hona ez dela berritasunik izan Osakidetzako eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko buruzagiekin dituzten harremanetan, eta deus berririk ezin dutela erantsi oraindik. Nabarmendu du, hala ere, protesten deitzaileen artean dauden profesionalen arteko «batasuna» agerikoa izan zela joan den ostiralean izan zuten batzar nagusian. «Denak oso elkartuta gaude, eta Osakidetzaren zain. Asteburu honetan, logikoki, ez da mugimendurik egon, eta itxaron egingo dugu aste honetan zehar zer berritasun dauden ikusteko».

Krisia elkarrizketaren bidez konpondu nahi dutela adierazi du. «Guk hitz egiten jarraitu nahi dugu, baina pauso finkoak eskatzen ditugu. Egunean-egunean joango gara ikusten zer gertatzen den. Horren arabera, gure jarrerak alde batera edo bestera egingo du; betiere, batzarrean erabakitzen dena errespetatuta».

Lehenesteko gaiak

Elkarrizketetan lehenetsi beharreko gaiak zehaztu ditu Zabaletak: «Gu kezkatzen gaituzten gaiak LEP lan eskaintza publikoarekin eta Onkologikoarekin lotuta daude. Gai horiek premiazkoak dira. Abenduaren 31n bukatzen da Onkologikoarekin egun dagoen lotura; LEPa ere hila bukatu baino lehen aterako da».

LEPari dagokionez, zehaztu du beren eske nagusia dela egun erietxean dauden «lanpostu soslaien» araberako postuak eskainiko direla bermatzea; gainerakoan, ospitalean egun dauden espezialitateetako profesionalak faltako dira, haien ustez.

Onkologikoari dagokionez, minbiziaren artan espezializatutako erietxe hori guztiz Donostia Ospitalearen barruan integratzea nahi dute zerbitzuburuek, baina horretarako bermerik ez dute ikusi orain arte Osakidetzak hartu dituen erabakietan. Onkologikoarekin aparteko ESI Erakunde Sanitario Integratu bat sortzerik ez dute nahi.

Adolfo Lopez de Munain zerbitzuburuen bozeramaileak lehengo astean jakinarazi zuenez, Osakidetzak kargugabetzeen ostean Donostia ospitalean kudeatzaile jarri zuen Agustin Agirrerekin harremanak ez dira onak; esan zuen Adolfo Begiristain Donostialdeko ESIko mediku ohiak elkarrizketa batean egindako adierazpenak gezurtatzeko eskatu ziela, eta uko egin diotela horri. Mobilizazioak berriz hasteko motiboen artean hori jarri zuen. Solaskide horrekin dituzten harremanen inguruko adierazpenik ez dute egin nahi izan gaur elkarretaratzean batu diren langileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.