AEB-ak

AEBetan 50 pertsona inguru hil dira elur ekaitzaren eraginez

AEBetako biztanleen %60ri eragin die nolabait 'Elliot' elur ekaitzak. Japonian gutxienez hamazazpi pertsona hil dira elurtearen ondorioz.

AEBetako Buffalo hiria, elurtuta. JALEN WRIGHT / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko abenduaren 26a
17:02
Entzun

AEB Ameriketako Estatu Batuetan gogor jo du neguak. 50 pertsona inguru hil dira, Elliot deituriko elur ekaitzaren eraginez. AEBetako biztanleen %60 inguruk jasan behar izan dute elur ekaitzaren ondoriorik. Izan ere, Ozeano Artikotik joandako haize fronteak elurrez estali du herrialdea, Kanadako mugatik Mexikokoraino. NWS AEBetako Meteorologia Zerbitzu Nazionalak gaur adierazi du herrialdeak «izoztuta» jarraituko duela, baina gaurtik aurrera «moderaziorako joera» izango duela Artikoko fronteak.

Azken hamarkadetako negurik hotzena da oraingoa, NWSren arabera. Esaterako, Eguberri egunean -10,5 graduko tenperatura izan zuten New Yorken (AEBak); erregistratutako tenperaturarik hotzena 1872tik. Ondorio latzenak Buffalo hirian jasan dituzte (New York, AEBak). Gutxienez hamasei pertsona hil dira hor, eta gorpuak etxeetan, autoetan eta kalean aurkitu dituzte. Kansas, Wisconsin eta beste lau estatutan ere izan dira hildakoak. Hotzagatik, ibilgailuetatik atera ezinik geratzeagatik eta izotzak eragindako trafiko istripuen ondorioz hil dira, besteak beste, 50 lagun inguru.

Gainera, elektrizitaterik gabe daude 100.000 herritar inguru Maine eta New York estatuetan. Dena den, sistema elektrikoa berrezartzeko lanetan dihardute; guztira, 1,7 milioi lagun egon dira argirik gabe. Elurra eta urakan haizea izan dira erantzuleak.

Joe Biden AEBetako presidenteak «adi egoteko» eta «prebentzioa» eskatu zizkien estatubatuarrei aurreko astearen amaieran. «Bidaiatzeko asmorik baduzue, irten orain. Ez da txantxa bat», esan zuen ostegunean Etxe Zurian egin zuen prentsaurrekoan. Izan ere, aurreikusitakoa bete zen. Gabon egunean, esaterako, herrialde osoko hegaldien %20 bertan behera geratu ziren eguraldi ankerraren ondorioz.

Oraindik ere «arriskutsua» da errepideetan gidatzea, NWSk gaur adierazi duenez. Hala ere, astea aurrera joan ahala egoera meteorologikoa hobetuko dela iragarri du agentziak.

Japonian ere, negu latza

AEBetan ez ezik, Japonian ere jasaten ari dira elur ekaitza. Elurrak eta hotzak gutxienez hamazazpi pertsonaren heriotza eragin du. Hilaren 17an hasi zen elur ekaitza Japonian, eta, ordutik, herrialdearen iparraldeko eta ekialdeko zenbait eskualdetan urte osoan izan ohi duten batez besteko elurra hirukoiztu egin da.

Hamazazpi hildakoez gain, 90 zauritu inguru ere eragin ditu elur ekaitzak Japonian. Gainera, herrialdeko sistema elektrikoari ere eragin dio, eta etxebizitza ugarik ez dute argirik izan neguaren hasieran.

Dena dela, Japoniako Meteorologia Agentziak iragarri duenez, elur ekaitzak goia jo du ja, eta datozen egunetan eremu menditsuetan baino ez du elurra egingo. Ohartarazi dute eremu horietan elur jausien arriskua egongo dela oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.