Serbia-Kosovo

Serbiako tropak «borrokarako prest» jarri dituzte Kosovoko mugan

Belgradek alerta maila gorenean ezarri du bere armada asteotako tentsioarengatik, eta soldaduen kopurua 1.500dik 5.000ra igo du.

Rudare (Kosovo) kanpoaldeko errepide batean ezarri zuten zirkulazioa eteteko barrikadetako bat, hilaren 11n. EPA / EFE
ander perez zala
2022ko abenduaren 27a
12:03
Entzun

Serbiak ez die jaramonik egin Mendebaldeko erakundeen eta herrialdeen lasaitasunerako deiei, eta «borrokarako prest» jarri ditu bere armadako soldaduak Kosovoko mugan. Hilabeteotan nabarmen handitu da bi herrialdeen arteko tentsioa, eta zortzi egun dira jada Kosovo iparraldeko trafikoa blokeatuta dagoela, hango serbiarrek —50.000 inguru dira— kamioiak geldituta eten baitute zirkulazioa; Pristinak diskriminatu egiten dituela argudiatzen dute, besteak beste.

Belgradek iragarritako neurri horren bidez, Kosovoko mugan dauden soldaduen kopurua 1.500dik 5.000ra igo dute, eta, Bratislav Gasic Serbiako Barne ministroak azaldu zuenez, segurtasun indarrak —Polizia ere bai— armadaren buruzagitzaren agindupean daude gaurtik. Serbiako presidente Aleksandar Vucicek agindurikoa bete du Gasicek: «neurri guztiak» hartu behar direla Kosovoko serbiarrak «babesteko».

Milos Vucevic Serbiako lehen ministrorde eta Defentsa ministroak, berriz, gaineratu zuen bere herrialdearen lurralde osotasuna babesteko «beharrezko neurriak» hartzen ari direla, eta Kosovoko Gobernuari leporatu zion mugatik gertu armamentua biltzen aritzea, eta eremu hori militarizatzea: «Ez dago beldurrerako arrazoirik, baina bada kezkarako arrazoirik».

Erabaki horien aurretik, Milan Mojsilovic Serbiako armadako burua bi herrialdeen arteko mugara bidali zuten iragan igandean, eta, hain justu, hango egoera «oso zaila» dela azaldu ondoren, gobernuari eskatu zion soldadu gehiago bidaltzeko eremu horretara. Belgradek baiezkoarekin erantzun dio, eta, oraingoz, Mojsilovic zona horretan dago.

Autoen matrikulen aferak are gehiago gaiztotu zuen bi herrialdeen arteko giroa, eta, azaroaren 24an horren inguruan ados jarri ziren arren, Kosovo iparraldeko serbiarrek ez dute begi onez ikusi erabakia; besteak beste, tokian tokiko epaileek eta 600 bat poliziak dimisioa eman zuten akordio horren aurretik, protesta gisara.

Gerora, hilaren 10ean, berriz handitu zen tentsioa, Kosovon polizia ohi serbiar bat atxilotu zutenean —Mitrovica iparraldeko bozak antolatzeko bulegoei eraso egin izana leporatzen diote—; protesta gisara, barrikadak jarri zituzten mugako errepideetan, eta, harrezkeroztik, egoerak okerrera egin du. Kossev atariaren arabera, gaurko ordu txikietan beste bi barrikada eraiki dituzte, eta Kosovoko Poliziak gertakari hori baieztatu du, adierazita «pertsona eta talde kriminalek» jarri dituztela.

Jokaleku horretan, Serbiak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea buru duen KFOR misioari —1999tik dago Kosovon— eskatu zion, hilabete hasieran, mila soldadu hedatzeko bi herrialdeen arteko mugan Kosovoko serbiarrak babeste aldera, baina misioak ezetz erantzun zion. Eta, beste aldean, Kosovoko Gobernuak mehatxu egin du indarkeria erabiltzearekin, KFORek barrikada horiek desegiten ez baditu.

Tiroketak

Hilabete hasieran, Poliziaren eta EB Europako Batasunaren diplomazialarien kontrako tiro batzuk izan ziren mugatik gertu, eta KFORek atzo jakinarazi zuen iragan igandean izandako «gertakari bat» ikertzen ari dela, mugatik gertu dagoen Zubin Potok herrian gertaturikoa; kasu horretan ere, «ezezagun batzuek» tiro egin zieten NATO buru duen misioko soldaduei, baina ez zuten ez inor hil, ezta zauritu ere.

«Garrantzitsua da gatazkan sartuta daudenek tentsioa eragin eta egoera okertu ez dezaten ekintza edo erretorika oro saihestea. Espero dugu eragile guztiek ez dutela indar erakustaldi probokatzailerik egingo, eta komunitate guztien segurtasuna bermatzeko irtenbiderik onena bilatuko dutela», esan zuen KFORek prentsa ohar baten bitartez.

Hain justu, Albin Kurti Kosovoko lehen ministroa, Angelo Michele Ristuccia KFOReko komandantea eta Lars-Gunnar Wigermark EBren misioko burua elkartu egin ziren atzo afera horretaz aritzeko, baina ez zuten eman bileraren edukiaren berri. Zera besterik ez zuen esan Pristinak: «Bilkura honetako ondorio komuna izan zen mugimendu askatasuna berriz ezarri behar dela, eta ez dela barrikadarik izan behar».

Kosovok 2008an aldarrikatu zuen independentzia, baina Serbiak ez zuen aitortu erabaki hori, ezta nazioarteko hainbat estatu eta erakundek ere, tartean Txina, Errusia, Nazio Batuen Erakundea eta Espainia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.