Presoak

Espetxe politika salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte Nafarroako 44 herritan

Ia kontzentrazio denak ostiralean eta larunbatean egingo dituzte. Urtarrilaren 7an Bilbon Etxera bidea gertu lelopean egitekoa den manifestaziora deitu du Nafarroako Sarek.

Gaur Iruñeko Katakrak-en egindako elkarretaratzea. IñIGO URIZ / FOKU
2022ko abenduaren 27a
13:01
Entzun

«Une honetan inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herriko emakume eta gizonak modu masiboan mobilizatzea presoen etxeratze bidean jartzen ari diren oztopoak kentzeko». Nafarroako Sarek ezinbestekotzat jo du konponbidearen bidean aurrera egiten jarraitzea, eta datozen egunetan elkarretaratzeak egingo ditu lurraldean barna. Deialdien berri emateko agerraldia egin du Nafarroako Sarek, Karmele Solagurenen senideekin eta Hatortxu Rockeko antolatzaileekin batera.

Lehen kontzentrazioa etzi egingo da, Burlatan, 19:30ean. Ostiralean egingo dira elkarretaratze gehienak (30), 19:00 eta 20:00 artean: Iruñekoa, esaterako, 20:00etan egingo da, Sarasate pasealekuan; Altsasukoa, 19:30ean, udaletxe aurrean; Berriozarren, 20:00etan, udaletxe aurrean; Etxarri Aranatzen, 20:00etan, plazan; Leitzan, 19:00etan, plazan; Lesakan, 20:00etan, plazan; Beran, 20:00etan, Mukixu zubian; Tafallan, 20:00etan, Lau Iskinetan; Tuteran, 20:00etan, San Jaime plazan.

Larunbatean, beste 11 herritan elkarretaratuko dira: besteak beste, Agoitzen, 19:00etan, udaletxe aurrean; Antsoainen, 18:30ean, Lapurbide plazan; Elizondon, 20:00etan, plazan; Garesen, 19:00etan, plazan. Urtarrilaren 4an, berriz, Lodosan egingo dute kontzentrazioa.

Bi urte manifestazioa egin gabe

Iparraldetik hegoaldera lurraldean egingo diren elkarretaratze guztiotan, Bilboko manifestazio nagusirako deia ere egingo da. Sarek gaur prentsaurrekoan gogoratu du pandemiaren ondorioz aurreko bi urteetan ez dela manifestazio hori egin.

Autonomia kaletik Bilboko udaletxeraino joango da, eta garrantzitsua deritzote euskal gizarteak mezu argia emateari: «Ezin dugu pentsatu arazoak bulego eta instantzia judizialetan bakarrik konponduko direla». Mikel Mundiñano Sareko kideak funtsezkotzat jo du elkarbizitzan aurrera egitea oztopatzen ari diren bulegoetara iristea «gizartearen gehiengoaren borondatearen oihartzuna».

Izan ere, Sarek uste du «ezer ez aldatzea nahi duten indarrak» badirela, eta indar horiek konfrontazioa eta sufrimendua betikotzeko interes handia dutela deritzote. Horietako bat Auzitegi Nazionala da. Fiskaltzaren bitartez presoen etxerako bidea oztopatzen ari dela salatu du Sarek: hala nola zigorrak luzatuz, ia bizi osoko zigor luzeak ezarriz edo hirugarren gradura igarotzeko eskaerak oztopatuz eta baimenak lortzea blokeatuz. «Herri honetan elkarbizitzaren eta bakearen alde ematen ari diren aurrerako urratsak oztopatzeko asmo garbia dute.

Oztopoak oztopo, Sareren arabera, hamarkada luzeetan euskal presoek eta familiek pairatutako urruntze politika amaitzear dago. «Aurrera egin dugu, eta aurrera egiten segitu behar dugu, etxeratze prozesua amaierara eraman arte. Horretarako, euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak indargabetu behar dira. Lehenbailehen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.