Osasuna

Sagarduik dio elkarrizketarako bidea zabalik dagoela eta proposamenak aintzat hartzen dituztela

Donostialdeko ESIko langileek egindako eskakizunez mintzatu da Gotzone Sagardui sailburua.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua, artxiboko irudia. RAUL BOGAJO / FOKU
Isabel Jaurena.
2022ko abenduaren 29a
10:49
Entzun

Osasun Sailean elkarrizketarako bidea zabalik dagoela eta alde guztiek egiten dituzten proposamenak aintzat hartzen dituztela azaldu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Gaur goizean elkarrizketa egin diote Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Atzo arratsaldean, Donostialdeko ESIko langileek bost eskakizun «zehatz» egin zituzten prentsaren aurrean, eta, bertzeak bertze, horietaz jardun da Sagardui. Azaldu du atzo egindako eskakizunak ezagunak zituela jada, eta horien inguruan «lan egiten» ari direla.

Ikusi gehiago:Donostialdeko ESIko langileek bost eskakizun «zehatz» egin dituzte

«Ospitaletik datorren zuzendaritza mediko bat» ezar dezatela eskatu zuten agerraldian, eta Sagarduik azaldu du Osakidetzan «ibilbide batean» daudela, eta erabaki horietara iristeko «pausoak» eman behar direla. «Nire zeregina da sare guztia ahalik eta ondoen antolatzea, herritar guztiek ahalik eta zerbitzu onena izan dezaten, eta horri ekiten diogu», gehitu du. «Erabakitzeko gaitasuna» izanen duen mahai tekniko bat ere eskatu zuten atzoko agerraldian, eta horri buruz ere galdetu diote Sagarduiri. Azaldu du proposamenak aintzat hartu izan direla, eta elkarrizketarako bidea zabalik dagoela: «Akordioak guztiok nahi ditugu».

Espezializazioen barnean espezializazio bereziak ere badira, eta horiek lan eskaintza publikoan ez egoteari buruz galdetu diote Sagarduiri. Egoera horiek aztertzeko lana «abian» dagoela azaldu du, baina legeak mugak dituela. Onkologikoaren integrazioaz mintzatzean, erabakia bera prozesuaren lehen pausoa izan dela azaldu du Sagarduik. Ez du epeen inguruan azalpenik eman nahi izan, integrazioak «behar duen prozesua» zein den ez baitakite oraindik.

Pribatizazioa

Zerbitzu publikoen pribatizazioaz eta aseguru pribatuen kontratazioen igoeraz ere mintzatu da Sagardui. Azaldu duenez, oposizioko zenbait alderdi osasun zerbitzu batzuen pribatizazioaz mintzatzen badira ere, Osasun Sailean ez dute «horren asmorik». Aseguruei dagokienez, argi du: «Herritarrek badakite Osakidetzak osasun zerbitzu publiko indartsu bat izaten jarraitzen duela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.