Israelgo Gobernua

Okupazioa «Israelen eremu osora zabaltzea» da Israelgo Gobernu berriaren helburua

Netanyahu seigarren aldiz izendatu dute lehen ministro. Eskuin muturreko koalizioa eta alderdi ultraortodoxoak izango ditu bidelagun.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministro kargua hartzeko zeremonian, parlamentuan, gaur goizean. AMIR COHEN / EFE
maddi iztueta olano
2022ko abenduaren 29a
14:59
Entzun

Benjamin Netanyahuk bere seigarren agintaldiari hasiera eman dio gaur. Azken hiru urte eta erdian, bost aldiz segidan egin dituzte hauteskundeak Israelen, gehiengo garbia osatu ahal izateko. Paralisi politikoaren ostean, Netanyahu eskuin muturrarekin elkartu da. Gobernu berriaren asmoek hautsak harrotu dituzte, batek bereziki: «okupazioa Israel osora zabaltzea». Horretarako, legealdirako akordioan adostu dute juduen legez kanpoko kokalekuak legeztatzea eta Zirsjodaniako okupatutako lurraldeak anexionatzea.

Knesseten, egin dute kargua hartzeko zeremonia, Israelgo Parlamentuan. Netanyahuk bere gobernukideak aurkeztu ditu, eta ministro karguak izendatu ditu: 30 ministroetatik bost bakarrik dira emakumeak. Goizeko agerraldian bi helburu nagusi iragarri ditu: «Iranen mehatxu nuklearrari eustea eta eskualdeko komunitate arabiarrekin bakea lortzea».

Xas eta Tora Judaismo Batua talde ultraortodoxoak eta Botere Juduak, Noamek eta Alderdi Sionista Erlijiosoak osatzen duten eskuin muturreko koalizioa izango ditu bidelagun. Supremazistek, kolonoek eta homofoboek osatutako aliantza hori izan zen azken hauteskundeetan boto gehien lortu zituzten indarretan hirugarrena.

Hain justu, Hebrongo kolono juduen komunitate batean bizi da Alderdi Sionista Erlijiosoko kide Itamar Ben-Gvir. Bozetako ibilbidean gehien nabarmendu diren pertsonaietako bat da, eta toki bat izango du Netanyahuren gobernuan: Segurtasun Nazionaleko ministro izango da. Israelgo Poliziaren kontrola izango du, baita mugako poliziarena ere. Bada, atzo onartu zuten parlamentuan lege hori. Agintaldia hasi eta 90 egunera mugako polizia erakunde independente bilakatuko da, eta Ben-Gviren ardurapean egongo da.

PAN Palestinako Aginte Nazionaleko bozeramaile Nabil Abu Rudeinehk atzo adierazi zuen Israelgo Gobernuaren asmoak «arriskutsuak» direla. «Ondorio larriak izango dituzte eskualdean», esan zuen.

Halaber, gobernu kontserbadoreak jopuntuan jarri ditu LGTB kolektiboko kideak. Diskriminazioaren aurkako legea aldatzeko klausula bat aurkeztu dute, zeinak zerbitzuetako sektoreko langileei aukera ematen dien «arrazoi erlijiosoengatik» LGTB kolektiboko kideak ez artatzeko. Netanyahuk esan zuen ez zuela utziko lege hori indarrean sartzen, baina koalizio homofoboarekin adostutako akordioaren parte da.

Sistema judizialean ere zenbait erreforma egin nahi dituzte. Deuseztapen klausula delakoa arautu nahi dute. Klausula hori indarrean jarriz gero, parlamentuko gehiengoak Auzitegi Gorenaren epaiak baliogabetu ahal izango lituzke.

Horiez guztiez gain, xede dute soldaduei soldata %20 igotzea, eta armadan ibili direnei lehentasuna ematea unibertsitateko zenbait gradutan sartzeko: hala nola medikuntzan, zuzenbidean, informatikan, ekonomian eta ingeniaritzan. Baita lan egin beharrean ikasi nahi duten gizon ultraortodoxoentzat ordainsariak eta bekak ematea ere.

Giro gazi-gozoa izendapen egunean

Oposizioko hainbat kide ekitalditik kanporatu dituzte, Netanyahu hitz egiten ari zela mahaiei kolpeak emateagatik eta hari «ahul» deitzeagatik. Hark oposizioko legegileei esan die «errespetatzeko boto emaileen nahia eta onartzeko galdu» egin dutela.

Ehunka lagun bildu dira Knessetaren eraikinaren aurrean, Jerusalemen, gobernu berriaren aurka protesta egiteko. «Gobernu kriminala» eta «homofobia eta arrazismoa indarkeria bera dira», zioten zenbait kartelek.

Hamasei urtez izan da lehen ministro Netanyahu, 1996tik 1999ra eta 2009tik 2021era. Urtebete oposizioan egon ostean, berriz izendatu dute gobernuburu. Hala ere, zama astun batekin hartuko du kargua, hiru ustelkeria kasu baitaude zabalik haren aurka, iruzurra eta eroskeriak onartzea egotzita. 2020ko ekainean immunitate eskaera aurkeztu zuen parlamentuan, baina ez zituen haren aldeko nahikoa boto lortu. Beraz, lehenago edo beranduago, auzitegian aurkeztu beharko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.