Gerra Ukrainan

Errusiak segida eman dio Ukrainan egin duen aire erasorik handienari

Sirena hotsak izan dira Kieven, herritarrak bunkerretan babestera deitzeko. Ukrainaren esanetan, Errusiaren hamasei drone suntsitu ditu.

Etxebizitza erikin bat suntsituta Kiev kanpoaldean, atzo, Errusiaren aire eraso baten ostean. SERGEY DOLZHENKO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko abenduaren 30a
12:28
Entzun

Errusiak Ukrainaren inbasioan orain arte egin duen aire erasorik handiena hasi zuen atzo, eta segida eman dio eraso horri bart gauean. Ukrainako armadak adierazi duenez, Errusiaren hamasei drone suntsitu ditu. Kieveko alkate Vitali Klitxkoren esanetan, zazpi drone hiriburura zuzenduta zeuden, eta horietako bat suntsitu ondorengo hondakinek eraikin administratibo bati kalte egin diote. Kieven, larrialdi sirena hotsak entzun dira 02:00 inguruan, herritarrak bunkerretan babestera deitzeko.

Ukrainako armadak gaur goizean jakinarazi duenez, azken 24 orduetan, Errusiak 85 misil eraso egin ditu, 35 aire eraso, eta bestelako jaurtigai sistemetatik egindako beste 63 eraso. Herrialdearen ekialdean, frontearen puntu gorienetako bat den Bakhmut hiri inguruko hogei kokaleku bonbardatu dituela gaineratu du, eta beste 25 Kherson eta Zaporizhia eskualdeetan.

Txernihiv eskualdean ere bonbardaketak izan direla adierazi du Ukrainako presidentetzak. Lurralde horretako Semenivka herrian hildako baten berri eman du. Semenivkan argindarrik gabe gelditu dira erasoen ondorioz, eta berdin gertatu da erasoak jasan dituzten eremu gehienetan ere, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen arabera.

Azaldu duenez, egoera «bereziki zaila» da Kieven, Odesan, Khersonen eta Lviven. Nabarmendu du baldintzak askoz ere okerragoak izango zirela Ukrainako aire defentsarengatik ez balitz. Errusiaren aire eraso oldeek energia azpiegitura ugariri egin diete kalte azken hilabeteetan, eta eragindako kalteek milioika herritar utzi dituzte argindarrik gabe.

Errusiak ere bonbardaketak jasan dituela salatu du. Ukrainarekin muga egiten duen Belgorod eskualdeko gobernadore Viatxeslav Gladkoven esanetan, Ukrainaren bonbek industria enpresa bati egin diote kalte. Mikhail Razvozhaev Errusiak Krimean ezarritako gobernadoreak —Errusiak 2014an anexionatu zuen penintsula— adierazi duenez, aire defentsa erabili behar izan dute eskualde horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.