Hilberria

Benedikto XVI.a hil da, polemikaz beteriko agintaldia izan zuen aita santu emeritua

Ratzinger 95 urte zituela zendu da, Vatikano hirian. Zahartzaroaren ondorioz Eliza katolikoaren buruzagitza utzi zuen lehen agintaria izan zen.

Benedikto XVI.a, 2013an. MICHAEL KAPPELER, EFE
ander perez zala
2022ko abenduaren 31
11:00
Entzun

Piano jotzaile bikaina omen zen, eta Wolfgang Amadeus Mozarten zale sutsua. Joseph Aloisius Ratzinger (Marktl, Alemania, 1927-Vatikano hiria, 2022), ordea, ez zen horregatik ezagun egin, Eliza katolikoan egin zuen ibilbideagatik baizik; eta, batez ere, aita santu gisa (2005-2013) egin zuen agintaldiaren ondorioz, polemikaz beterikoa izan baitzen. Benedikto XVI.a gaur hil da, Vatikano hirian, 95 urte zituela.

Ratzingerrek kontserbadoreen goraipamenak hartu zituen bere agintaldian, identitate katolikoaren tradizionalismoa berresten saiatu baitzen. Liberalagoek, berriz, Eliza katolikoaren barneko erreformak bertan behera uzteko saiakerak egitea leporatu zioten, eta, besteak beste, komunitate kristauen, juduen eta musulmanen arteko elkarrizketei kalte egitea.

Gatazkatsua izan zen haren agintaldia, eta, azkenean, 86 urte zituela, esan zuen dimisioa ematekoa zela, 2013ko otsailaren 11n —bi aste geroago utzi zuen kargua ofizialki—; besteak beste, azaldu zuenez, aurreko hilabeteetan nabaritu zuen «ezintasunagatik». Eliza katolikoan zahartzaroaren ondorioz dimisioa eman zuen lehen agintaria izan zen, eta hori «ezusteko bat» izan zen, Federico Lombardi garai hartako Vatikanoko bozeramaileak aitortu zuenez. Aita santu postua utzi zuenetik, Ratzinger Vatikano hiriko Mater Ecclesiae komentuan bizi zen.

Aita santu karguan egin zituen zortzi urteetan, Ratzingerrek abortua gaitzetsi zuen forma guztietan, baita pilula eta gainerako antisorgailuak ere. Horrez gain, 2005ean Joan Paulo II.a ordezkatzeko aita santu kargua hartu eta berehala, debekatu egin zuen seminarioetan homosexualak sartzea, eta 2012ko Gabonetako mezuan predikatu zuen sexu berekoen arteko ezkontzak «familiaren benetako egituraren kontrako erasoak» zirela, «amaz, aitaz eta umeez osatutakoari» egindakoak. Urte horretako apirilean, gainera, errieta egin zien Elizaren barruan emakumeek meza emateko eskubidea eta apaizak ezkontzekoa aldarrikatu zutenei. Finean, sexuarekin eta familia ereduekin lotuta moral hertsia izan zuen.

Vatileaks eskandaluak ere oihartzun handia izan zuen. Italiako hedabideek hainbat dokumentu argitaratu zituzten Vatikanoaren ustelkeria agerian uzteko, eta Ratzinger bera hiltzeko konplot bat zegoela azaldu zuten; dokumentu haiek argi utzi zuten Benedikto XVI.a ordezkatzeko borroka sutsua zegoela kuriaren hainbat sektoreren artean.

Oro har, Ratzingerrek zortzi urteko agintaldi polemikoa izan zuen aita santu karguan. Ahots kontserbadore irmoarekin iritsi zen Eliza katolikoaren buruzagitzara, baina eman nahi zuen mezua aldrebestu egin zitzaion: batetik, iraganean sexu erasoak zirela-eta hartu zituen erabakien ondorioz, eta, bestetik, umeei eta gazteei apaizek egindako sexu abusuak atera zirenean izan zuen jarreragatik —pentsamendu liberalaren totalitarismoaren jazarpena ikusi zuen, egia moralen kontrako «borroka kulturala»—. Halere, 2010eko irailean, aitortu zuen pederastia kasuetan Elizak ez zuela behar bezala jokatu: «Ez gara behar bezain azkarrak, arretatsuak eta erabakigarriak izan».

Abusuen inguruko ikerketa

Aita santu postua utzi ondoren ere, polemika zenbait izan zituen. Kasurako, urtarrilaren 20an jakinarazitakoa: Bigarren Mundu Gerraren ostetik ia gaur egun arte salatutako abusuak ikertu zituzten Alemanian —Eliza katolikoak eskatuta—, eta ondorioztatu zuten, besteak beste, Ratzingerrek adingabeen aurkako lau kasuren berri izan zuela Municheko artzapezpiku izan zen urteetan (1977-1982), baina ez zuela neurrik hartu. Are, dokumentuan jaso zutenez, aita santu emerituak ukatu egin zituen bere aurkako akusazioak.

Ikerketak, ordea, kontrakoa frogatu zuen; hau da, sexu abusuek jarraitu egin zutela haren agintaldian, eta hark, ezer ez egiteaz gain, ez zituela erasotzaileak kargutik kendu. Handik hiru egunera, Ratzingerrek aitortu zuen okerreko informazioa emana ziela ikertzaileei, eta, otsail hasieran, barkamena eskatu zuen. Ikerketapean zegoen afera horrengatik.

Aita santua izan aurretik, Fedearen eta Doktrinaren Kongregazioko burua ere izan zen (1981-2005), eta urte horietan gertutik ezagutu zuen Eliza katolikoaren barruko lohikeria, haren figura aztertu duten hainbat adituren arabera. Atzera begira, izan zituen beste pasarte ilun batzuk ere: nerabetan, esaterako, Adolf Hitlerren aldeko gazte taldeetako kide izan zen, garai hartako beste milaka gazteren gisan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.