Kolonbia
Petro presidenteak su etena sinatu du bost gerrillari eta paramilitar talderekin
Ekainaren 30era arte egongo da menia indarrean, baina agintariak adierazi du luzatzeko aukera egongo dela, negoziazioetan aurrera egiten bada. «Erabateko bakea errealitatea izango da», adierazi du sare sozialetan zabalduriko mezu batean.

Urte berri, menia berri. 2023an sartzeko minutu gutxi falta zirenean, Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak iragarri du ekainaren 30era arteko su eten bat sinatu duela ELN Nazioa Askatzeko Armadarekin, FARCeko disidenteekin eta zenbait talde paramilitarrekin. Gaur sartu da indarrean ituna.
Sare sozialetan zabalduriko mezuan, menia luzatu ahalko dela iragarri du Petrok, «negoziazioetan eginiko aurrerapenen arabera». Itxaropena zabaldu nahi izan du agintariak: «Erabateko bakea errealitatea izango da».
Hemos acordado un cese bilateral con el ELN, la Segunda Marquetalia, el Estado Mayor Central, las AGC y las Autodefensas de la Sierra Nevada desde el 1 de enero hasta el 30 de junio de 2023, prorrogable según los avances en las negociaciones.
— Gustavo Petro (@petrogustavo) January 1, 2023
La paz total será una realidad.
Denera, bost talderekin sinatu du su etena, azaldu duenez: ELNrekin, FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako disidentzien Estatu Nagusi Zentrala eta Segunda Marquetaliarekin, gerrillarien aldetik. Paramilitarren aldetik, berriz, AGC Kolonbiako Autodefentsa Gaitandarrekin eta Sierra Nevadako taldeekin.
«Erabateko bakea» politika defendatu du Petrok, abuztuaren 7an Kolonbiako presidente bihurtu zenetik.
«Ekintza ausarta da hau», gaineratu du agintariak. Bi aldeetako su etenak hura aintzat hartzera behartzen ditu Estatua eta talde armatuak, azaldu duenez, eta Kolonbiako zein nazioarteko egiaztatzeko mekanismo bat egongo dela agindu du.
Izan ere, Nazio Batuen Erakundearen egiaztatzeko misioak hartuko du ardura, AEE Amerikako Estatuen Erakundearekin, Herri Defendatzailearekin eta Eliza katolikoarekin batera.
NBEk Kolonbian duen misioaren buru Carlos Ruiz Massieuk esan du nazioarteko erakundeak sostengatzen dituela bakearen alde eginiko urrats guztiak.
Kolonbiako presidentetzak adierazi duenez, oraindik ez dute espero beste erakunde armaturekin su etenik sinatzea, baina orain indarrean sartuko den meniaren emaitzak aztertuko dituzte gero, etorkizunean erabakiak hartzeko.
Azaroaren 4an, Kolonbiako Diputatuen Ganberak eta Senatuak baiezkoa eman zioten erabateko bakearen legeari. Negoziazioen bidez gatazka armatuari irtenbidea eman ahal izatea da legearen helburuetako bat.
Petrok bozak irabazi aurretik, «erabateko bakea» lortzeko proposamen bat aurkeztu zuen hauteskunde kanpainan, erakunde armatu eta politikoekin bake elkarrizketak hasteko eta herrialdeak 50 urte baino gehiagoz jasandako «sarraskia» amaitzeko. Gatazkak gutxienez, 500.000 lagun hil ditu, eta milioika desplazatu eragin ditu, nazioarteko behatzaileen arabera.
Brasilen espero dute Petro, gaur, Luiz Inacio da Silva Lula herrialdeko presidente izendatzeko ekitaldian.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.