Literatura

Jon Miranderen hamabi testu, lehenengoz euskaraz

Deabruaren Eskolak argitara eman ditu Jon Miranderen hamabi testu, orain arte inoiz euskaratu gabeak. Jatorrizko bretoierazko testuak ere erakutsi dituzte, eta azterketa bat idatzi diote bakoitzari.

Irati Jimenez eta Mikel Soto idazle eta Deabruaren Eskolako kideak, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Andoni Imaz.
2023ko urtarrilaren 4a
17:29
Entzun

Gaur 50 urte bete dira Jon Mirande idazlearen gorpua aurkitu zutenetik, eta gaur aurkeztu ditu Deabruaren Eskolak hark idatzitako hamabi testu, artikulu, poema eta gutun, orain arte inoiz euskaraz argitaratu gabeak, Goulven Pennaod lagun bretoiarekin batera idatzitako poema batekin batera. Bestalde, aurrez euskaratuta zegoen Nire sinestea artikulua berriro itzuli dute, «akats esanguratsuak» aurkitu dituztelako itzulpenean; horietako bat, izenburuan: Gure sinestea deitu diote. Miranderen (Paris, 1925-1972) alderdi pertsonalari, literarioari eta politikoari «argi egiteko» balioko duelakoan daude.

Denak ipini dituzte sarean, Deabruaren Eskolaren webguneko orrialde berezi batean. Euskaratutako testuez gain, jatorrizko bretoierazkoak ere erakutsi dituzte —bat izan ezik, frantsesez argitaratu baitzuen: Témoignage vascon—, eta zubi gisa erabili duten frantsesezko itzulpena ere bai. Gainera, Mikel Soto idazle eta Deabruaren Eskolako kideak analisi bat idatzi du testu bakoitzarentzat.

Bederatzi lagunek parte hartu dute bi urteko bilaketa, itzulpen, azterketa eta argitalpen prozesuan: Soto, Irati Jimenez eta Esteban Montorio Deabruaren Eskolako kideek; Padrig an Habask bretoierazko itzultzaileak; Joxe Austin Arrieta, Edorta Jimenez, Jon Alonso eta Bego Montorio itzultzaileek; eta Urko Aiartza Olaso Dorrea fundazioko zuzendariak.

«Jaun aberkide maitea: Urrundik zure olerki-liburua irakurri berria naiz, eta lerro zenbait biali nai nizkizuke esateko nolako atsegiña artu detan ura irakurtzean». Horrela hasi zuen Mirandek Telesforo Monzoni idatzitako lehenengo gutuna, 1948ko urtarrilaren 30ean. Idazlearen gutunik zaharrena da, orain arte ezagutzen direnen artean. Monzonen artxiboa kudeatzen du Olaso Dorreak, eta horri esker lortu dituzte korrespondentzia horretako bost gutun.

Mirandek lehen mezuan adierazi zuenez, bi urte besterik ez ziren euskara ikasten hasi zela, eta «euskal jakintzako gaiez» aritzeko idatzi zion Monzoni. Guraso zuberotarrak zituen, baina ez zioten euskararik irakatsi. 20 urte zituela hasi zen ikasten, bere kabuz. «Bi urtean, aurrerapen miresgarriak egin zituen», Irati Jimenezen esanetan. Hark aurkezpenean azaldu duenez, gutunek zera frogatzen dute: «Lauaxeta-Lizardi belaunaldia isiltzen denean, ez da gero berez agertzen Mirande-Aresti belaunaldia. Hor badago katebegi humano eta literario bat, eta hori Monzon izan zen. Berak eraman zuen suziri poetiko hau gerraurretik gerraostera». Zubigile lana nabarmendu du Aiartzak ere, Monzonen ibilbide literarioa eta kulturala baztertuta geratzen direlakoan maiz, alderdi politikoa nagusitzen denez gero.

Era berean, Miranderen «kronologia politikoko» lehen urteak irudikatzeko balio dute gutunek, Jimenezen hitzetan: «Abertzale, kristau eta demokrata gisa aurkezten du bere burua: Mirande sentikor eta urragarri bat. Gero asko urratu zena, tamalez».

Soto izan da ikerketaren arduraduna, eta, horregatik, orain, hura argitaratu berritan, «murgilaldi batetik ateratzen hasi berritan bezala» dago. Sarri irakurria zuen Mirandek bretoieraz idatzi zuela, baina, testu horietako bakar bat ere ezagutzen ez zuenez, bilatzeari ekin zion.

Ar Stourmer aldizkarian argitaratutako testuak dira denak. Padrig an Habaskek bretoieratik frantsesera itzuli ditu, eta euskaratzaileek frantsesezko itzulpen horiek erabili dituzte gero. Sotok, pozez, guztien lana eskertu du. «Laino beltza bakarra» izan du bide osoan: Txomin Peillenen heriotza. Abenduaren 5ean idatzi zion mezu bat hari, prozesu guztia azaltzen zuena, ez zuelako harengana jo nahi dena argi izan arte. Ordutako, baina, Peillen gaixorik zegoen, eta hilaren 9an hil zen. «Oraindik ez naiz ausartu galdetzera haren azken egunez, baina badut itxaropena agian irakurriko zuela mezua, sikiera jakin zezan gauza bat, bazekiena, nire ustez: badagoela jendea berak egin zuen lanari jarraitzeko, zeren hari esker daukagu daukagun Mirande».

Mirande deserosoa

Argitaratutako materialak «Mirande osoa» erakusten du, Jimenezen arabera; «hain deseroso zaiguna». Sotok honela azaldu du: «Lortutakoek argi handia ematen diote bere literaturari, lirikotasunari, pertsonari eta politikari». Izan ere, gauza jakina da Mirande faxista zela, baina hura eta haren pentsamoldea sakonago ezagutzeko balio dute testuek, bien ustez.

«Mirande faxista zen, baina jeltzaleak kristauak diren bezala, era nahiko inofentsibo batean», bota du Sotok, Joxe Azurmendiri behin esan omen zion modu berean. «Alegia, berak eraman du euskal literaturan faxista izatearen zama guztia, baina ni Arestirekin nago, esaten duenean: 'Faxista bat euskal literaturan? Nik esango nuke bat baino gehiago dagoela'». Izan ere, Mirande «pertsonalitate konplexu bat» da, haren hitzetan: «Leku askotatik kanporatu zuten. Zailtasun handia dugu ulertzeko Mirande, libertatean sinisten zuen faxista bat, baina ez gaituzte hainbeste harritzen zentsuran sinisten duten demokratek».

Konplexutasun hori irudikatzen dute, besteak beste, SS haiek noiz itzuliko gudu kantak eta Iudaica: Saul Tchernikhovskiren olerki bat dela eta artikuluak. Aipagarria da Gure printzesa ttipi beltzari izeneko testua ere, Mirandek Pennaod lagunarekin idatzia, zeinak, kanta zeltiko baten itxuran, kontatzen dituen 11 urteko «neskato ttipi beltz» batekin izandako sexu harremanak. Bortxaketa bati buruzko testua dela esan izan dute, baina Sotok eta Edorta Jimenezek uste dute ezetz, probokazio bat dela, apaiz bretoi abertzale bat sutzeko asmoz egina.

Gaurko aurkezpenean, Mirande eta Gabriel Aresti, biak elkarrekin izan ditu hizpide Irati Jimenezek behin baino gehiagotan. «Ez dago esaterik bi idazle horiek euskarazko literatura garaikideari egin zioten ekarpena: modernitatearen ordua iragarri zuten biek gure erloju benetan atzeratuan». Biak hil ziren gazterik. «Hor badago patriarkatuaren sozializazioarekin zerikusia duen gauza bat: gizonek nahi dute mailu izan, eta kontra egin, norbere izaera afirmatzeko, horrek besteentzat eta norberarentzat dakarren guztiarekin. Mailu humano zarenean, zeu zara mailua, eta zeuk ere kolpeak hartzen ditugu ematen duzun bakoitzarekin. Mirande probokatzaile bat izan zen, mailu bat, bere onerako eta kalterako».

Deabruaren Eskola ataria orain dela bi urte eta erdi jarri zuten martxan, eta 500 testu baino gehiago argitaratu dituzte ordutik. Bide beretik segitzeko gogoz dira, Jimenezek esan duenez: «Maitasunez, geure indarraz ez beste, modu independentean eta bestelako laguntzarik gabe. Euskal literaturan, beharbada denon lotsarako, akaso denon zorionerako ere bai, dena daukagu egiteko, dena ikertzeko, dena ezagutzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.