Laso-Imaz 22-19 Altuna III.a-Tolosa

Gorantz doaz Laso eta Imaz

Neurketa ederra jokatu dute Altuna III.a-Tolosaren aurka, eta txapelketako laugarren puntua poltsikoratu dute. Sailkapenean berdinduta daude bi bikoteak.

Unai Laso pilota bat eramaten, gaur, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko urtarrilaren 8a
19:50
Entzun

Egun handietako giroa izan da gaur Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Iazko lau finalistetatik hiru aritu dira nor baino nor gehiago, eta nabaritu da pilotazaleek bazutela gogoa Laso eta Altuna III.a aurrez aurre ikusteko. Pilotariek ez dute hutsik egin. Txapelketa hasi zenetik hobera egiten ari dira Laso eta Imaz, baina parean zituztenak ere ez ziren makalak. Azkenean 22-19 amaitu da partida, eta lau punturekin berdinduta gelditu dira bi bikoteak lehen itzuliaren amaieran.

Hasieratik hartu dute aurrea gorriek (6-2). Bi aurrelariek ikuskizuna eman dute, baina atzeko koadroetan huts gehiago egin ditu Tolosak Imazek baino. Anoetarrari kosta zaio frontoiari neurria hartzea. Hark hobera egin ahala, ordea, pixkanaka, berdinduz joan da neurketa.

Tanto ikusgarriak jokatu dituzte, oso gogorrak. Maila bikainekoa izan da partida, zaleen gozamenerako. Imazek berak aitortu du partidaren ondoren: ziurrenik aurtengo txapelketan egin duen norgehiagokarik onena izan da, eta bikotea ari da iazko mailara gerturatzen.

19-13 aurretik zirenean, neurketa erabakita zegoela zirudien; orduan hasi dira markagailua iraultzen urdinak. Ez da, ordea, nahikoa izan, eta Altunak luze ateratako sake batekin iritsi dira gorriak 22. tantora. Amaieran, kamaren aurrean, bere buruarekin haserre agertu da amezketarra.

Txapelketan, oraingoz, Elordi-Zabaleta da bikoterik onena, baina bigarren posturako lehia estu dago: lau puntu dituzte Peio Etxeberria-Rezustak, Altuna III.a-Tolosak eta Laso-Imazek.

Ikusi gehiago:Jakak eta Arangurenek ezin dute mamurik uxatu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.