Sagardo garaia

Txotxetik eta upeltegian dastatuko da aurtengo sagardo berria

Sagardoaren sektoreak agerraldia egin du garai berria aurkezteko. Iragarri dutenez, «egoerak behartuta», %25eko batez besteko igoera izango du botila sagardoak

Sagardoaren sektoreko hainbat kide, gaur goizean, Donostiako Tabakalerako terrazan. ENEKOITZ TELLERIA SARRIEGI
enekoitz telleria sarriegi
2023ko urtarrilaren 10a
12:44
Entzun

Ez da batere ohikoa txotx garaia aurkeztea eta berritasuna izatea «txotxetik eta upeltegian» dastatu ahal izango dela sagardo berria. Sagardoaren sektoreak aurkeztu du 2023ko sagardo sasoia, eta horixe da albistea: txotxetik, zutik eta upeltegian edan ahal izango dela sagardoa, bi urteren ostean. Horregatik aukeratu dute leloa ere: Txotx denboraldia. Bertako plazera.

Donostiako Tabakaleran aurkeztu dute garai berria. Euskal Sagardoa jatorri izeneko ordezkariak ez ezik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sagardogileen elkarteen eta sagargile elkarteen ordezkariak ere izan dira, baita Eusko Jaurlaritzako eta aldundietako kideak ere. Jakinarazi dutenez, Euskal Sagardoa jatorri izenaren barruan, 1,2 milioi litro egin dituzte, 2022an bildutako bi milioi kilo sagarrekin. Jatorri izenaren barruan, 48 dira sagardotegiak: Gipuzkoan daude 42, Bizkaian lau eta Araban bi. Aurreko urteko uzta baino txikiagoa da kopuruz. Hala izatea espero zuten, baina udan egindako eguraldi lehorrak are txikiagoa bihurtu du uzta.

Eta nolako izango den aurtengo sagardoa? Olatz Mitxelena Euskal Sagardoa jatorri izeneko teknikariak definitu du: «Izaera handikoa, bai tanino aldetik eta bai azukre aldetik, eta alkohol graduazio handixeagoa izango dute iaz baino. Luzera jota, bilakaera oso handia izango duten sagardoak dira orokorrean».

Agerraldian iragarri duten bestea, botila sagardoak aurten %25eko batez besteko igoera izango duela. Eta azalpena «sinplea» da, Mitxelenak jakinarazi duenez: «Egoerak eragindako zuzeneko kostuen igoera dela-eta hartutako erabakia da. Inflazioak eragindako igoerak eragin zuzena du sagardoaren kostuetan ere: beiraren, kartoiaren, energiaren eta erregaiaren igoerak eragindakoa. Sektore gehienetan gertatu den moduan, prezioak eguneratu beharra dauzka sagardoaren sektoreak ere, egungo egoerari aurre egin ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.