Alemania

«Istilu gorria» iragarri dute Alemanian biharko, ikatz meatze bat zabaltzeko operazioan

Ehunka polizia bidali dituzte Luetzerath herrixka hutsaraztera. Dozenaka ekintzaile ekologista erresistentziarako prestatzen ari dira. Operazioak kontraesana eragin du Berdeak taldearen barruan

Luetzeratheko ekintzile bat, tripode batera igota eta poliziaz inguraturik, gaur. RONALD WITTEK / EFE
Edu Lartzanguren.
2023ko urtarrilaren 10a
17:29
Entzun

Bihar izango da E eguna Alemaniako Ipar Renania-Westfaliako Luetzerath herrixkan gotortu diren ekintzaile ekologisten eta haiek inguratzen dituzten ehunka polizientzat. Epaileek herrixka hutsarazteko baimena eman du, Garzweiler meatzea handitu ahal izateko. Ekologistek erresistentziarako prestatu direla adierazi dute, eta Alemaniako Barne ministerioak esan du «istilu gorria» espero duela.

Alemania osoko poliziak bidali dituzte Luetzerathera. Etxe multzo bat besterik ez da, baina meatzeak herria suntsitzeko asmoa plazaratu zuenetik, dozenaka ekintzaile elkartu dira han, hori galarazten saiatzeko.

Poliziaren arabera, ekintzaileek barrikadak eta lubakiak egin dituzte, Poliziaren operazioa oztopatzeko. Luetzerath lebt (Luetzerath bizirik) ekinbideak, ordea, egoera larriagotzea egotzi dio Poliziari, eta igandean eginiko giza katearen kontra jo izana egotzi dio. Poliziaren arabera, harriak bota zizkieten ekologistek.

Lignitoa edo ikatz arrea ateratzen du Garzweiler meatzeak. 1940. urtean hasi zen lan horretan, eta, geroztik, 30,96 kilometro koadroko eremu bat suntsitu du. Denera, hamabost bat herrixka desagerrarazi ditu meatzeak.

Garzweiler meatzearen ikuspegi bat, Grevenbroichetik gertu. / Ekem

Urtero 175–225 milioi tona ikatz arre atera dituzte handik. Guztia Neuratheko zentralean erretzen dute, argindarra sortzeko. Lignitoak ikatz arruntak baino bero gutxiago ematen du, eta, beraz, gehiago kutsatzen du bero berbera sortzeko. Horren eraginez, Neuratheko zentralak 22,1 milioi tona CO2 aireratu zituen 2021. urtean, eta Europako Batasunean berotegi efektua eragiten duten gas gehien sortu zuen bigarrena izan zen, Poloniako Belchatoweko zentralaren atzetik (33,2 milioi tona). Azken horrek ere ikatz arrea erabiltzen du. EBko hamar zentralik kutsagarrienetako zazpi Alemanian daude, gainerakoak Polonian, eta denek lignitoa erretzen dute.

Berdeen kontraesanak

Ikusteko dago bihar istiluak gertatuko diren Luetzerath herrixka hutsaraztean, baina aferak kontraesanak eragin ditu Berdeak alderdiaren barruan. Izan ere, Alemaniako prentsan esan duten bezala, Berdeak «barrikadaren bi aldeetan» daude, Luetzerathen.

CDUko demokratakristauak eta Berdeak koalizioan gobernatzen dute Ipar Renania-Westfalia, eta operazioaren arduraduna den Akisgrango poliziaburua Berdeetako militantea da: Dirk Weinspach. Lehen ere izan da Weinspach halako atakatan. Izan ere, hura izan zen Hambacheko hariztian erresistentzia antolatu zuten ekintzaileen aurkako operazioen arduraduna. Koloniaren eta Akisgranen artean dagoen hariztia, gatazka gune izan zen 2012. urtetik, Luetzerathen antzeko egoera batengatik. Ikatz arrea ateratzen dute handik Neuratheko zentrala elikatzeko. Ekologistek etxolak eraiki zituzten zuhaitzetan, haritzak bota ez zitzaten. Orduan ere, okupatzaile batzuek Poliziarekin izaniko aurrez aurrekoek basoaren aldeko mugimendu osoa kriminalizatzeko erabiltzen saiatu zen Weinspach.

«Ahal den guztia egingo dugu eskalada saihesteko», esan zuen poliziaburuak atzo. Klimaren aldeko militanteei esan zien euren helburuak partekatzen dituela, baina «ezkerreko ekintzaileek haiek tresna gisa erabiltzeko arriskua» dutela ohartarazi zien duela gutxi bidalitako gutun irekian. Luetzerath hutsaraztea saihetsezina dela, eta erabakia guztiz legezkoa dela ohartarazi zien.

Ekintzaile ekologistak, gaur, Poliziari aurre egiten, Luetzerathen inguruan. RONALD WITTEK / EFE

Edonola ere, Alemania osoko Berdeen buru Ricarda Langek, «alde guztiei tentsioa jaisteko» eskatu zien atzo. Esan zuen RWE argindar konpainiak «eskubidea» duela herrixka hutsarazteko, baina ulertzen zituela klima babestearen alde protestan ari ziren herritarrak.

Die Linke ezkerreko alderdiak, berriz, argi hitz egin du operazioaren aurka. Janine Wissler buruak salatu du «hutsaraztea klima babesteko ahaleginen kontrako eraso zuzena» dela, eta alderdiko Ipar Renania-Westfaliako arduradun Kathrin Vogler Luetzeratheko protesta kanpamentuan dago.

Alemaniak erabakita zuen 2030. urterako ikatza argindarra sortzeko erretzen uztea. Horretan, erabakigarria izan zen Berdeak gobernu federala osatu izana SPD alderdi sozial demokratarekin. Baina, Errusiak Ukraina inbaditu ostean, Berlinek arbuiatu egin du Moskuren gasa. Horrek sorturiko energia krisiak eragin du berriz ikatza indartzea. Iazko uztailaren eta irailaren artean, Alemaniako argindarraren %36,3 ikatz zentraletan sortu zuten (aurreko urteko epe berean %31,9 izan zen).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.