Klima larrialdia

Europako inoizko urterik beroenetan bigarrena izan da 2022a

Erregistroak daudenetik, munduko urterik beroenetan bosgarrena izan zen iazkoa, Copernicus programaren azken txostenaren arabera.

Iazko abuztuko sute bat, Espainiaren eta Portugalen arteko mugan. SXENICK / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko urtarrilaren 10a
17:58
Entzun

Klimari erreparatuz gero, iazko urtea muturrekoa izan zen: lehorteak, uholdeak, inoizko tenperaturik altuenak eta berotegi efektuko gasen metaketa goia jota. Horiek dira Copernicus programaren klimari buruzko txostenak 2022aren inguruan ateratako ondorio nagusiak. EB Europako Batasunaren Lurraren Behaketarako Programa da Copernicus, eta urtero egiten dute munduko klimari buruzko txosten bat. Iazkoa kaleratu dute gaur, eta zenbait errekorren berri eman zuen: Europako inoizko bigarren urterik beroena izan zen 2022a, eta munduko bosgarrena. Gainera, Europako udarik beroena izan zen iazkoa, eta hirugarrena munduan.

Copernicus programaren txostenaren arabera, iazko batez besteko tenperatura 1991 eta 2020 urteen artekoa baino 0,3 gradu altuagoa izan zen, eta Siberiaren (Errusia) iparraldean eta Antartikan batez bestekoa baino 2 gradu altuagoa izan zen tenperatura.

Klima aldaketaren eta Luraren berotzea neurtzeko, tenperatura industrializazioaren aurreko garaiko mailarekin alderatu ohi da —1850 eta 1900 urteen arteko datuak hartzen dira kontuan—, eta iazkoa 1,2 gradu altuagoa izan zen. Azken zortzi urteetako joerara mantendu zen iaz, ordutik hona industria iraultzaren aurreko garaiko maila baino gradu bat altuagoa izan delako, gutxienez, munduko tenperatura. Zientzialari gehienen arabera, mende honetan Lurreko tenperatura ez litzateke 1,5 gradu baino gehiago hazi beharko Lurraren berotzearen ondorioak behin betikoak izan ez daitezen.

Copernicus programako zuzendari Carlo Buontempok gaur ohartarazi du aurtengo udan ere tenperatura beroak izango direla, egin dituzten aurreikuspenek erakusten dutenez.

2020a, urterik beroena

Txostenaren arabera, Europako herrialde guztietako tenperaturak 1991 eta 2020 urteen arteko batez bestekoa baino altuagoak izan ziren iaz, Islandian izan ezik. Iazkoa izan zen, erregistroak daudenetik, Europako historiako bigarren urterik beroena: prezipitazio oso gutxi izateak, tenperatura altuek eta beste zenbait faktorek lehorte orokortu bat eragin zuten, baita suteak ere kontinentearen hego-mendebaldean. Orain arte urterik beroena, Copernicusen arabera, 2020koa izan zen.

Gainera, iazko udako suteek eragindako karbono dioxido isuriak azken hamabost urteotako altuenak izan ziren EBn eta Erresuma Batuan, txostenak ondorioztatu duenez.

Oro har, munduan iaz atmosferara isuritako karbono dioxido kopurua ere handitu zela ondorioztatu dute Copernicus programako ikerlariek. «Negutegi efektuko gasak klima aldaketaren bultzatzaile nagusiak dira, eta haien metaketak urtez urte handitzen ari da; ez dute murrizteko seinalerik ematen», nabarmendu du gaur Vincent-Henri Peuch Copernicuseko Atmosfera Zaintzeko Zerbitzuaren zuzendariak.

Poloetan ere eragin zuzena izan zuten iaz tenperatura beroek. Otsailean, esaterako, Antartikako izotzak itsasoan duen hedapenak inoizko mailarik baxuena izan zuen —erregistroak duela 44 urte hasi ziren—. Antartikako Vostok gunean termometroak zero azpitik 17,7 gradu zeudela adierazi zuen martxoan; azken 65 urteotako mailarik altuena, hain zuzen.

«Txostenak erakusten du Lurraren berotzearen ondorio suntsitzeaileak bizitzen ari garela ja», esan du gaur Samantha Burgess Copernicus programako alboko zuzendariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.