Albistea entzun

PERU

Boluarteren aurkako atariko ikerketa bat abiatu du Peruko Fiskaltzak, genozidioa egotzita

Gobernuko hiru ministrori eta bi ministro ohiri ere atariko ikerketa ireki die. Hogei urtetik beherako espetxe zigorrari aurre egin beharko liokete. Lehen ministroak «dolu nazionala» dekretatu du gaurko.

Manfestari bat, zaurituta, Poliziarekin izandako liskarretan, herenegu, Peru hegoaldeko Juliaca eskualdean.
Manfestari bat, zaurituta, Poliziarekin izandako liskarretan, herenegu, Peru hegoaldeko Juliaca eskualdean. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel O. Iribar -

2023ko urtarrilak 11

Urak harro daude Perun. Dina Boluarte herrialdeko presidentea kargutik kentzeko eta Pedro Castillo estatuburu ohia espetxetik ateratzeko eskatzeko protesta ugari egiten ari dira Latinoamerikako estatu horretan. Istilu larriak gertatzen ari dira Poliziaren eta manifestarien artean; herenegun, esaterako, hamazazpi lagun hil ziren herrialdearen hegoaldean, tartean, polizia bat. Abenduaren 11tik, gutxienez 47 pertsona hil dira. Bada, gertakari horiekin lotuta, Peruko Fiskaltzak atariko ikerketa bat ireki die Boluarteri, hiru ministrori eta bi ministro ohiri. Fiskaltzak herritarren aurka ustez genozidioa, hilketak eta lesio larriak egitea egozten dizkie sei horiei.

Fiskal nagusi Patricia Benavidesek baieztatu duenez, Ministerio Publikoak ez du onartuko «heriotza horiek zigor gabe geratzea». Halaber, goratu egin du atariko ikerketa hori «gertatzen ari diren guztiaren erantzule diren goi funtzionarioen» aurka abiatu izana. Benavidesen esanetan, ikerketa egin da «2022ko abendutik 2023ko urtarrilera bitarte Apuric, La Libertad, Puno, Junin, Arequipa eta Ayacucho eskualdeetan ustez egindako genozidioagatik, hilketengatik eta eragindako lesio larriengatik.

Boluarte ez ezik, Alberto Otarola lehen ministroa, Victor Rojas Barne ministroa eta Jorge Chavez Defensa ministroa ere atariko ikerketako zerrenda horretan sartu ditu fiskaltzak; baita Pedro Angulo lehen ministro ohia eta Cesar Cervantes Barne ministro ohia ere.

Fiskaltzak presidentearen aurkako beste atariko ikerketa bat zeukan abiatuta lehendik, abenduko liskarretan izandako hildakoengatik, Castilloren kargugabetzearen ondoren Boluartek kargua hartu eta egun gutxira.

Genozidio delituagatik, estatuburuak eta gainerako ministroek eta ministro ohiek gehienez hogei urteko espetxe zigorrari aurre egin beharko liokete, talde bateko kideak hiltzeagatik, lesio larriak eragiteagatik edota taldea bera suntsitzeagatik.

«Erraztasunak» fiskaltzari

Ikerketa horrekin lotuta, Alberto Otarola lehen ministroak atzo Kongresuan egindako agerraldian ziurtatu zuenez, gobernuko agintariek «erraztasun guztiak» emango dizkiotela fiskaltzari, manifestazioetan izandako heriotzak iker ditzan. Latinoamerikako herrialdea krisi politiko eta sozial larri batek astindu duen honetan, Otarolak «lasaitasunerako, bakerako eta ordenarako» deia egin zien perutarrei, eta iragarri zuen «dolu nazionala» ezarri zuela gaurko. Horrez gain, lehen ministroak jakinarazi zuen etxeratze agindua dekretatu zutela Puno eskualdean, 20:00etatik 04:00etara.

Bide batez, Otarolak konfiantza mozioa gainditu du Kongresuan egindako bozketan; 73 diputatuk babestu dute, 42k aurka bozkatu dute eta sei abstenitu egin dira.

Castillo presidente ohiak atxiloaldian dirau oraindik. Peruko Botere Judizialeko epaile nagusiak abenduaren16an onartu zuen fiskaltzaren eskaera, atxiloaldia beste 18 hilabetez luzatzea. «Ihes egiteko arriskua» dagoela deritzo fiskaltzak. Castillo abenduaren 7an atxilotu zuten, Kongresuaren desegitea iragarri eta gutxira hura kargutik kendu ondoren.

Poliziaren jarduna, «sarraskitzat»

Peruren auzoko herrialdeek —Argentinak, Boliviak, Txilek, Kolonbiak eta Mexikok, besteak beste— «kezka sakona» adierazi izan dute agintari ohiaren atxiloketagatik eta horren ondorioz jazo diren gertakariengatik. Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak, esaterako, «sarraskitzat» jo du Poliziak indarra erabili izana herritarren aurka. Horiek horrela, Petrok eskatu du «kautela neurriak» ezar ditzatela herrialdean, giza eskubideak errespetatzeko «ezinbestekoak» direla iritzita.

Kolonbiako estatuburuaren gisan, AI Amnesty Internationalek ere Peruko Gobernuari eskatu dio «berehala» utzi dezatela bertan behera Boluarteren aurka protesta egiten ari diren zibilen aurkako «indarraren gehiegizko erabilera». GKE gobernuz kanpoko erakundearentzat, «errepresioaren» amaierako «lehen urratsa» izango da Peruk egun duen krisi politiko eta sozialetik ateratzeko. AIko Ameriketako zuzendariak ohar batean adierazi duenez, Limak aintzakotzat hartu behar ditu Poliziaren eta manifestarien arteko liskarretan izandako heriotzak, baita istiluek eragindako larritasun egoera ere. Horregatik, gehiegikeriak «agintzen edo onartzen» dituztenak ikertzeko deia egin dio fiskaltzari.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Alberto Nuñez Feijoo PPren presidentegaia Espainiako Kongresuan, joan den astean ©JUAN CARLOS HIDALGO / EFE

Aurreikusita dagoen porrot bat oholtzaratu ahal izateko prozesua

Igor Susaeta

Nuñez Feijoo PPkoa Espainiako presidente izendatzeko prozedura hasiko dute gaur Kongresuan. Gaur-gaurkoz, ez dauka izendatua izateko aukerarik: ez lehen bozketan, ez bigarrengoan
Kosovoko polizia talde bat, atzo, Kosovo iparraldeko Banjska herriaren ondoko bidegurutze batean. ©DJORDJE SAVIC / EFE

Kosovoren eta Serbiaren arteko gatazka are gehiago gaiztotu du azken erasoak

Gorka Berasategi Otamendi

Talde baten eta Kosovoko Poliziaren arteko tiroketa batean bost lagun hil ziren igandean. Pristinak Belgradi leporatu dio erasoaren erantzukizuna
Kaledonia Berriko herritarrak FLNKS koalizio independentistako mitin baean, 2019an. ©FLNKS

Kaledonia Berriko independentistek lehenengoz ordezkaritza lortu dute Frantziako Senatuan

Maddi Iztueta Olano

FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakeko kide Robert Xowie independentista aukeratu dute goi ganberako senatari. Eskuin muturrak hiru senatari lortu ditu.

Alberto Nuñez Feijoo PPkoa, joan den astean, Kongresuan. ©EFE

Aurreikusitako porrot bat oholtzaratzeko prozesua

Igor Susaeta

Alberto Nuñez Feijoo PPren hautagaia Espainiako presidente izendatzeko prozedura hasiko dute, bihar, Kongresuan. Gaur-gaurkoz, ez dauka inbestitua izateko aukerarik: ez lehen bozketan, ez bigarrengoan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.