EB-NATO

Europako oinarrizko azpiegiturak babesteko ekinbide bateratu bat iragarri dute EBk eta NATOk

Von der Leyenen arabera, Nord Stream gasbideen aurka egindako sabotajeen gisakoei erantzutea du helburu bi instituzioen arteko lankidetzak.

Stoltenberg eta Von der Leyen, gaur, Bruselan. EFE
Igor Susaeta.
2023ko urtarrilaren 11
11:53
Entzun

EB Europako Batasunak eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak iragarri dute martxan jarri dutela erasoak gertatzen direnean Europako oinarrizko azpiegiturak babesteko ekinbide bateratu bat. Joan den irailean Nord Stream gasbideen aurka egindako sabotajeen gisakoei erantzutea du helburu bi instituzioen arteko lankidetzak.

Horixe jakinarazi du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, prentsaren aurrean, erakundeko komisarioen bilera hasi aurretik. Hain zuzen, Mendebaldeko aliantza militarreko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek ere parte hartu du batzar horretan. EBk eta NATOk hamalau puntuko hitzarmen bateratu bat sinatu zuten atzo, «eremu euroatlantikoan bakea, askatasuna eta joritasuna sustatzeko».

Stoltenberg alboan zuela Von der Leyenek esan duenez, bi instituzioetako adituek elkarrekin lan egingo dute «mehatxuak detektatzeko, zaurgarritasun estrategikoak ikertzeko, printzipioak garatzeko eta neurriak proposatzeko». Zehaztu du ekinbide horrek garraioaren eta energiaren sektoreei eragingo diela, baita eremu digitalari ere. «Nord Streami egindako sabotajeak erakutsi du prest egin behar dugula molde horretako mehatxuei aurre egiteko».

NATOko buruak nabarmendu du Ukrainako gerraren harira energia «arma gisa» erabiltzen ari dela Vladimir Putin Errusiako presidentea, eta argudiatu du, hortaz, martxan jarritako ekinbidea «aurrerapauso garrantzitsua» dela gizarteak «indartsuagoak» egiteko.

Taiwan eta NATO

Taiwango armadako buruzagi batek gaur egindako agerraldian adierazi duenez, 2021ean sei hilabeteko formakuntza jaso zuen NATOren eskola batean, Erroman. «Prestakuntza akademikoa izan zen, ez militarra», egin du ñabardura. Aintzat hartu behar da Pekinek esaten duela Taiwan Txinaren parte dela, eta ez duela baztertzen uhartea inbaditzea. Taiwanek ez du harreman diplomatiko formalik NATOko herrialdeekin, baina Defentsa arloan AEBek, aliantzako herrialderik handienak, babesten ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.