Zinema

Zientzia maitatzea aldarrikatuko du 'Zinema eta zientzia' zikloak

Hainbat zientzialarik hartuko dute parte Euskadiko Filmategiak antolatutako zinema zikloaren seigarren aldian. Bihar hasi eta martxoaren 28ra arte, hainbat film eman eta haien inguruan hitz egingo dute Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Donibane Lohizunen.

Gaur goizean aurkeztu dute zikloa Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
mikel lizarralde
2023ko urtarrilaren 11
14:22
Entzun

Seigarren aldiz, zinema eta zientzia batuko ditu Euskadiko Filmategiak datozen bi hilabete eta erdian Zinema eta zientzia zikloaren bitartez. Gaur aurkeztu dute egitasmoa, Donostian, eta, han Joxean Fernandez filmategiko zuzendariak adierazi duenez, «zinemaren maitasunaz eta zientziaren maitasunaz» hitz egingo dute bertan. Fernandezekin batera, Ricardo Diez Muiño Donostia International Physics Centerreko zuzendariak, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariak, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak eta Adolfo Morais Ezquerro Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak hartu dute parte aurkezpenean.

Guztira hamar film izango dira, 1943aren eta 2022aren artean egindakoak, eta zientziara gerturatzeko eta hura maitatzeko beste horrenbeste proposamen egingo dituzte, antolatzaileek azaldu dutenez. Horien artean izango dira hainbat film ezagun: Steven Spielbergen Jaws, Francis Ford Coppolaren Bram Stoker's Dracula eta Jonathan Demmeren Philadelphia, besteak beste. Gainera, film horiek proposatzen dituzten gaien inguruan aritzeko 23 zientzialariko talde bat bilduko du Filmategiak.

Bihar hasiko da, ostegunarekin, Zinema eta zientzia zikloa, Gasteizko Artiumen, Der Name Der Rose filmaren emanaldiarekin (Jean-Jacques Annaud, 1986). Diez Muiñok berak parte hartuko du pelikularen gaineko solasaldian. Ostiralean, Donostiako Tabakaleran emango dute film bera; larunbatean, EHUren Bizkaia aretoan, Bilbon, eta azkenik, asteartean, Iruñeko Golem zinema aretoetan. Hiru saio horietan Pedro Miguel Etxenikek hartuko du parte.

Hilaren 26tik 31ra, Richard Fleischerren Soylent Green filma (1973) emango dute Gasteizen (26), Donostian (27), Bilbon (28) eta Iruñean (31), eta horietan Marta Olazabal (Gasteiz eta Bilbo) eta Mercedes Vila (Donostia eta Iruñea) ariko dira hizlari.

Otsailaren 2an, Montse Hervella ariko da Stanley Kramerren Inherit The Wind filmaren gainean (1960), Artiumen. Hurrengo egunean, film beraren inguruan hitz egingo du Conchi de la Ruak, Tabakaleran. Bilbon 4an emango dute filma, eta Iruñean 7an, eta horietan Hervella eta De la Rua izango dira, hurrenez hurren.

Melvyn Leroyren Madame Curie izango da zikloko ondorengo filma (1943). Nerea Zabalak hari buruz hitz egingo du Gasteizen (otsailaren 9an) eta Bilbon (11n); Donostian (10) eta Iruñean (14), berriz, Elisa Jimenez-Izalek jardungo du.

Otsailaren 16an, Stanley Kubricken Dr. Stranglove: How I Learned to Stop Worrying and Love The Bomb (1964) emango dute Artiumen, eta Maria Blanco ariko da solasaldian. Hurrengo egunean, Blanco bera izango da Tabakaleran, eta hurrengo bi saioetan (18an Bizkaia Aretoan, eta 21ean Golem zinemetan), Fernando Cossio.

Hurrengo saioetan, Fire of Love (Sara Dosa, 2022) —otsailaren 23tik 28ra—, Philadelphia (Jonathan Demme, 1993) —martxoaren 2tik 7ra—, Bram Stoker's Dracula (Francis Ford Coppola, 1992) —martxoaren 9tik 14—, A Beautiful Mind (Ron Howard, 2001) —martxoaren 16tik 21era— eta Jaws (Steven Spielberg, 1975) —martxoaren 23tik 28ra— emango dituzte.

Donibane Lohizunen ere (Lapurdi) hiru emanaldi antolatu dituzte. Otsailaren 27an, Dr. Stranglove: How I Learned to Stop Worrying and Love The Bomb emango dute —Daniel Zerzionek egingo du aurkezpena—; martxoaren 6an Jaws —Amaia Agirre Buldainek eta Joxean Fernandezek aurkeztua— eta martxoaren 13an, azkenik, A Beautiful Mind —Jean-Bernard Brurekin—.

Filmak jatorrizko hizkuntzan emango dituzte, azpidatziekin. Donibane Lohizuneko saioetan frantsesezko azpidatziak erabiliko dituzte, eta gainerako saioetan, euskarazkoak izango dituzte hiru filmek: Madame Curie, Fire of Love eta Jaws.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.