Espainia

Candido Conde-Pumpido progresista izendatu dute Konstituzionaleko presidente

Espainiako fiskalburua izan zen 2004tik 2011ra, eta Alderdi Politikoen Legea indarrean sartzea bultzatu zuen, besteak beste. Konstituzionaleko presidenteordea Inmaculada Montalban progresista izango da.

Candido Conde-Pumpido, artxiboko irudi batean. CHEMA MOYA / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko urtarrilaren 11
14:41
Entzun

Candido Conde-Pumpido magistratu progresista izendatu dute Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko presidente. Auzitegia osatzen duten 11 kideetatik sei progresistaren babesa jasota aukeratu dute; bost kontserbadoreek Maria Luisa Balaguer progresistaren hautagaitza babestu dute. Conde-Pumpido izendatuta, abian da Konstituzional berrituaren ibilbidea. Gehiengo progresista du —hamaika kideetatik zazpi dira—, CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Espainiako Gobernuak proposatutako lau kide berriak —bina— auzitegiko kide bihurtu zirenetik; atzo izendatu zituzten.

Auzitegiko presidenteordea gutxiengoa duen sektoreko kide bat izan ohi da, tradizioz. Konstituzionaleko presidenteordea, baina, ez da kontserbadorea izango, Inmaculada Montalban magistratu progresista baizik.

Conde-Pumpido Espainiako fiskalburua izan zen 2004. eta 2011. urteen artean, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente izan zen garaian. «Terrorismoaren aurkako borrokan» oinarritutako fiskaltza bat sortu zuen orduan, eta 2002ko Alderdi Politikoen Legea indarrean sartzea bultzatu zuen; lege horren bidez, legez kanpo utzi zituzten ezker abertzaleko hainbat alderdi. «Orain arteko irmotasunari eutsiko diogu, eta ETAri babesa ematen diotenek politikan parte hartzearen aurkako jarrerari eutsiko diogu», esan zuen 2010ean. Hurrengo urtean, Sortu legeztatzearen aurkako helegitea aurkeztu zuen.

Botere judizialarekin lotutako familia batean jaio zen Conde-Pumpido, eta 1974an bihurtu zen epaile. Donostiako Probintzia Auzitegian hasi zuen ibilbide profesionala. ETAren aurkako «gerra zikinarekin» lotutako Manuel Ballesteros polizia komisarioa zigortu zuen 1984an, Hendayais tabernako (Hendaia, Lapurdi) atentatuengatik. Bi urte geroago, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenak absolbitu egin zuen Ballesteros. 1984an Miguel Pollan guardia zibila torturak egiteagatik zigortu zuen; torturengatik inor kondenatu zuten lehen aldia izan zen. Gainera, garai hartan Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean Zuzenbide Zibila irakasten aritu zen, Donostiako campusean.

1995ean, Espainiako Auzitegi Goreneko magistratu izendatu zuten; 49 urte zituen, eta auzitegiko kiderik gazteena zen. Goreneko zigor aretoan sinatu zituen sententziek arrastoa utzi zuten. Luis Roldan Guardia Zibileko zuzendari ohiari zigorra luzatu zion —1995etik 2005 kartzelan egon zen, ustelkeriagatik—, eta Gabriel Urralburu Nafarroako presidentea iruzurragatik epaitu zuen. Ondorioz, Urralburuk kargua utzi zuen, eta espetxean izan zen bi urtez, aurrerago.

2004an Espainiako fiskalburu izendatu zuten, eta Rodriguez Zapateroren agintaldi osoan izan zuen kargu hori. PPren inguruko ustelkeria kasuen eztandaren garaia izan zen; Conde-Pumpidoren mahaiaren gainetik igaro ziren Malaya, Gurtel eta Palma Arena kasuak, besteak beste.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente bihurtu zenean, Gorenera itzuli zen, eta 2017an bihurtu zen Konstituzionaleko kide, Senatuak proposatuta. Kataluniako prozesu independentistaren aurkako epaiketak izan ziren garai hartan, eta Konstituzionalaren rola ez zen bigarren mailakoa izan. Bere ibilbide profesionalaren gailurrera iritsi da Conde-Pumpido, Konstituzionaleko presidente bihurtuta.

PSOEren ingurukoa

PSOEren ingurukoa da Conde-Pumpido, eta Demokraziarako Epaileak antolakundearen sortzaileetako bat da. Horregatik ahalegindu dira Konstituzionaleko kide kontserbadoreak Conde-Pumpido presidente bihurtzeko aukerak blokeatzen. Horregatik babestu dute Balaguer.

PPk eta Voxek aurkeztutako hainbat babes helegiteri heltzea dagokio orain Conde-Pumpidok zuzendutako Konstituzionalari. Babes helegite gehienak Espainiako Gobernuak bultzatutako legeen aurkakoak dira: Abortuaren Legearen, Eutanasia Legearen, LOMLOE legearen, eta CGPJren erreformaren aurka, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bizitzeko gutxieneko errenta aitortzeko eta ordaintzeko eskumena lortu berri du, eta transferentzia horri aurkeztutako helegitea ere aztertzeko du Konstituzionalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.