Albistea entzun

Irungo alardea

Emakundek Santanori eskatu dio berdintasun plan bakar bat bidaltzeko

Elkarrekin Podemosek-IUk joan den hilean salatu zuen alkateak alardea «ezabatu» nahi izan duela hiriko V. Berdintasun Planetik, eta testuaren beste bertsio bat egin zuela horretarako, «ateak itxita» eta «ohiko administrazio prozesutik kanpo»

Emakundek Santanori eskatu dio berdintasun plan bakar bat bidaltzeko
Emakundek Santanori eskatu dio berdintasun plan bakar bat bidaltzeko Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2023ko urtarrilak 11

Irungo V. Berdintasun Planaren bi bertsio jaso dituzte Emakunden, eta bakar bat hautatzeko eskatu dio erakundeak Irungo alkateari, gutun baten bidez. Udaleko Berdintasun ordezkari Miren Etxebestek (Elkarrekin Podemos-IU) eman du gaur berria. Adierazi du alkateak eskutitza jaso izana «ezkutatzeko» ahalegina egin duela, baina Emakunderen bidez jakin dutela horren berri, eta horregatik atera nahi izan dutela argitara. Etxebesteren arabera, Emakundek esan du izen bereko bi agiri jaso dituela, eta «behin betikoa» zein den jakin nahi duela. Plana aztertu eta horren gaineko txostena eman behar du erakundeak, eta horregatik egin du galdera.

Elkarrekin Podemos-IUk Eguberrien aurretik eman zuen arazoaren berri, abenduaren 15ean. Udaletxean bertan egindako agerraldi batean Berdintasun ordezkari Miren Etxebestek salatu zuen Jose Antonio Santano alkatea ahalegindu zela hiriko V. Berdintasun Planetik alardearen gaia «ezabatzen», eta dokumentuaren bi bertsio zeudela horregatik.

Etxebestek abenduaren eman zituen argibideen arabera, planaren testua urriaren 27an egin zen Berdintasun Mahaian onetsi zen behin betiko; udal taldeen eta hiriko beste kolektibo askoren «ekarpenak» jasoak dituen dokumentua dela zehaztu zuen, eta jaso beharreko «kontraste guztiak» zituela. Dokumentu horretan tokia dute alardeari buruzko edukiek. Etxebestek kontatu zuenez, behin prozesu hori bukatuta, ordea, alardearen gaineko aipamenak testutik kentze aldera, alkateak «udal arautegitik kanpo» beste dokumentu bat hitzartu zuen talde politikoekin, eta aurrera ateratzea lortu zuen, gainera. PPren eta EAJren babesarekin onartu zen bigarren agiri hori.

Etxebestek agerraldi hartan esan zuen jatorrizko testua bidalia zuela berak Emakundera, eta Santanok ere berak bultzatutakoa bidaltzen bazuen plan beraren bi testu helduko zitzaizkiela. Irmo salatu zuen Etxebestek bigarren agiri hori ontzeko prozesua, jatorrizko dokumentua egiteko prozesua «normaltasun guztiz» egin zela argudiatu baitzuen, eta hortik kanpoko urratsek ez zutela zentzurik.

Gaia aipatu ere egin gabe

Bereizgarritasun hori izan dute orain arte Irunen egin diren berdintasun planek: ez dute inoiz «alardea» aipatu ere egin, hirian igaro hamarraldietan berdintasun faltarekin lotuta egon den arazo nabarmenenetariko bat izan den arren. Urteak daramatzate herritar askok alarde parekide baten alde borrokan, eta udalari eskatzen ari zaizkio egiteko horren aldeko urratsak. Oraindik alkateak ez du hautu horren alde egin inoiz, ordea, eta gutxietsi egin ditu beti alarde parekidearen alde ari diren gizon eta emakumeak; aldiz, beti izan ditu babes keinuak andreak baztertzen dituen desfilearentzat.

Udal gobernuan PSE-EErekin dago Elkarrekin Podemos-IU. Alardearen gaiaren gainean desadostasun agerikoak dituzten arren, gainerako gaietan «oso ados» daudela nabarmendu zuten Elkarrekin Podemos-IUko kideek abenduan egin zuten agerraldian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Erabilera da orain benetan indartu behar dugun esparrua»

Arantxa Iraola

UEMA handitzen ikusi du Lazkanok han kargua hartu zuenetik, harro: gainditzear dute ehun herriren langa. Kontrara, datuek erakusten dute, eta kaleetan ere sentitzen da, hiztun komunitateen trinkotasun galera.
German Rodriguez gogoratzeko plaka lehen lerroan, eta orotarria atzerago, 40. urteurreneko lore eskaintzan. / ©Foku

German Rodriguezen oroitarriko plakari eraso egin diote

Jon Ordoñez Garmendia - Ion Orzaiz

Sanferminak 78 gogoan elkarteak gogoratu du Memoria Leku dela oroitarria eta legeak agintzen duen modura jokatzeko eskatu die erakundeei.

Aralarren elkartu ziren hainbat lagun, gasbidearen aurka. ©ARALAR ZAINDU DEZAGUN

Makinak martxan ez jartzeko

Edurne Elizondo

Aralar Zaindu Dezagun plataformak manifestaziora deitu du Lekunberrin (Nafarroa), Nedgya enpresak Aralarko Babes Bereziko Eremuan egin nahi duen gasbide proiektua salatzeko.

Gurutze Gorria izurdearen gorpua uretatik ateratzen, atzo, Getariako (Gipuzkoa) Malkorbe hondartzan. ©Gipuzkoako Gurutze Gorria

Izurde bat hilda topatu dute Getarian

Berria

Bi metro inguru neurtzen zituen, eta ikertu egingo dituzte heriotzaren zergatiak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...